Gaur arratsaldean, Iruñeko Udalak eta hiriko Kultur Aniztasunaren Foroan ordezkariak dituzten elkarteek herritarrekin batera ospatu nahi izan dute Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna, NBEk 2002an ezarria. Arratsalde partean egin da ekitaldi sinbolikoa Udaletxeko ezkaratzean, eta Iruñeko Udalaren adierazpen instituzionala irakurri aurretik, munduko musikak nahastu dituen saio bat eskaini da, DJ baten eskutik.
Konpromiso hori irakurri ondoren, Udalbatzako kideek eta foroan parte hartzen duten elkarteetako zenbait ordezkarik -asko haien jantzi tradizionalak soinean zituztela- aniztasunaren alde topa egin dute, aniztasuna baita, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera "gizateriaren ondare komuna", eta "halakotzat hartu behar dugu, eta sendotu, oraingo eta hurrengo belaunaldien mesedetan". Ildo horretan egiten du lan Iruñeko Kultur Aniztasunaren Foroak, zeina 2017aren amaieran sortu baitzen, xede hartuta hiriko pertsona ororen aukera-berdintasunaren eta eskubideen alde lan egitea, pertsona horien jatorria edozein delarik ere.
Gogoeta estrategiko horretan parte hartzen dute 70etik gora elkartek, eta gaur, honako hauek egin dute topa Udaletxe plazan, besteak beste: Flor de África, NABDA, Gaz Kalo, Nafarroako Argentinarren Etxea; Así es Bolivia; Nafarroako Kamerundarren eta Lagunen Elkartea, ASOCOLON, APROE, Virgen del Cisne, Papeles y Derechos Denontzat Herritarren Plataforma, Rosa de Bulgaria, Llajwas Bolivia kultur taldea, Mujeres del Maíz, Amapolas, Munduko Medikuak eta Integración Sin Fronteras.
Udalaren konpromisoa inklusioaren eta elkarrizketaren alde
Gaur goizeko Herritarren Aferen Batzordean onetsi dute Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna babesteko adierazpen instituzionala, non pozgarritzat jo baita Iruñeak eta bertan bizi diren herritarrek duten kultur aberastasuna. Adierazpenean zenbait konpromiso instituzional jaso dira, eta jendaurrean irakurri dituzte Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko zinegotzi ordezkari Manuel Millerak eta Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Haiekin batera, Nafarroako Argentinarren Etxeko kide Silvia Marconik ere irakurri du adierazpenaren zati bat.
Testuan jasotakoaren arabera, Udalak konpromisoa hartzen du ondare hori babesteko, zaintzeko eta berau sustatze aldera laguntza emateko, betiere "elkarren arteko aitortza eta harremanak oinarri izango dituzten kulturarteko elkarbizitza-ereduen alde eginez". Horrez gain, Udalak "aldaketak sustatuko ditu kultur gutxituek pairatzen dituzten bazterketa-, diskriminazio-, ikusezintasun- eta desberdintasun-dinamiketan, arreta berezia jarrita hiriko herritar migratu eta atzerritarrek herritar osoak izateko duten eskubidean". Zentzu horretan, Udalak "bultzada emango die kulturarteko elkarrizketari bide ematen dioten politika inklusiboei, aniztasun horren ordezkari diren pertsona eta kolektibo ororen parte-hartzea sustatuta".
Hainbat kultura eta hizkuntzatako mosaikoa
Horren guztiaren metafora gisa, ekitaldian 1,80 metroko diametroa duen mahai zirkular berezi bat prestatu da, protokolo-arauen arabera formarik onena duena mahaikide guztien arteko berdintasuna bermatzeko. Gainera, galako mahaia zen mahai-zapi koloretsuari esker: foroko elkarteek -beren kulturetako ordezkari izateagatik hautatuak- egin duten patchwork zati bat, elkarte horiek ekarritako oihalkiak edo tapizak gehituz sortua. Ebaketa eta jantzigintzako udal lantaldeko 11 lagunek josi dute eskuz mahai-zapia. Hain zuzen, gaur egun, zazpi nazionalitate ezberdineko lagunak daude gizarte enplegu babestuko programa horretan. Mahai-zapiaren diseinu, kolore, testura eta konposizioak lan komuna eta partekatutako emaitzak irudikatu nahi zituzten; azken finean, mahai-zapia hiriko biztanleen sinboloa izatea nahi zen.
Izaera sinbolikotik harago, mahai-zapiak agerian utzi du erabilgarria dela, izan ere, haren gainean jarri dira zukuak ez ezik, alkoholik gabeko 100 cava kopa baino gehiago ere, brindisa egiteko baliagarri izan direnak. Kopak altxatzeko unean, foroan parte hartzen duen elkarte bakoitzak honako hitz hauek esan ditu bere hizkuntza eta doinuaz: "... Elkarteak topa egiten du aniztasunaren alde". Ondoren, Joseba Asiron alkateak amaiera eman dio ekitaldiari.
Ekitaldiaren hasieran eta amaieran munduko musikak izan dira protagonista, eta, kasu honetan, berriro ere xede sinbolikoarekin: disc-jockey bat aritu da ekitaldia girotzen, alegia, hainbat konpositore eta artistaren obrak aukeratuz eta nahastuz balio erantsiko beste lan berri bat sortzen duen artista. Aurreko egunetan, foroan parte hartzen duten elkarteek beren herrialdeetako musika-pasarteak eman zizkioten Juan Ángel Perotxena DJari.