Udaletxeko lehen solairuko (Oin nagusia) hiru balkoien protagonista diren bederatzi lehoi zutituak urre kolorekoak dira berriz ere, burdin sarea osatzen duten metalezko beste 12 lehoiak bezala. Hori da fatxadako brontzezko, burdinazko eta letoizko elementuak zaharberritu izanaren berritasun ikusgarriena. Iruñeko Udalak CYR-PA Conservación y Restauración del Patrimonio enpresari enkargatu zizkion zaharberritze lan horiek eta urtarrilean egin dira plataforma jasotzailearen laguntzarekin.
Esku-hartzeko prozesua egin bitartean langile espezializatuek animalien irudietan (hiru balkoi bakoitzeko) zilarrezko estalduraren azpian zegoen geruza urreztatua berreskuratu zuten. Hala, Udaletxeko fatxadan metalean irudikatutako 21 lehoiek dagoeneko itxura homogeneoa dute.
Fatxadan bi balkoi-sorta daude, lehen solairukoa korritua eta bigarren solairukoa hiru elementu irten dituena. Itxura frantsestuko burdinsareak Salvador de Ribas burdingileak diseinatu zituen, herrialde hartako ereduak erreferentzia hartuta. Balkoiez, ate nagusiko hesiez eta beheko solairuko leihoez gain, Justiziaren eskulturaren ezpata eta balantzaren arkua ere garbitu dira, herdoil zantzuak baitzituzten. Inbertsioak 11.816 euro jo du.
Udaletxeko fatxada 1755 eta 1760 artean egin zen José de Zay eta Juan Lorenzo Catalán arkitektoen eskultura sorta osoaren planoak oinarri hartuta. 1952an José Yárnoz Orcoyenen planoak oinarri hartuta egin zen birmoldaketak fatxada bere horretan utzi zuen. Urteetan zehar fatxadan finkatze- eta mantentze-lan ezberdinak egin dira, bai eta pintura eta berniza emateko hainbat esku-hartze ere. Azkenekoa 2022an, bigarren solairuko balkoien urre-koloreko elementuei tratamendua eman zitzaienean.
2. graduko katalogazioa
Zaharberritu diren metalezko elementuen antzinatasuna, izaera artistikoa eta estiloa direla eta balio historikoko obratzat hartzen dira eta, hori dela eta, Iruñeko Alde Zaharraren Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Berezian 2. babes gradua dute. Horregatik, joan den hilean egin zen brontzezko, burdinazko eta letoizko elementuen zaharberritzea antzeko proiektuetan eskarmentu egiaztatua duten espezialistek egin dute Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argibideak jarraituz.
Zaharberritze-lanak desberdinak izan dira elementu motaren arabera. Hala, adibidez, estaldurarik gabeko metalezko elementuetan, balkoiak errematatzen dituzten brontzezko elementuetan kasu, garbiketa kimikoa egin da zikinkeria eta patina irregularrak kentzeko eta gero babes-geruza bat aplikatu zaie. Pintatutako azaleretan, batez ere balkoietan eta burdin sareetan, harrotutako hondarrak kendu eta herdoilarekiko erresistentzia handiko babes-akaberaz pintatu dira berriz. Pintatzeaz arduratu den enpresa Matiz Aplicaciones SL izan da.
Metalezko 21 lehoi eta harrian egindako lau
Udaletxeko fatxadan hiriaren armarriko protagonista den lehoiaren 25 irudi daude. Horietatik, 21 balkoietako hesietan daude, 9 solairu bakoitzean. Beste lau harrian landuta edo zizelkatuta daude. Hiru errematearen gainean daude: Nafarroako eta Iruñeko armarriak eusten dituzten bi lehoi exentu, eta, azken elementu horretan, erliebean eginiko lehoi bat. Gainera, ate nagusiaren buruan, hura markoztatzen duen arkuaren erdigunean, harrian egindako medailoi bat ikus daiteke, eta horren barruan, berriz ere, lehoi baten irudia dago.
Esku-hartze horretan metalezko 21 lehoiren gainean, sakon esku-hartu ere. Garbiketan lehen solairuko 9 lehoien jatorrizko urre-kolorea berreskuratu da, eta dekorazioa erretxina akriliko bat aplikatuz finkatu da, eta mika eta erretxina akrilikoa erabiliz berrezarri da. Gainera, gainazal osoa saneatu da antzemandako herdoil puntuetan tratamendua eman eta amaitzeko inprimazioa jarrita animalia guztien irudietan.
Diseinuaren bitxikerietako bat da irudikatuta dauden lehoiak, Karlos III.a Noblearen Batasunaren Pribilegioan egiten den hiriko armarriaren deskribapenaren arabera, ibilian agertu beharko luketenak (hiru hanka lurrean eta hanka bat altxatuta), zutitu gisa irudikatuta daudela (bi hanka lurrean eta bi altxatuta, posizio erabat bertikalean).
“Justiziaren” ezpata
Udaletxeko sarrerako atearen alde banatan dauden bi eskulturetako baten metalezko elementuetan ere esku-hartu da: José Jiménezen “Justizia” obra. Egile horrenak dira Udaletxeko fatxadako eskultura multzoko gainerako lanak ere: “Hérculesak”, “Famaren” alegoria eta Nafarroako eta Iruñeko armarriak (atikoan daude guztiak), bai eta “Zuhurtziaren” irudia ere (ate nagusiaren beste aldean).
Eskulturak metalezko bi elementu eusten ditu: platertxoak dituen balantza baten arkua eta ezpata bat, herdoilduta zeudenak. Langile espezializatuek garbitzeko, herdoila mekanikoki ezabatu eta eragozteko tratamendua egin dute, eta, ondoren, erretxinazko eta argizari mikrokristalinozko babes-geruza bat aplikatu dute. "Justiziaren" estatua hainbat esku-hartzeren xede izan da XVIII. mendeko 50eko hamarkadan Udaletxe berriaren fatxadan jarri zenetik; izan ere, obra aire zabalean eta kalean bertan dago, eta, beraz, klimatologiaren eta bandalismoaren eraginez hondatuta daude.
Metalezko elementuen gaineko esku-hartze garrantzitsuena 2007an eta 2008an egin zen. Orduan, jatorrizko ezpatatik irudiaren eskuineko eskuak heltzen zuen harrizko heldulekua baino ez zen geratzen, elementu hori 1993tik desagertuta baitzegoen. Alegoria horren beste elementu bereizgarria, balantza (ezkerreko eskuan), bertan zegoen, baina arkua, jatorrizkoa ez zena, desmuntatuta zegoen (herdoilduta eta askatuta).
Orria eta babesa (ezpataren eskutokiaren eta orriaren artean zeharka txertatzen den eskuaren babes-elementua), berriz, burdinlan berriak dira,Talleres de Forja de Juanto (Zangoza) forja tradizionalean espezializatutako lantegian eginak. Hori lortzeko, 2007an, La Catedral zaharberritze-arloko enpresak Erdi Aroko arma horien tipologiari buruzko ikerketa bat egin zuen. Babesak eta orriak 80 cm-ko luzera dute. Orria nahita dago puntarik gabe, eta lerro lauzko forma du, erdialdean lodixeagoa delarik.