Udaleko hainbat alorrek bilera egin dute Alde Zaharrean egiten diren ekitaldiak deszentralizatzeko balioko duten irizpide bateratuak ezartzeko

Udaleko hainbat alorrek bilera egin dute Alde Zaharrean egiten diren ekitaldiak deszentralizatzeko balioko duten irizpide bateratuak ezartzeko
Helburua da herritarrei kultur eskaintza hurbilekoa, doakoa eta kalitatezkoa izateko aukera ematea haien bizilekua edozein dela ere
reunión descentralización actividades

 

Iruñeko Udalak alorren arteko lehen bilera egin du irizpide bateratuak ezartzeko hiriko Alde Zaharreko ekitaldien pilaketa arintze aldera. Helburua da alor bakoitzak beste auzo batzuetara eramaten ahal diren ekitaldiak identifikatzea eta sailkatzea, urriaren 3ko Osoko Bilkuran aho batez onartutako adierazpenari jarraiki. Adierazpen horrek hiriko zenbait kultura-, jai- eta kirol-ekitaldi periferiako auzoetara deszentralizatzea auspotzen du, herritar guztiek, beren bizilekua edozein dela ere eskura izan dezaten gertuko, doako eta kalitatezko kultur eskaintza.

Lehen topaketa honetan honako hauek parte hartu dute: Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko alorreko zinegotzi Maider Beloki Unzuk eta Iñigo Gomez Eguiluz zuzendariak; Zaloa Basabe Gutierrez auzoko zinegotziak; Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako alorreko zinegotzi Endika Alonso Irisarrik, Juan Manuel Gil Larequi alorreko zuzendariak eta Josetxo Romero teknikariak, eta Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Mikel Armendariz Barnecheak. 

Bileran Alde Zaharrean eragina duten ekitaldiak eta, gaueko aisiaren eraginen eta baimendutako jardueren eraginen arteko aldeak aztertu dituzte. Kirol-ekitaldiei dagokienez, alorrak bereizi egin nahi izan ditu, batetik, helburu solidarioak dituzten ekitaldiak, hala nola Minbiziaren aurkako Lasterketa; bestetik, ekitaldi herrikoiagoak, hala nola sanferminetako La Media lasterketa; eta azkenik, kirolari lotuagoak diren ekitaldiak, hala nola erdiguneko kaleak zeharkatzen dituzten txapelketak edo bizikleta-itzuliak. Horiekin batera, aztergai izan dituzte data seinalatuetan programatutako kultur jarduerak eta ekitaldiak.

Asmoa da erdialdeko kaleei eragiten dieten ekitaldi motak aztertzea, irizpide uniformeak erabiliz beste eremu batzuetara bideratu ahal izateko, eta horrela erdigunetik urrunago dauden auzoetan eskaintza handitzeko, betiere eremu horietan sortuko lituzketen afekzioak alde batera utzi gabe. Alderdi hori garrantzitsua da adinekoendako eta mugikortasun murriztua dutenendako ere, ekitaldi nagusietan batez ere, sanferminetan adibidez.

¿Te ha sido útil esta página?