Goizean Tokiko Gobernu Batzarrak hiri-kolonietarako kontratua esleitu du aurtengo uztailaren 1etik 2020ko apirilaren 17rako aldian aritzeko. Udalak jolas- eta hezkuntza-gune bat garatzeko antolatzen du zerbitzua, 3 eta 12 urte bitartekoei zuzendua, edo 14 urte bitartekoei desgaitasunen bat izanez gero, eskola-oporraldietan lanaren eta familiaren bateragarritasuna ahalbidetzeko asmoz.
Equala Iniciativas SL kudeatuko du kontratua, 84.672 euroan (BEZa kanpo), eta, horrenbestez, % 30eko beherapena aplikatu zaio 120.960 euro jotzen zuen lizitazio-prezioari. Eskaintzak 16,20 euroan (BEZa kanpo) eskaintzen du leku bat, eguneko, bazkaririk gabe; eta 18,90 euroan (BEZa kanpo) leku bat, eguneko, bazkaria barne. Hiri-koloniak Iruñean izango dira, aldi bakoitzean adieraziko den ikastetxe publikoan. Iruñean erroldatuek edukiko dute lehentasuna; baina beste udalerri batzuetan erroldatutako haurrek ere edukiko dute aukera, betiere beren gurasoek Iruñean lan egiten badute.
Hiri-kolonien zerbitzua eskola-oporraldietan eskaintzen da. Guztira, 56 eguneko zerbitzua ezartzen da, udarako, Aste Santurako zein Gabonetarako. Hiri-kolonien ordutegia 7:45etik 15:30erakoa izango da, eta bertan, programatutako jarduerak gauzatzeko, haurrak adin-taldetan banatzen dira. Sormena bultzatzeko lantegiak eta kirol- zein jolas-jarduerak daude, jolasean hezteko. Jantoki-zerbitzua ere eskaintzen da.
Hiri-koloniak haurrak kargura dituzten familia askok duten arazoa arintzeko baliabide dira, eskola-oporraldietan seme-alabak lan-ordutegian artatu ezin baitituzte. Bertan elkarrekiko hezkuntza-gunea sortzen da, jolasa adierazpide. Balioak eta gaitasun pertsonal, sozial zein afektiboak eskuratzea bultzatzen da, tratu onaren eta berdintasunaren aldekoak baitira; baita haurren sormena ere. Izan ere, elkartasun, berdintasun eta indarkeriarik gabeko balioak bultzatuz hezten dira haurrak.