Udalaren ibilketa nordikoak berriro eginen dira, irailetik azarora, bi intentsitate mailatan, eta ibilbidetan Biurdana eta Ziudadela gehitu dira

Udalaren ibilketa nordikoak berriro eginen dira, irailetik azarora, bi intentsitate mailatan, eta ibilbidetan Biurdana eta Ziudadela gehitu dira
010 (948 420 100) telefonoan izena emateko epea irekitzear dago, eta pasealdiak irailaren 11n hasiko dira

Iruñeko Udalak hirian barnako ibilketa nordikoaren saioen eskaintzari jarraipena eman dio, aire zabalean ariketa fisikoa egitea bultzatzeko. Irailaren 11tik azaroaren 16ra, asteazkenetan eta larunbatetan izanen dira saioak, eta oraingoan hirian barnako ibilbide berri hauetan ere: Biurdana eta Ziudadela. Horiek Taconera parkeari, Arantzadiko inguruneari eta Donejakue Bideko tarteei gehituko zaizkie. Ohi denez, asteazkenetako ibilketak samurragoak izanen dira, adinekoendako edo hasiberriendako modukoak; eta larunbatetan, gogorragoak, jarduera fisiko biziagoa egiten ahal dutenentzat.

Interesdunek bihartik ematen ahal dute izena, irailaren 5etik, 010 edo 948420100 Herritarrendako Arreta telefonoetara deituta. Izena eman dutenei ibilketa nordikorako makilak utziko zaizkie. Parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen saioetan eman dezake izena, 3 euro ordaindu beharko ditu asteazkenetako saio bakoitzeko, eta 4 euro, larunbatetako saio bakoitzeko. Taldeko 30 toki daude, izena eman den hurrenkeran esleituko direnak, eta ordainketa izena ematean eginen da, banku-txartelaz.

Aurreko udaberrian 562 toki eskaini ziren martxotik maiatzera egindako martxetan, eskainitako toki guztiak beteta. Orain dela 12 urte hasi zen Udala jarduera hau eskaintzen; Civivox sarearekin eta hiriko auzo batzuetako osasun-etxeekin elkarlanean eginik. Pasealdi guztiak begirale adituek gidatzen dituzte, aurretik ibilketa-mota honi dagozkion beroketa-ariketak eta azalpen teknikoa eginez.

Ibilbideak: bi ibilbide berri eta bi intentsitate
Edizio honetan hiriko Taconera parkeko, Arantzadiko inguruneko eta Donejakue Bideko tarteetako ibilbideak mantendu dira. Halere, programari eskaintza berriak gehitu zaizkio: bata, Biurdanako ibilbidea; eta bestea, gune harresidunei eta Ziudadelari lotua.

Udazkeneko edizio honetan bi ibilketa-motako planteamendua mantentzen da. Asteazkenetakoak hastapen-mailakoak izanen dira ordu eta erdiko iraupenaz, 12:00etatik 13:30era; eta larunbatekoak, jarduera bizikoak, 09:30ean hasi eta 13:00etan amaituko dira. Asteazkenetako saioetako parte-hartzaileen topalekua Burgoen plaza izanen da, Udaletxearen ondoan; larunbatetan hiriko auzoetako Civivoxetako bat izanen da abiapuntua.

Saio bakoitzean gehienez 30 lagunek osatutako talde bat bilduko da, Yolanda Urdiain eta Carlos Alberto kirol-begiraleen gidaritzapean, udaberriko saioak ere zuzendu zituztelarik. Saio bakoitzaren hasieran, kirol honek osasunerako dituen abantailak aipatuko dira, eta ibilketa nordikoko makilen teknika, ongi erabiltzen, irakatsiko da. Ibilketa hasi aurretik beroketa-ariketak eginen dira minutu batzuez, eta amaitutakoan, luzatze-ariketak.

Ibilketa nordikoa aire zabalean egiten den ariketa fisikoko modalitatea da, oso teknika xumea duena. Bi makilaren laguntzaz ibiltzea da ibilketa nordikoaren oinarria, makilek ibilketaren abiada erraztu egiten baitute. Kirol honek ohiko ibilketak baino abantaila gehiago ditu: makilekin muskulu-multzo gehiago mugitzen dira, bizkarrak eta aldaka zein belaunetako artikulazioek jasaten duten zama arintzen du, bihotz-biriketako errendimendua handitzen du, eta sortzen duen neke sentsazioa txikia da.

 

IBILKETA NORDIKOAK


Asteazkenetan (neurrizko jarduera fisikoa)

  • Ibilbideak: Taconera parkea, Arantzadiko ingurunea, Biurdana parkea, Donejakue Bidea eta Ziudadela
  • Ordutegia: 12:00 – 13:30
  • Topalekua: Burgoen plaza

 

ASTEAZKENA

IBILBIDEA

Irailak 11

Taconera parkea

Irailak 18

Ziudadela

Irailak 25

Biurdana parkea

  Urriak 2

Taconera parkea

  Urriak 9

Ziudadela

 Urriak 16

Biurdana parkea

 Urriak 23

Arantzadiko ingurunea

Urriak 30

Donejakue Bidea

Azaroak 6

Taconera parkea

Azaroak 13

Ziudadela

 

Larunbatetan (jarduera fisiko bizia)

  • Ibilbideak
  • Ordutegia: 09:30 – 13:00
  • Topalekuak: Civivox sareko zentroak.

 

LARUNBATETAN

Topalekua

Irailak 14

Kondestable Civivoxa

Irailak 21

Sanduzelaiko Civivoxa

Irailak 28

Juslarrocha Civivoxa

Urriak 5

Iturramako Civivoxa

Urriak 19

Mendillorriko Civivoxa

Urriak 26

Milagrosako Civivoxa

Azaroak 9

Zabalguneko Civivoxa

Azaroak 16

Iturramako Civivoxa

¿Te ha sido útil esta página?