Gaur Iruñea bigarren bero-boladan sartu da, eta egoera hori uztailaren 25a arte iraungo du. Egunotan betetzen ari dira aurreikuspen hauek: tenperaturek 36 gradu gaindituko dituzte, eta gutxienekoa ez da 18 gradutik jaitsiko zenbait egunetan.
Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldeak, gutxienez erabiltzaileen % 80 adinekoak dituenak, etxeetara eramaten ari da, zuzenean, prebentzio-informazioa, etxez etxe doazen familia-langileen bitartez; horiek, gainera, gainbegiratzen ari dira, ahal den heinean, bero-bolada aurrean ongi jokatzen ari den. Bestetik, Auzo Unitateetako itxarote-eremuetako erakustokietan berariazko informazioa jarri da, fenomeno honi aurre egiteko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eskuorri batez, Uda, beroa eta osasuna izenburupean.
Herritar guztientzat www.pamplona.es atarian informazio-gune bat eskaintzen da, etxerako zein kalerako prebentzio-neurrien berri ematen duena, edariez, ariketaz, eguzki-babesaz eta adinekoek zein haurrek behar duten zaintza bereziaz bezainbatean. Informazio hau hedatzea Udalaren konpromisoaren partea da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua hedapen-lanetan laguntzeko, izan ere, bero handiegiak denei eragin ahal die, baina, batez ere, haurrei, adinekoei eta gaixoei.
Tenperatura altuek honako osasun-arazo hauek sortu ahal dituzte: deshidratazioa, arranpak, akidura zein bero-kolpea delakoa. Eta gorputzeko tenperatura 39 ºC baino altuagoa izanez gero, buruko mina, nahasmendua edo konortea galtzea. Tenperatura-kontrolerako gorputzak duen ohiko sistemak gainkarga izatean gertatzen da hori. Baina aurrea hartu ahal zaio gorputzeko hozte-mekanismoei laguntza emanez. Ezohiko sintomarik edukiz gero, esate baterako, giharretako arranpak, sukarra, logalea edo nahasmendua, 112an edo osasun-zerbitzu batean eman behar da abisu.