‘Flamenco on fire’ jaialdiak bihartik igandera, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, flamenkoaren artea hiriko gune adierazgarrienetako batzuetara eramanen du. Hala, Udaletxeko balkoietan, eguerdiro, kontzertu bat eginen da, eta plazan jarritako aulkietatik ikusteko aukera egonen da, barruti mugatu batean eta edukiera mugatuaz. Arratsaldeko zazpietan errezitalak Kondestablearen jauregiko patiora helduko dira eta zortzietan beste hitzordu bat hasiko da Ezpeletaren jauregiko patioan. Halaber, larunbatean eta igandean ‘Flamenco on fire’ jaialdia Iruñeko Udalak udan Ziudadelan instalatu duten agertokiraino helduko da. Ikuskizunetarako sarrerak, oraindik agortu ez direnak, https://www.flamencoonfire.org webgunean eskura daitezke.
‘Flamenco on fire’ jaialdiko aurtengo edizioko ‘kaleak, balkoiak eta patioak’ zikloa Iruñera dator ostegunetik igandera bitarte, Udalarekin elkarlanean abian jarri diren hamabost bat proposamenekin, hiriko gune adierazgarrietan. Horrela, hitzordu honen aurreko edizioetan ohikoa den bezala, Udaletxeko balkoia agertoki berezi bihurtuko da eguerdian. Ostegunean Inés Bacán eta Antonio Moyaren artea egonen da entzungai, eta ostiralean Dolores ‘La Agujetas’ eta Domingo Rubichi izanen dira.
Larunbatean, eguerdiko12:00etatik aurrera ere, El niño de Elche eta Raúl Cantizano izanen dira bertaratutakoak hunkituko dituztenak, eta azkenik, igandean, Pansequito eta Miguel Saladok emanen diote buru zikloari. Emanaldiak Udaletxe plazatik ikusten ahalko dira, gune zedarrituan eta edukiera mugatuaz. Ikusle gisa joateko, sarrera bat izatea beharrezkoa da, eta sarrerak jaialdiaren webgunearen bidez banatu eta dagoeneko agortu dira.
Flamenkoa bi jauregitan eta gotorleku-barruti batean
Aurten 'Flamenco on fire' jaialdiko partaideen artea hartuko duen beste agertokietako bat Kondestable jauregiko patioa da, eta arratsaldero, ostegunetik igandera bitarte, zazpietatik aurrera kontzertu bat egonen da. Rycardo Morenok abiatuko ditu hitzorduak, eta bide emanen die ostiralean arituko diren Inés Bacáni eta Antonio Moyari. Larunbatean, ordu berean, Juanjo Navas eta Enrique ‘El Vaca’ iritsiko dira, eta igandean, Yerai Cortések buru emanen die proposamen horiei. Ordubete geroago, egunero, flamenkoa Ezpeletaren jauregiko patiora lekualdatuko da, non bere artea erakutsiko baitute Dolores ‘La Agujetas’-ek eta Domingo Rubichik ostegunean, Rycardo Morenok eta Ané Carrascok ostiralean, David Carpiok eta Francisco Vinuesak larubatean eta Diego del Moraok eta Israel Suárez ‘Piraña’-k igandean, zikloari bukaera emateko.
Ziudadelara ere eramanen du aurten jaialdi honek flamenko musikaren kutsurik garbiena, larunbatean eta igandean eginen diren lau kontzerturekin, Iruñeko Udalak aire zabaleko jarduerak gune zedarritu batean eta edukiera mugatuaz eskaintzeko instalatu duen agertokian. Sarrerak https://www.flamencoonfire.org jaialdiaren webgunean eskura daitezke. Ikusle bakoitzari eserleku bat esleituko zaio eta uneoro maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da.
Larunbatean, 18:00etan Frank Mazak hasiera emanen die agertoki horretako kontzertuei tradizioa dimentsio berri batera daraman proposamen batekin, eta hala instrumentu elektronikoez nola bere bandak egiten dakienaz baliatzen dena. Bigarren hitzorduan, 19:30etik aurrera, Francisco Contreras Molina ‘El niño de Elche’-k hartuko du gidaritza, eta ‘Antología del cante flamenco heterodoxo’ izeneko bere proposamen artistikoa taularatuko du. Igandean, arratsaldeko seietatik aurrera, flamenkoa Ziudadelara bueltatuko da Luis Moreno ‘Big Lois’-en eskutik, flamenko-tradizioa rap eta R & B generoetara zabaldu den belaunaldi berri baten ordezkaria. Amaitzeko, 19:30ean, agertokian lekukoa hartuko diote Juanito Macandéren berezkotasunak eta sormenak, zeinak ‘La raíz del viento’ ikuskizuna aurkeztuko baitu.
Iruñeari estu lotutako kultur- eta arte-proposamena
'Flamenco on Fire' jaialdia 2014an sortu zen Iruñean, flamenkoaren adierazpen ezberdinak islatuko zituen ekimen kultural aitzindari bat sortzeko asmoz. 'Flamenco on Fire'-k urtero biltzen ditu Nafarroan flamenkoaren diziplina guztietako artista finkatuenak eta gorantz doazen talentu berriak. Jaialdiak, Sabicas maisuari omen egin eta haren ondarea azpimarratzeaz gain, gai berri bat txertatzen du edizio bakoitzean, diseinu garaikide batez programazio osoa blaitzen duena. Urte honetakoak ‘Zer da flamenkoa?’ galderatik sortutako gogoeta dauka funtsa.