Udaletxeak ateak irekiko dizkie herritarrei Batasunaren Pribilegioa eta hiri modernoaren sorrera ospatzeko, 800 leku eskainita doako bisita gidatuetan

Udaletxeak ateak irekiko dizkie herritarrei Batasunaren Pribilegioa eta hiri modernoaren sorrera ospatzeko, 800 leku eskainita doako bisita gidatuetan
Izen-emateak ostiraletik aurrera egin daitezke pamplona.es webgunearen eta 010 telefonoaren bidez, irailaren 2tik 9ra bitarteko ibilbideendako
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak doako bisita gidatu batzuk antolatu ditu Udaletxera, Batasunaren Pribilegioa ematearen bidez hiri modernoaren sorrera ospatzen duen eguna gertu baitugu. Irailaren 2tik 9ra bitarte, 32 taldetan lekuak eskainiko dituzte, gaztelaniaz eta euskaraz, 100 leku baino gehiago egunean, batez beste. Talde bakoitzean, gehienez ere 25 pertsona egonen dira, 800 leku guztira, eta pertsona bakoitzeko izen-emate bakarra erregistratuko da. 6 urtetik beherakoek ez dute aldez aurretik izena eman behar.

Izen-emateak ostiraletik aurrera egin daitezke 010 (948 420100) herritarrendako informazio-telefonora deituta edo udal-webguneko https://www.pamplona.es/eu/bisita-gidatuak-udaletxean-barna orriaren bitartez, zeinak azalean aukera horretarako zuzeneko sarbidea izanen baitu. Lekuak eskaerak egindako hurrenkerarekin bat esleituko dira.

Aurten ere, Batasunaren Pribilegioaren karietara antolatutako ekitaldien artean, eta sarrerako ateburuak dioen bezala (“Patet omnibus jauna, cor valde magis” / “Atea denontzat dago irekita, baina, batik bat, bihotza”), Udaletxeak bisita gidatuetan parte hartzeko aukera emanen die herritarrei, gaur egungo eraikinaren historia, haren aurrekariak eta mendeetan zehar izan duen eginkizun sinbolikoa eta ordezkatzailea ezagutzeko.

Berrogei minutuz, bisitariek aukera izanen dute hiriaren eta protokolo-harremanen kudeaketa egiteko erabiltzen diren gela eta guneetan barna ibiltzeko (besteak beste, Osoko Bilkuren aretoa, Alkatearen bulegoa eta Harrera-aretoa), Iruñeko balkoirik ezagunenera ateratzeko –sanferminei hasiera ematen dien txupinazoa jaurtitzen den gunera– eta ‘Solairu noblea’ izenekoan dagoen gunerik sinbolikoenetako batean ezkutatzen den kapera bisitatzeko. Udaletxearen barruan, halaber, hainbat elementu artistiko daude (koadroak, eskulturak, argazkiak, oihal brodatuak, armarriak...).

Jakina, bisitak eraikinera sartzeko ezkaratzean eginen du geldialdia, bertan baitaude ikusgai Udal Artxiboan zaintzen den Batasunaren Pribilegioaren faksimilea, antzinatik udal-boterearen ikurra diren zilarrezko mazoak –gaur egun oraindik ere botere hori adierazten dute desfileetan eta prozesioetan eramaten direnean–, edo hiriko giltzak, nahiz eta beira-arasan daudenak bisitari famatuei Iruñera heltzen zirenean ematen zizkietenak diren, hiriko harresien ateetako ‘erabilera’ giltzen kopia estilizatuak. Azken horien laginak ere badaude Osoko Bilkuren aretoan.

Eta bisita birtualari ere irekita
Zer bisitatuko den jakin nahi duenarendako edo ibilbide horietara bertaratu ezin direnendako, badago beste aukera bat: bisita birtuala. 2020ko azaroaz geroztik, Iruñeko Udalak hura udal-webgunean eskaintzen du, https://www.pamplona.es/eu/visita-virtual-casa-consistorial estekaren bidez.

Aplikazio horrek aukera ematen die erabiltzaileei udal-gela guztietan barna ibiltzeko, eta interesguneak markatzen ditu, non intereseko elementu eta toki bakoitzari buruzko xehetasunen informazioa ematen den. Bisita gaztelaniaz eta euskaraz egin daiteke, eta, halaber, musikaz lagunduta. Iraileko lehenengo egunetan, baliabide digital horretara sartzeko aukera ere egonen da www.pamplona.es/eu Iruñeko Udalaren hasierako orrialdeko goiburuaren bidez.

BISITA GIDATUEN ORDUTEGIAK

•    Irailak 2, ostirala:
o    12:00, gaztelaniaz
o    13:00, gaztelaniaz
o    17:00, gaztelaniaz
o    18:00, euskaraz
o    19:00, gaztelaniaz
o    20:00, gaztelaniaz

•    Irailak 3, larunbata:
o    11:00 gaztelaniaz
o    12:00, gaztelaniaz
o    13:00, euskaraz
o    17:00, gaztelaniaz
o    18:00, euskaraz
o    19:00, gaztelaniaz

•    Irailak 4, igandea:
o    11:00, gaztelaniaz
o    12:00, gaztelaniaz
o    13:00, euskaraz
o    17:00, gaztelaniaz
o    18:00, gaztelaniaz
o    19:00, gaztelaniaz

•    Irailak 5, astelehena:
o    12:00, gaztelaniaz
o    13:00, gaztelaniaz
o    17:00, gaztelaniaz
o    18:00, euskaraz
o    19:00, gaztelaniaz

•    Irailak 6, asteartea:
o    17:00, gaztelaniaz
o    18:00, euskaraz
o    19:00, gaztelaniaz

•    Irailak 7, asteazkena:
o    17:00, gaztelaniaz
o    18:00, euskaraz
o    19:00, gaztelaniaz

•    Irailak 9, ostirala:
o    17:00 gaztelaniaz
o    18:00, euskaraz
o    19:00, gaztelaniaz

 

¿Te ha sido útil esta página?