Udaltzaingoak astebururako aurreikusi duen dispositiboak hiriaren erdialdeko kaleen edukiera ikuskatuko du, baina ez toki finkoetan

Udaltzaingoak astebururako aurreikusi duen dispositiboak hiriaren erdialdeko kaleen edukiera ikuskatuko du, baina ez toki finkoetan
Iruñeaz kanpoko jendea etor daitekeela aintzat hartuta, Udalak gogorarazi nahi du aurten ez dagoela sanferminik

dispositivo de Policía Municipal

Udaltzaingoak astebururako aurreikusita duen segurtasun-dispositiboak hiriaren erdialdeko kaleen edukiera ikuskatuko du, baina uztailaren 6an ez bezala, ez dira toki batean geldirik egonen. Hala, modu ibiltarian eginen dute ikuskapena, eta uneren batean gune baterako ezarritako edukiera gainditzen dela antzemanez gero, sarbidea itxiko dute. Helburua da Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz ezarritako egungo segurtasun-araudia betetzen ez duten jende-pilaketak ekiditea.
 

Neurri hori hartu da aintzat hartuz Iruñeaz kanpoko pertsonak etor daitezkeela, bereziki Frantziako herrietatik, sanferminetako egun hauetan Iruñera etortzeko ohitura baitute. Ildo horretan, Udala biziki gogorarazten ari da komunikabide nahiz sare sozialen bitartez aurten ez dagoela sanferminik eta festak on line bizi daitezkeela.
 

Udaltzaingoak, Foruzaingoak eta Polizia Nazionalak parte hartuko dute polizien segurtasun-dispositiboan. Uztailaren 6an gehieneko edukiera ezarri zen Alde Zaharreko sei gune hauetan: Jarautan,137 lagun; San Nikolasen, 160; Pozoblanco - Comedias kaleetan, 71; Estafetan, 344; Caldererían, 287, eta Navarreríako plazan, 220.
 

Ostalaritza-establezimenduetan ere kontrolak
 

Kaleetakoaz gain, Udaltzaingoak ostalaritza-establezimenduetan ezarritako edukiera-maila betetzen dela ere kontrolatuko du. Oraindik ere establezimenduei egindako deia mantentzen da: ezin badute ezarritako arauak betetzen direla kontrolatu (edukiera, tartea gordetzea, maskarak erabiltzea...), musika itzali, argiak piztu, zerbitzatzeari utzi eta Udaltzaingoari abisu ematea, 092 telefono-zenbakira deituta. Udaltzaingoa berehala agertuko da egoerari aurre egiteko.
 

Lokalen barruan gehienez baimendutako edukiera % 75 da, edo 2,25 metro koadro erabiltzaile bakoitzeko, betiere erabilera publikorako baimendutako guneetan. Aire zabaleko terrazei dagokienez, udal-lizentzian ezarritako mahaien edukieraren % 100 izanen dute erabilgarri. Establezimenduen ordutegiek eta musika paratzeak ohiko araubideetan baimendutakoarekin bat etorri beharko dute.
 

Segurtasun-tartea –gutxienez 1,5 metro– gorde beharko da, edo, bestela, babes fisikoko neurri alternatiboak hartu, hala nola maskara erabiltzea. Horrez gain, ekipamendua sarritan garbitu eta desinfektatu beharko da, bereziki mahaiak, aulkiak, barra eta bestelako ukitze-azalak. Era berean, lokala garbitu eta desinfektatu beharko da, gutxienez egunean behin. Zerbitzu-elementu osagarriak –hala nola ontziteria, beirateria, mahai-tresnak nahiz mahai- eta ezpain-zapiak– toki itxietan gordeko dira, eta hori ezinezkoa balitz, bezero nahiz langileen pasaguneetatik urrun.
 

Egun hauetan, arduraz jokatuz, bizitza asko salba daitezke
 

Iruñeko Udalak gogorarazi nahi du, sanferminetako azken egunak izanen liratekeen horietan, aurten ez dagoela sanferminik eta arduraz jokatuz bizitza asko salba daitezkeela. Ideia hori eta 2021ean #BizikoDitugu-la aditzera emateko, Udalak bi helburu dituen komunikazio-kanpaina abiatu du.
 

Lehenengoa, azpimarratzea zer garrantzitsua den arauak betetzea gaixotasunaren agerraldi berririk ez gertatzeko. Horretarako, hiru bideo editatu dira, eta haietan osasun-krisian zehar eginkizun garrantzitsua izan duten pertsonak ageri dira, hala nola osasun-langileak edo adinekoak, baita festen bereizgarri direnak ere: La Pamplonesako, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako, Dugunako eta txistulari zein gaitero taldeetako kideak. Horrez gain, eskuorri bat banatu du Iruñeko etxe guztietako postontzietan, eta kartelak paratu saltokietan, honako oinarrizko arau hauen berri emateko: ez joan jende-pilaketak dauden tokietara; gorde distantzia, eta, ezin bada, erabili maskara; eskuak sarri eta minutu batez garbitu; errespetatu establezimendu bakoitzean ezarritako edukiera, eta gogoratu ez direla talde-ospakizunetarako egunak, ezta adeitsuki elkar agurtzekoak ere.
 

Kanpainaren bigarren helburua da datorren urtean festak egonen direla gogoraraztea eta, bitartean, on line entretenitzeko proposamenak eskaintzea sanferminetan ohikoak diren uneak, elementuak edo pertsonaiak abiapuntu harturik. Horretarako, Udalak #Los Viviremos leloa marrazten duen eskultura bat paratu du Gazteluko plazan, 12 metro luze eta ia 2 metroko altuerakoa, non iraganeko festetako une onak gogora ekartzen dituzten 1.538 argazki ikus daitezkeen. Gainera, losviviremos.pamplona.es webgunean pertsonalizatu daitezkeen gif-ak eskura daude, bai eta ginkana moduko proba txikiak dituen erronka bat, erreprodukzio-zerrenda musikal bat eta erraldoi pertsonalizatuak egiteko aukera ere.

¿Te ha sido útil esta página?