Udalaren Biltegiratze, hondakinen kudeaketa eta harri naturalaren lanketako lantegi-eskolako 17 ikasle ari dira egunotan Done Jakue bastioiaren eta Ziudadelako Errege-bastioiaren bi kasamata-patioak zaharberritzen, baita hara sartzeko tuneletako bat ere. Lan hori gizarte-ekintzatik abiatzen da, hau da, Iruñeko Udala Nafar Lansarerekin lankidetzan garatzen ari den prestakuntza-ekimen honetako ikasleek hiriaren alde egiten dituzten lanetatik. Gaur egun gotorlekuak dituen zazpi kasamaten patioak garbitu eta zaharberritzea da lantegi-eskolak 2008az geroztik egiten ari diren lana.
Done Jakue bastioiak dituen bi patioetako batean, berariazko aurkikuntza gisa, gotorlekutik sartzeko tuneletik hormigoizko zoladura kentzean, jatorrizko errekarrizko zorua aurkitu da. Orain, ikasleek berreskuratu eginen dute, kareorez finkatuz. Errege-bastioiaren patioan, lubanarrora ateratzeko zorua jatorrizkoa zen, eta kontserbazio-egoera onean dago.
Patioetan, oro har, lantegi-eskoletako ikasleek egiten dituzten zaharberritze-lanak zoruko sastrakak kentzea eta paramentuen azaleko garbiketa egitea dira, ondoren, goiko parteko motzondoak kentzeko. Aldez aurretik, pintadak kentzen dira, eta, hortik aurrera, egoera onean ez dauden harrien arteko junturak pikatzen dira. Ondoren, harlanduak harea eta karezko morteroz elkartzen dira, mihiseak gainazal uniformearekin gera daitezen, pitzadurarik eta zartadurarik gabe. Halaber, harresiaren goiko partea berrikusten da, eta hautsitako harlanduak baldin badaude, ordeztuko dituztenak prestatzen dira, hormaren gailurrean mugitu direnak berriz lerrokatzeaz gain. Ez da hori esku-hartze honen kasua; izan ere, bi patioetako goiko aldeak kontserbazio-egoera onean daude.
Harlandurik prestatu behar ez denez, oraingo honetan lantegian (Landaben Prestakuntza Zentroa) egin beharreko lanak patioetako zoruko galtzada-harriak ‘zanpatzea’ eta ordeztu behar diren harlauzak 'mutxardatzea' izanen dira, azken akaberak dagoenaren antzeko testura izan dezan. Amaitzeko, ohikoena da, zaharberritze-lanak aprobetxatuz, argi-sistema eguneratzeko edo drainatze egokia bermatzeko behar diren elementuak prest uztea. Bi patioetan eginen da hori.
Zazpi kasamata lau bastioitarako
Zazpi patio baxu edo kasamata-patio daude Ziudadelan. Egitura horien eginkizun nagusia zen artilleria-piezak gordetzea eta ondoko hormak eta hurrengo bastioiaren alboko horma defendatu behar zituzten tiratzaile-postuak kokatzea.
Iruñeko Ziudadelan 1888an eraitsitako San Anton bastioiaren bi kasamata-patioak falta dira, eta urte horretan bertan zati batean suntsitutako Garaipen bastioiaren patioetako bat desagertu da. Horrela, azken bastioi horren kasamata-patio bat kontserbatzen da, eta osorik daude Errege, Andre Dona Maria eta Done Jakue bastioietakoak (bi bastioi bakoitzeko).
Gotorlekuaren kasamata-patio multzotik, hiru kontserbazio-egoera egokian mantendu dira, eta lautan esku hartu egin da, azken biak 2018an (Garaipen bastioian kontserbatzen den kasamata-patio bakarra) eta 2020an (Done Jakue bastioiaren lehen kasamata-patioa). Zazpietatik hiruk irteera bikoitza daukate, hala barrutiaren barrualdera nola Ziudadelako lubanarroetara, hau da, ateratzeko ateak ertzeetan mantentzen dituzte. Garaipen, Errege eta Andre Dona Maria bastioiak dira. Bi patio denbora luzez erabili baziren ere, gaur egun bakarra bisitatzen ahal da, eta beti Udalak antolatzen dituen ibilbide gidatuen barruan.
Ikaskuntza hiriaren zerbitzura jartzea
Aurreikusita dago Done Jakue bastioiaren patio baxua zaharberritzea egoera klimatikoaren eta ikasleek lantegian lan egiteko dituzten beharren arabera. Udalaren Biltegiratze, hondakinen kudeaketa eta harri naturalaren lanketako lantegi-eskola da gaur egun Udalak mantentzen duen sei eskoletako bat. Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatuak, Nafar Lansareren bidez, lantegi-eskolakprestakuntzarako eta praktikarako baliabideak dira, ‘lan eginez ikastekoak’, 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduak.
Lantegi-eskolen helburu nagusia da ikasleak prestatzea, ondoren lan-merkatuan sartzeko. Horretarako, lantegi-eskolak irauten duen bitartean, ikasleek jasotzen dituzte ofizioari buruzko berariazko prestakuntza, 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria (2. mailakoa, Soldadurako lantegi-eskolaren kasuan) eta prestakuntza gizarte-trebetasunetan, enplegua aktiboki bilatzen, Laneko Arriskuen Prebentzioan eta Berdintasunean. Halaber, “gizarte-ekintza” deitutako aldian, ikasleek haien ikasketa-eremuko lanak egiten dituzte hiriko zerbitzuak eta guneak hobetzeko. Prestakuntza-aldia ordaindu egiten da, lehenengo beka baten bidez, eta ondoren, soldata baten bidez.
Biltegiratze eta Hargintzako lantegi-eskolaren aurreko edizioan, hura amaitu eta 9 hilabetetara, ebalua daitezkeen ikasle guztien % 92,85 laneratzea lortu zen. Espezialitate horren egungo edizioa 2022ko otsailean hasi zen eta, amaitzean, 2023ko abuztuan, 17 ikasleek (15 gizon eta 2 emakume) 1. mailako bi profesionaltasun-ziurtagiri lortuko dituzte, biltegiratzeari eta hargintzari lotutakoak.
LANTEGI-ESKOLAKO LANAK KASAMATA-PATIOETAN
Adierazitako urteak lantegi-eskolen edizioen garapen-aldiei dagozkie
• 2008–2010ean Errege-bastioiaren eskuineko kasamatara sartzeko tuneleko zoladura egin zen (Arma Aretoaren atzealdean)
• 2014–2015ean Andre Dona Maria bastioian esku-hartu zen (sukalde zaharra)
• 2017–2018an Garaipen bastioian
• 2019–2020an Done Jakue bastioiaren eskuineko kasamata-patioan
• 2022–2023: Done Jakue bastioiaren ezkerreko kasamata zolatu zen eta Errege-bastioiaren ezkerreko kasamata-patioaren paramentuak garbitu ziren