Iruñeko Udalak ematen dituen gizarte-zerbitzuak egituratu ditu, halako moduan ezen denak elkarren artean sostengatzen diren eragimena eta eraginkortasuna bermatzeko, erabiltzaileen egoera hobetze aldera. Inbrikatze horren adibidea da etengabe egokitzen direla Udalak etxebizitza-arazoak dituzten 65 urtetik gorakoen eskura jartzen dituen udal-apartamentuak. Udalaren Gizarte Enplegurako Programetako eta Lantegi Eskoletako parte-hartzaileek egiten dituzte lan horiek, eta horrela ez da jo behar igeltserotza- eta zurgintza-enpresetara; horrez gain, enkargu bakoitzaren kudeaketa eta entrega-denborak hobetzen dira.
Iruñeko Udalak ematen dituen gizarte-zerbitzuen zeharkako inplikazioaren adibide berrienetako bat Donibane auzoko ‘Txoko-Berri’ udal-apartamentuetako komunen birgaitzea da. Hain zuzen, hura izan zen 1986an Udalak premiak zituzten adinekoei zuzenduta abiatu zuen mota horretako etxebizitzen lehen multzoa. Guztira, 36 apartamentu dira, duela 35 urtekoak, eta, hortaz, ez dituzte betetzen gaur egun eraikitzeko behar diren irisgarritasun-baldintza batzuk. Apartamentu horien hartzaileak aintzat hartuta, bakarrik edo bikoteka bizitzeko gai diren 65 urtetik gorakoak, oztopo horiek ezabatzea ezinbestekoa da egunerokoa erraztu eta istripuak saihesteko. Berriki amaitu diren lanei esker etxebizitza-bloke horretako komunetako bi altuera kendu dira, horrela bizilagunek eskailera-maila bat igo ez dezaten dutxan sartzeko.
Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorrak eskaintzen dituen adinekoendako udal-apartamentuak ostatua emateko bizitegi-zerbitzu arina dira, oztopo arkitektonikorik gabea. Bakarka edo bikoteka erabil daitezke, eta gutxieneko zerbitzu komun batzuk dituzte eskuragarri, nahi duenak erabil ditzan. Udal-baliabide horren helburua da pertsonek beraien etxebizitzaren antzeko ingurunea mantendu dezaten laguntzea, eta beren bizi-kalitatea hobetzea bermatzea, beren beharrei egokitutako oinarrizko ekipamendua duen etxebizitza emanda. Era berean, gizarte-ingurunean jarduerak garatzearen alde eginez, beren kasa bizitzen jarraitzea bultzatu nahi da, eta pertsonak isolatzea edo txarrera egin dezatela saihestu; izan ere, etxebizitzako urritasunek halakoak eragiten dituzte pertsonengan.
Etxebizitza-arazoak dituzten 151 lagun bizi dira gaur egun udal-apartamentuetan
Egun 151 lagun bizi dira apartamentuetan, horietatik 127 bakarrik eta 24 bikotekidearekin. Guztietatik, 55 gizonak dira eta 96, emakumeak. Bertan bizi direnen batez besteko adina 77,65 urtekoa da, eta apartamentu horietan batez beste ia zortzi urte bizi dira. Egun, udal-baliabide horren 28 erabiltzailek Iruñeko Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren babesa jasotzen dute. Horietatik, 13k zuzeneko laguntza jasotzen dute, 7 elikadura-zerbitzuaren erabiltzaile dira eta beste 8, bi zerbitzuen erabiltzaile.
Udal-apartamentu batean sartzeko, nork bere auzo-unitatean egin behar du sartzeko eskaera. Iruñeko Udalaren baliabide hori hala norbanakoei nola familia-unitateei (bikoteak, anai-arrebak edo bizikidetza-unitatea osatzen duten beste batzuk) bideratuta dago. Aurkeztutako agiriak Gizarte Zerbitzuetako Alorreko teknikariek baloratzen dituzte, udal-apartamentuak arautzen dituen araudian ezarritako irizpideak kontuan hartuta. Iruñean erroldatuta daramaten denbora, gizarte-, familia- zein bizikidetza-inguruabarrak, egoera ekonomikoa, etxebizitzaren egoera eta adina aintzat hartzen dira. Lortutako puntuen arabera itxaron-zerrendan lekua esleitzen da, zeina egun 118 pertsonak osatzen baitute. Apartamentu bat libre gelditzen denean adjudikazio-prozesua hasten da. Adjudikazioa norberari egiten zaio, eta eguneroko bizitzako jarduerak bere kabuz egiteko gai den bitartean mantentzen da.
Udalak bere gain hartzen ditu argi-, ur- eta berokuntza-gastuak, bai eta mantentze-lanak, eremu komunen garbiketa edo komunitate gastuak ere. Erabiltzaile bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren arabera kalkulatzen den tasa bat ordaintzen du. Tasa horiek Iruñeko Udalaren 3. Ordenantzan jasota daude, eta banakako apartamentu bakoitzeko 43,50 eta 345 euro artekoak dira, eta bi pertsonak erabiltzen duten banakako apartamentuen kasuan 375 euro jo dezakete. Apartamentu bikoitzek hileko 43,50 eta 450 euro bitarteko kostua dute. 2021eko apartamentu bakoitzeko batez besteko ordainketa-tasa hileko 146,39 eurokoa da, bizilagunen batez besteko pentsioa hileko 766,56 eurokoa izanik.
‘Txoko-Berri’, duela 35 urte zerbitzu hori eskaini zuen lehen taldea
Iruñeko Udalak adinekoendako lehen apartamentu-multzoa 1986an jarri zuen abian, Donibane auzoan. ‘Txoko-Berri’ izeneko multzoak 36 etxebizitza ditu. 2001ean, eta bizileku-baliabide horren beharra kontuan hartuta, beste apartamentu-eraikin bat sortu zen Arrotxapean, 32 etxebizitzakoa. Eskaintza 2005eko azaroan zabaldu zen, Iturraman 42 apartamentu gehitzen zituen bizileku berri bat inauguratzearekin batera. Hiru urte beranduago, 2008an, 9 gehitu ziren Alde Zaharrean. Azkenik, 2021ean, Milagrosan eraikin berri bat abiatu zen, 25 etxebizitza gehiago eskaintzen dituena.
Apartamentu guztiak zerbitzu irisgarriak dituzten eremuetan kokatuz joan dira; esaterako, eskura dituzte garraio publikoa, osasun-zentroak, saltokiak edo aisialdirako guneak, gizarte-harremanak errazak izan daitezen eta eguneroko jarduerak beren kabuz egiten jarrai dezaten. Guztira, Udalak egun zerbitzu horretara bideratutako 144 apartamentu ditu, horietatik lau okupatu gabe daude, esleitzeke; beste hainbeste birgaitze-prozesuan daude; eta 21etan hobekuntzaren bat egiten ari dira barnealdean. Beste bat Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorrak landu behar dituen premiazko kasuetarako erreserbatuta dago.