
Astearte honetan Erizainen Nazioarteko Eguna izanen da; Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluak 1965etik bultzatzen du egun honen ospakizuna, mundu osoko 28 milioi gizon, baina batik bat emakume gogoan hartuz. Aurten gainera, Erizain eta Emaginen Nazioarteko Urtea ere ospatuko da, izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, profesional horiek zeregin erabakigarria dute osasun-zerbitzuetako lehen lerroan, sarri askotan baldintza zailetan, bai eta haien komunitateetako lehen arreta-guneetan ere.
Erizaintzako langileei babesa emateko, 2020. urte honetan ere lehen lerroan ari baitira COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiten eta kutsatzearen ondorioak pairatzen, Iruñeko Udalak urdinez argiztatuko du bihar Udaletxeko fatxada. 1974tik aurrera data honek bat egiten du “Lanpararen dama” izenez ere ezagutzen den Florence Nightingale, erizain, idazle eta estatistikari britainiarraren jaiotegunarekin. Erizaintza profesionalizatzeko oinarriak berak ezarri zituela esan ohi da, 1860an Erizaintzako lehen eskola laikoa sortu baitzuenLondresko Saint Thomas Ospitalean. Udaletxeko fatxadaz gain www.pamplona.es webgunearen ataria eta sare sozialak ere urdinez tindatuko ditu Udalak.
Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluak OMEri eskatu dio dagoeneko 2020ko ospakizuna hurrengo urtera ere luzatzeko, lanbide honen garrantzia mundu osoan aldarrikatzen jarraitzeko. Erakunde honek berriki egindakotxosten batean dio planetako erizainen kopurua % 20 handitu beharko litzatekeela Garapen Jasangarriaren Helburuak bete, biztanleriaren zahartzeari erantzun bat eman eta abarretarako. Espainian zehazki, kopurua handitzeak sektorean 120.000 profesional gehiago beharko liratekeela esan nahiko luke, Europako batezbestekora iristeko.