Ostegunean Iruñeko Udaletxeko fatxada gorriz argituko da, urtero urriaren 24an izaten den Poliomielitisaren aurkako Mundu Egunaren kariaz. Horrela, Udalak babesa erakutsiko du, bost urtetik beherakoek –bereziki– pairatzen duten gaixotasun hau desagerraraztea helburu duten ekimenen alde.
Poliomielitisa oso gaixotasun kutsakorra da; nerbio-sistema hartzen duen birus batek eragiten du eta ordu bakar batzuen buruan paralisia eragiten ahal du. Osasunaren Mundu Erakundeak azpimarratzen duenez, birusa nagusiki gorotz eta aho bidez kutsatzen da pertsonen artean, eta batzuetan, ura edo elikagai kutsatuak hartzeagatik. 200 kasuetatik batean, ohiko sintomek (sukarra, nekea, goitika eta gorputz-adarretako mina) paralisi sendaezinera eramaten dute. Kasu horietan % 5 eta % 10 bitarte hil egiten dira arnas muskuluen paralisiagatik.
1988an Poliomielitisa Munduan Desagerrarazteko Ekimena sortu zenetik, Osasunaren Mundu Erakundea buru, poliomielitisaren aurkako borrokan egindako urratsak oso garrantzitsuak izan dira. Ez alferrik, denbora horretan eta munduan, kasu kopurua % 99z murriztu da, 350.000tik aurtengo 33ra. Halere, osasun-agintariek ohartarazi dutenaren arabera, gelditzen diren hondarreko kasu hauek desagerrarazten ez badira, hamar urte barru mundu osoan 200.000 kasu gehiago egon litezke urtero. Oraingoz, Ameriketan, Pazifikoko Mendebaldean eta Europan poliomielitisik ez dagoela egiaztatu da. 2014an Osasunaren Mundu Erakundeak egiaztatu zuen Asiako hego-mendebaldeko eremuan ere poliomielitisik ez zegoela; hortaz, polio-birus basatiaren kutsatzea eten da 11 herrialdetako multzo horretan, Indonesiatik Indiaraino. Horri esker, 16 milioi paralisi-kasu ekidin dira.