
Udaltzaingoak 740 salaketa jarri zituen iaz, desgaitasuna dutenendako aparkatze-txartelei lotutako arau-hausteengatik. Salaketa horietatik 624 arrazoi honengatik jarri ziren: desgaitasuna dutenendako aparkaleku-plazetan txartelik gabe aparkatzeagatik; gainontzeko 116 salaketetatik 54 txartela ikusteko moduan ez zegoelako jarri ziren, eta beste 62, aparkatzerakoan txarteletako bat desegoki erabiltzeagatik.
Ildo horretan, Iruñeko Udalak 73 txartel kendu zituen 2024an, eta txartel horietatik 43 beste Udal batzuetakoak ziren. Halaber, sei kasutan bide penala jarri dute abian, txartelen erabiltzaileei agiri-faltsutze delitua egotzi baitzaie. Aparkatze-txartelak pertsona fisikoei ematen zaizkie, eta bakoitza pertsonala eta besterezina da; horrenbestez, soilik kasu hauetan erabiltzen ahal da: txartelaren titularrak auto bat gidatzen duenean edo auto bateko bidaiaria denean.
Txarteletako bakoitzak dagokion toki entitateko berariazko kode bat du, eta jarraian, erabiltzaile bakoitza identifikatzeko zenbaki bat. Udaltzaingoak bilatzaile bat du, eta hari esker, erabiltzaileen txartel-zenbakia bilatzen ahal da, baita iraungitze-data eta indarraldia ere. 2022tik aurrera, Nafarroako Gobernuak desgaitasuna dutenendako aparkatze-txartelen erregistro bakar bat du, bikoiztasuna saihestu, eta erabilera desegokiak hobe kontrolatzeko.
Nolanahi ere, Udaltzaingoak jarri dituen zehapenen ondorioz, inputatuek 54.720 euroko zigor ekonomikoa jaso dute. Horrez gain, aparkatze arautua (eremu urdina) kontrolatzen duen kontratak iaz 503 ibilgailuri jarri zizkion salaketak, mugikortasun murriztua dutenendako aparkaleku-plazetan baimen-txartelik gabe aparkatzeagatik. Guztira, 1.243 salaketa jarri ziren hirian.
Desgaitasuna dutenei erreserbatutako tokietan txartel gabe aparkatzeak 200 euroko isuna dakar, eta ibilgailua garabiak eramatea; desgaitasun-txartela gaizki erabiltzeak 500 euroko isuna dakar, eta kasu batzuetan, garabiak ibilgailua eramaten ahal du.
Iruñeak 4.000 txartel baino gehiago eman ditu udal-mugartean; txartel horiek erreserbatutako eta geolokalizatutako 600 aparkaleku-plazatan baino gehiagotan erabiltzen ahal dira. Lur gaineko eta lurpeko aparkaleku-plazak dira, eta Iruñeko auzo guztietan daude. Desgaitasun bat aitortuta duten Iruñeko herritarrek txartela doan eskatzen ahal dute online, egoitza elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre Iratxeko Monasterioaren kaleko 2. zenbakian. Hauek aurkeztu beharko dira: nortasun-agiri tamainako argazki bat eta NANa. Eskatzaileek desgaitasun-ziurtagiri bat dutela egiaztatu eta gero, txartela beren helbidera bidaliko zaie.
Bestalde, dibertsitate funtzionala dutenek eremu urdinean, laranjan eta gorrian aparkatzen ahal dute, eta ez dute tiketik jarri beharko. Halaber, zamalanetako plazetan ere aparkatzen ahalko dute, betiere unean-unean eta denbora mugatu baterako. Azkenik, gainerako ibilgailuek zaintza-kameren guneetara (Alde Zaharra eta Arantzadiko meandroa) sartzeko erreserba egin beharko dute.