1996ko uztailaren 17an Frantziako Tourra Iruñean egon zen. Itzuli frantsesak urte hartan Iruñean helmuga zuen etapa bat antolatu zuen Miguel Induráini omenaldia eta aintzatespena egiteko asmoz, aurreko bost Tourrak irabazteagatik. Hamazazpigarren etapa izan zen, 262 kilometrokoa, Argelès Gazost eta Iruñearen artean, eta Pio XII.aren etorbidean zegoen helmugan amaitu zen. Bihar, larunbatarekin, Frantziako Tourra Iruñera heldu zeneko 25. urteurrena beteko da, eta hura gogora ekartzeko Udalak Udaletxeko fatxada horiz argiztatuko du.
Iruña kalera atera zen udako egun hartan Tourrean gogoratzen diren etaparik luzeenetako bati aurre egin behar zion txirrindulari tropelari harrera egiteko, eta, gainera, lasterketako ohiko hiru asteetako azkenean. Itzuli frantsesa Belosoko Aldapatik sartu zen Iruñean, eta Nafarroa Behereko etorbidea, Merindadeen eta Vianako Printzearen plazak, Oliveto Kondearen etorbidea, Bakearen plaza, Armada etorbidea eta Pio XII.aren etorbidea zeharkatu zituen; azken horretan paratu zuten helmuga. Ibilbide guztian, hiru kilometro baino gehixeago, milaka lagun hurbildu ziren lasterketa aurrez aurre ikusi eta txirrindulari guztiei animoak emateko.
Etapa Laurent Dufaux frantsesak irabazi zuen, zazpi ordutik gora bizikleta gainean egon ostean. Sprintean Bjarne Riss mendean hartu zuen, maillot horiaren jabea eta urte hartako Frantziako Tourraren irabazlea. Miguel Induráin 19. postuan heldu zen helmugara, garailearengandik 8 minutu eta 30 segundora. Induráin jada bere seigarren Frantziako Tourraren lehiatik kanpo egon arren, antolakuntzak nafarraren ibilbidea goretsi nahi izan zuen. Omenaldi gisa, egun hartan Iruñeko podiumera igo zen bere zale guztien txalo zaparrada jasotzeko. Bjarne Riisek berak ere Tourreko liderra izateagatik eman zioten lore sorta eman zion, txirrindulari nafarraren ibilbidea aitortzeko. 1991, 1992, 1993, 1994 eta 1995ekoak irabazi ostean, 1996koa izan zen Indurainen azken Tourra, 1997ko urtarrilean txirrindularitza utzi baitzuen.