Udaltzaingoak 137 aldiz esku hartu du aurten Arantzadi parkean, eta 60 atestatu eta txosten izapidetu ditu, ia erdiak ebasketengatik

Udaltzaingoak 137 aldiz esku hartu du aurten Arantzadi parkean, eta 60 atestatu eta txosten izapidetu ditu, ia erdiak ebasketengatik
Udala zonalde hori berreskuratzeko plan bat lantzen ari da, hiriarendako 150.000 m2-ko birika berdea eta auzoak lotzeko ardatz izan dadin
casa soto

 

Iruñeko Udaltzaingoak, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, 137 aldiz esku hartu du Arantzadi parkean, igerilekuek eta negutegiek hartzen duten gunean burututako ekintzak ere barne hartuta. Etxerik gabeko hainbat pertsonak negutegi horietan igarotzen dute gaua. Udaltzaingoak etengabe monitorizatzen du meandroko egoera, izan ere, hilabete hauetan, batez beste, astean 3,5 dei eragin baititu.

Udaltzaingoaren Ekintzen Koordinazio Zentroak (EKZ) jasotako 137 abisuetatik, dei gehien bildu dituen kategoria bizikidetzari buruzko kexa edo abisuena izan da (18), eta, ondoren, premian zeuden pertsonen abisuak eta sute-abisuak (bakoitzetik 14 erregistratu dira). Hirugarrenik, ebasketei lotutako deiak daude (12). 48 dei horiek dei guztien herena baino gehiago dira (% 35).

Parke osoan eginiko esku-hartze polizialen % 43,7tan, atestatuak edo txostenak izapidetu dira behatutako edo salatutako gertaerengatik. 60 atestatu horietatik 1 sexu-erasoagatik izan da, 3 pertsonen aurkako indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretagatik, 11 gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretagatik (horietatik 9 ibilgailu barruan) eta 27 ebasketa desberdinengatik. 7 kasutan, akusazioa kalteengatik izan zen.

Arantzadi parkeak, 150.000 metro koadrotan berdeguneak, plazak eta pasealekuak ditu, hiriko erreferentziazko guneetako bat da, Iruñeko bigarren berdegune handiena Gaztelugibelaren atzetik, eta Arrotxapea eta Txantrea auzoen arteko lotura egiten du. Meandroak, bazterretako baratze eta Arga ibaiaren ur-goraldiko basoaz gain, hainbat barne-bide ditu, eta plaza bat ere bai, erdiko gunean, garaiaren inguruan, bertan egoteko eta jolasteko guneekin. 

Une honetan Iruñeko Udala eremua berreskuratzeko plan bat lantzen ari da, eta bertan hainbat jarduketa biltzen dira. Alde batetik, Soto Etxea birgaitzeko lanak eginen dira, nekazaritza ekologikoko zentro bihurtzeko, eta jarduera horretan diharduten ikasleendako bizilekuak ere izanen ditu. Bestetik, Udalak bere jabetzakoak ditu, 2008az geroztik, Kirolgunearen eta Gurbindo Etxearen arteko lurzatian dauden Arraiza Etxea izenez ezagutzen dena (1915ekoa), eta Gonbidatuen Etxea (XX. mendearen erdialdekoa), zerbitzuan jartzeko bi azpiegitura gehiago. Azkenik, Irubide ikastetxearen ondoko biribilgune berritik El Molino ikastetxearen ondoko Zigandaren errotako presaren pareko Vergel kalearen elkargunera doan tartean, oinezkoendako eta bizikletendako pasabide berri bat eginen da. Ia 100 metro luze eta 7 metro zabaI izanen da, eta hegalkin baten antzera taxutuko da, tenkagailuz eutsitako Corten altzairuzko habe baten gainean.

Arantzadi birika berde eta konexio-ardatz gisa birdiseinatzeaz gain, parkeak bere diseinuari esker ingurumen-jasangarritasuna eta -hezkuntza bultzatzeko balio dezala lortu nahi da, baita espazio horren erabilera tradizionalei balioa ematea eta ekonomia zirkularra sustatzea ere, baliabide naturalen eta energiaren erabilera minimizatuko duen ekoizpen-eredu gisa.

¿Te ha sido útil esta página?