Udalbatzak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta La Pamplonesa musika bandak San Saturnino, hiriko patroia, ohoratuko dute bere egunean

Udalbatzak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta La Pamplonesa musika bandak San Saturnino, hiriko patroia, ohoratuko dute bere egunean
Prozesioa 10:15ean abiatuko da San Zernin elizatik eta Turrillas maisuaren aurora estreinatuko da gaitarako, txisturako eta bandarako bertsioan
foto


Hiria dotore jantziko da asteartean San Saturnino bere patroiaren eguna ospatzeko. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa kalera aterako da eta prozesioan parte hartuko du Udalbatzarekin –hiriaren izenean– eta Katedraleko Kabildoarekin batera. Ondoren, santuaren omenezko meza emanen da. Arratsaldez, La Pamplonesa musika bandak zarzuelako ezohiko kontzertu tradizionala eskainiko du.

Ekitaldiak Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa abiatzerakoan hasiko dira, 09:30ean. Autobus-geltokitik aterako da Bake plazan, Yanguas y Miranda eta García Ximénez kaleetan, San Ignazio etorbidean, Sarasate pasealekuan, Gazteluko plazan eta Txapitela eta Mercaderes kaleetan barna ibili eta Udaletxe plazara heltzeko. Bertan, 10:05ean, Udalbatza elkartuko zaie, eta hiriaren izenean San Zernin elizara joanen da, bertan hasiko baita prozesioa.

Prozesioa 10:15ean hasiko da eta une horretan Manuel Turrillas maisuak San Saturninori egindako aurora estreinatuko da. Campana, San Saturnino eta Jarauta kaleen eta Kale Nagusiaren elkargunean La Pamplonesak Udalaren gaitero eta txistulariekin batera interpretatuko du aurora, Iruñeko Udaleko gaitero eta txistulariek pandemian berreskuratu zutena. Gaitendako, txistuendako eta bandarako moldaketa Imanol Blasco Zangozako Musika Bandako zuzendariak egin du.

Prozesioak San Saturnino kalea, kale Nagusia, Arazuri doktorearen pasealekua, kale Berria eta San Saturnino kaleetan barnako ibilbidea eginen du parrokiara heldu arte, non 11:00etan meza ospatuko den Iruñeko artzapezpikua buru arituko delarik. Musika Katedraleko musika-kaperaren eskutik izanen da, Iruñeko Orfeoiaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz. Eguraldia txarra bada, ibilbidea San Saturnino kalean, kale Nagusian, Eslava kalean, San Frantzisko plazan, kale Berrian eta San Saturnino kalean barna eginen da.

Mezaren ostean, Udalbatza Udaletxera itzuliko da eta bertan Konpartsak hainbat dantza eskainiko ditu hiriaren ohoretan. Konpartsa geltokira itzuliko da honako ibilbidea eginez: Merkaderes k., Txapitela k., Gazteluko plaza, Karlos III.aren etorb., Orreaga etorb., García Ximénez k., Tutera k., Oliveto Kondearen k., Bake plaza eta autobus-geltokia.

La Pamplonesak zarzuelako ezohiko kontzertu tradizionalak emanen ditu, gaur 20:00etan eta bihar 19:00etan. Aurten ‘La del manojo de rosas’ hautatu dute, Pablo Sorozabal egile gipuzkoarraren obra nagusia, bere jaiotzaren 125. urteurrenean omentzeko. Bandak, J. Vicent Egearen zuzendaritzapean, bandara egokitutako kontzertu-bertsioa eginen du, Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioko Kantu Ikasgelarekin elkarlanean. Zarzuelak 65 minutuko iraupena du, eta sarrerak, 5 eta 10 euroan, Gayarre antzokiko txarteldegietan edo www.teatrogayarre.com webgunean daude eskuragarri.

¿Te ha sido útil esta página?