Iruñeko Udalak Lezkairuko futbol-zelaiko belar artifiziala aldatuko du datozen hilabeteetan. Tokiko Gobernu Batzarrak lanen lizitazioa onetsi du: zelaiaren beste osagarri batzuk ere konponduko dituzte, eta 349.820,04 euroko aurrekontua izanen dute. Aurreikuspenen arabera, maiatzean hasiko dira lanean, eta sei astez arituko dira; beraz, 2025-2026ko denboraldiaren hasierarako jarrita egonen da belar artifizial berria.
Futbol-zelaiko belar artifizial guztia aldatuko dute; kanaletak garbitu eta saretak konponduko dituzte, batzuk hondatuta baitaude, eta ondo jarriko dituzte ateak, aulkiak eta zelaiaren inguruko barandak, bai hamaikako futbolerako eta bai zazpikorako. Halaber, joko-zelaiaren planimetria egokituko dute hego-ekialdeko hegalean, zortziko futbolerako ate baten ondoan, lurra hondoratuta baitago. Azkenik, toki jakin batzuetan lurra sendotuko dute, eremu gehiagotan hondoratu ez dadin. Belar artifizial berriak silize-hareazko lasta bakarra izanen du, eta ez dute ez plastikozko betegarririk, ez organikorik jarriko. Izan ere, Europar Batasunaren 2023/2055 arauak mugatu egiten du 2031tik aurrera polimero sintetikoen mikropartikulak erabiltzea, ingurumena babesteko: sarritan erabili ohi dira halako partikulak kirolerako zoru sintetikoetako kautxuzko betegarri pikordunetan.
Lezkairuko futbol-zelaia Udalarena da, eta Eguesibar kalean dago. Gaur egun zelaian dagoen belar artifiziala 2011koa da, eta, fabrikatzailearen arabera, ezin da denbora gehiagoz erabili. Asko erabiltzen da instalazioa, 38 taldek entrenatzen eta jokatzen baitute hor, eta horren ondorioz, bai zelaia bera eta bai ekipamendua (ateak eta aulkiak, kasurako) hondatuz joan dira pixkanaka.