Udalaren Energia Agentziak doako lantegiak jarriko ditu martxan etxeko argindarraren fakturan aurrezteko aholkuak emateko

Udalaren Energia Agentziak doako lantegiak jarriko ditu martxan etxeko argindarraren fakturan aurrezteko aholkuak emateko
Bertaratzen direnek zalantzak argitu, aztertzeko argindarraren fakturak eraman, eta autokontsumorako irtenbideak ezagutzen ahalko dituzte

 

 

Iruñeko Udalaren Energia Agentziak jarraibideak emanen dizkie herritarrei etxeetan energia-gastua murriztu ahal izateko eguneroko keinu errazak eginez,enpresa elektrikoarekin kontratatzeko baldintzak aztertuz edo energiaren autokontsumoaren bidez. Eta, guztira, doako hamahiru jardunalditan eginen da urrian, azaroan eta abenduan zehar hiriko hainbat tokitan. Hitzordu horiek erabat praktikoak izanen dira; izan ere, bertaratuek beren zalantzak eta galderak argitzen ahalko dituzte eta argindarraren faktura eramaten ahalko dute, aditu batek eginen dituen analisien oinarri izan daitezen.

Lantegi horien bidez, Iruñeko Udalak etxeetan energia erabiltzeko gaitasuna eman nahi die pertsonei, etxean energia aurrezteko aholku errazak emanez. Bertaratuek jarraibideak jasoko dituzte argindarraren eta gas naturalaren fakturaren kontzeptuak ulertzeko eta eskaintzak alderatzeko gai izateko. Ikuspegi ekonomikotik haratago, Udalak herritarrak sentsibilizatu nahi ditu energiaren erabilerak ingurumenean duen eraginaz. Kontzientziazio-lan hori, 'Go Green Estrategiak' ardatz dituen puntuetako bat da, zeinak hirian klima-aldaketaren aurka egiten diren esku-hartze guztiak biltzen baititu.

Lantegi horien gakoetako bat da emanen diren hizkera eta tonu hurbila, kontuan hartuta herritar guztiei zuzenduta daudela, eta ez dela beharrezkoa aldez aurretik inolako ezagutzarik izatea tailer horietan parte hartzeko. Bertaratutakoen parte-hartze aktiboa sustatu nahi da, eta beren fakturekin joateko ere gonbidatzen zaie, elkarrekintza eta ikaskuntza komuna sustatzeko. Lantegiak ordu eta erdi eta bi ordu arteko iraupena izanen du eta Sergio Echarte industria ingeniari teknikoak eta ingeniari mekanikoak emanen du. Berak gidatuko du erakusketa nagusia eta, ondoren, azaldutako gaiei eta fakturei buruzko zalantza zehatzei erantzunen die.

Autokontsumoa, elektrizitatearen prezioaren garestitzeari aurre egiteko irtenbidea

Lantegi horiek energia murrizteko parte-hartzaileei helaraziko dieten ideietako bat autokontsumoa da. Autokontsumoaren bidez aurrezteko eta buruaskiago izateko moduari, indarrean dauden laguntza-motei, eta blokeetako etxebizitzekin argindarra partekatzeko dauden aukerei buruzko galderei erantzunen zaie. Autokontsumoa ekoizpen-aukera guztiz berriztagarria da, isurpenik gabea eta, hortaz, eraikin horien energia-eskariak klima-aldaketan duen eragina murrizten du. Instalazioetako ekoizpen-soberakinak beste kontsumitzaile batzuekin partekatu (beste eraikin batzuk, etxebizitzak, etab.) edo sare elektrikoan txertatu daitezke (eta faktura elektrikoan konpentsatu).

Iruñeko Udalak zabalik dauka urriaren amaiera arte Autokontsumorako eguzki-plakak jartzeko dirulaguntza-deialdia, zeinak banakako zein partekatutako kontsumorako instalazio fotovoltaikoei laguntza ematen baitie. Lehenengo kasuan 2.000 eurora arte jaso daitezke eta bigarrenean, 4.000 eurora arte. Dirulaguntzaren xede diren instalazioak 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egin behar dira.

Fakturen azalpena eta etxean argindarra aurrezteko jarraibideak

Lantegi bakoitzak sarrera xume bat izanen du etxeetan kontsumitzen dugun energia-motei eta horiek ingurumenean, herritarrengan eta ekonomian duten eraginari buruz. Etxeetako energia-kontsumo termikoaren/elektrikoaren batez bestekoa ezagutaraziko da eta gasaren fakturari helduko zaio, kontratazio aukerak, ‘azken baliabidea’ edo ‘bonu-termikoa’ terminoak azalduz. Era berean, kontsumitzaileak argindarraren fakturari buruz jakin beharko lukeen guztia azalduko da, eta deskribatuko dira potentzia eta energiaren terminoak ‘2.0 TD’ tarifan,  kontsumitzaile txikiarendako salmenta-prezioa (PVPC) izeneko kontratazio-aukerak eta merkatu libreko merkaturatzaileak.

Etxean energia aurrezteari dagokionez, irudien bidez aurrezteko adibide errazak erakutsiko dira, hala nola isolamenduen, aire-infiltrazioak kentzearen edo erosotasun-tenperatura bilatzearen garrantzia. Era berean, argindarraren faktura murrizten lagun dezaketen aholku praktikoak emanen dira, hala nola berogailuetarako erreflektoreak, toldoak eta pertsianak, edo beirentzako eguzki-xaflak erabiltzea. Horrez gain, egunerokoan kontuan hartuko dira argiztapena, etxetresnen energia-etiketa edo deskonexio-blokeak.

 

Lantegiak egiteko datak eta lekuak

  • Urriak 19: Ingurumen Hezkuntzako Museoa
  • Urriak 26: Mendillorriko Civivoxa
  • Urriak 27: Milagrosako Civivoxa
  • Azaroak 2: Buztintxuri ikastetxe publikoa
  • Azaroak 4: Zabalguneko Civivoxa
  • Azaroak 10: José María Huarte ikastetxe publikoa
  • Azaroak 18: Planetarioa
  • Azaroak 23: Iturramako Civivoxa
  • Azaroak 24: Etxabakoitz ikastetxe publikoa
  • Abenduak 14: Txantreako Liburutegi Publikoa
  • Abenduak 15: Kondestable Civivoxa
¿Te ha sido útil esta página?