Goizean Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak seinaleztapen horizontala zein balizajea egiteko lanak onetsi ditu, Iturramako eta Bigarren Zabalguneko hainbat elkargunetan zirkulazioa baretzeko neurri-sorta bat abiatzeko. Neurri horietako batzuk dira ibilgailu motordunetarako erreiak estutu, kendu edo bus-errei bihurtzea eta biratzeko erradioak txikiagotzea, hiriko eremu hauetan zirkulazio-abiadura eta -jarioa murrizteko asmoz. Hain zuzen ere, horrelako lanak hamabi puntutan egingo dira, Iturrama, Ezkirotz, Larrabide, Agoitz, Monjardín zein Media Luna kaleetan eta Joan Paulo II.aren etorbidean.
Zirkulazioa baretzeko neurriak abiatzeak, Iruña 30 hiria plana idaztearekin batera, neurri zehatzak testatzeko balio izango du, eta aditzera emango du planean bertan txertatzeko egokiak diren. Zirkulazioa baretu ez ezik, ukitutako elkarguneetan oinezkoen joan-etorria ere hobetu nahi da. Horregatik, abiatuko diren neurriek oinezkoen pasabideetako ikusgaitasuna hobetuko dute, oinezkoen pasabideen aurreko aparkalekuak kenduz, eta oinezko horien egoteko eremua handituko dute, gurutzatzeko beharrezko denbora laburtuz. Lanak seinaleztapen horizontalaz zein balizajeaz egingo dira, itzulgarritasuna zein hedagarritasuna ahalbidetzeko, gero berriro Iruñeko puntu guztietan erraz sor daitezen. Goyo Señalizaciones SL enpresak egingo ditu lanak, 45.284,69 euroan, eta, horrenbestez, %1,4ko beherapena aplikatu zaio 45.922,97 euro jotzen zuen lizitazio-prezioari.
2018ko urrian Mugikortasuneko Batzordeak aurkeztutako Eskola Ingurune Seguruen Planekoekin bat egiten dute esku-hartzerako hautatutako eremuek. Urte horretan Iturraman esperientzia pilotu bat izan zen, Amaiur eta Larraona ikastetxeetako inguruetan, oinezkoen 21 pasabide aztertu zein oinezkoen 8 pasabidetan jarduketa eginez, Maeztu Pintorearen kalean, Pedro I.aren kalean eta Iturrama kalean. Esperientzia horren balorazioa eta emaitzak, zirkulazioa baretzeaz eta oinezkoen segurtasuna handitzeaz bezainbatean, abiapuntu izan dira Eskola Ingurune Seguruen Plan bati behin betiko bultzada emateko erabakian, Iturramako esku-hartzea hedatuz eta Monjardín Mendiaren kalean eskolarako lehen igarobide segurua diseinatuz.
Bost neurri Iturrama eta Ezkirotz kaleetan
Iturrama kalean, zirkulazioa baretzeko neurri berriok Ezkirotz eta Eneko Aritza kaleetako elkarguneetan abiatuko dira. Horietako lehenengoan, Ezkirotz kalearekiko biribilgunean, oinezkoendako espaloiak zabalduko dira biribilgunearen inguruan, ibilgailuek egiten dituzten biraketen erradioa murrizteko, eta autobusek soilik erabiltzeko erreiak ezarriko dira, geralekuetarako bidean. Eneko Aritza kaleko bidegurutzean, espaloiak zabaltzeak berekin ekarriko du errei bakarra egotea biribilgunean sartzeko. Horrela, oinezkoen pasabideetako distantziak txikituko dira, eta, hortaz, horiek zeharkatzeko behar den denbora ere murriztu. Halaber, autobusek soilik erabiltzeko errei bat ezarriko da biribilgunetik gertuen den geralekuan, eta espaloiak handituko dira, taxi-geralekurako bidea eta haiek zirkulaziora irtetea erraztuz.
Oinezkoen pasabideetako esku-hartzeez bezainbatean, Iturrama kaleko 7aren parean dauden espaloiak zabalduko dira, horrek oinezkoen pasabidea laburrago egingo duelarik, eta, baita ere, San Joan Bosco kaletik datozen ibilgailuen biraketa-erradioa txikituko. Gauza bera gertatuko da Félix Huarte plazaren inguruan, Iturrama kaleko oinezkoen pasabideetan. Oinezkoari eremu zabalagoa ematearekin batera, oinezkoen pasabidea zeharkatzen eman beharreko denbora murrizten da, eta segurtasuna handitzen. Iturrama kaleko azken esku-hartzea Ezkirotz kaleko 20aren parean egingo da. Oinezkoendako eremua handituko da, mugikortasun urriko pertsonek aparkatzeko erreserbatuta dagoen tokia moldatuko da, zeharka aparkatzekoa bihurturik, eta erreserbatutako beste toki bat prestatuko da, kontrako noranzkoan.
Zirkulazioa baretzea Bigarren Zabalguneko zenbait bidetan
Bigarren Zabalgunean zazpi neurri hartuko dira. Larrabide kalean, San Ignazio ikastetxeko kiroldegia dagoen tartean, oinezkoen pasabide bat jarriko da ikastetxeko irteeretako batean (kale erdialdean-edo), eta aparkatzeko lerroaren antolaketa aldatuko da, zeharka aparkatu beharrean ilaran aparkatuko baita. Oinezkoendako plataforma ere zabalduko da, Zangoza kaleko bidegurutzean. Agoitz-Aralar-Monjardín kaleetako bidegurutze-sarean oinezkoendako espaloietan dagoen eremua handituko da, oinezkoen pasabideetako luzera horizontala zabalduko da eta errei bakarrera murriztuko da biribilgunera sartzeko zirkulazio-erreia.
Agoitz kalearen eta Joan Paulo II.aren etorbidearen arteko bidegurutzean ere oinezkoendako toki gehiago egongo da, eta hiru pasabidetan luzera murriztuko da, horretarako galtzada zabalduz eta pasabideen aurreko aparkatzeko tokiak kenduz. Agoitz eta Paulino Caballeroren arteko bidegurutzean, bide bietan dauden bi erreiak bakarra izatera pasako dira, hemen ere espaloietako oinezkoen eremuak handituko direlako oinezkoen pasabideen inguruan.
Monjardín eta Eguesibar kaleen bidegurutzean ere errei bakarra izango du biribilguneko irtenbide bakoitzak, eta oinezkoen eremu handiagoak zedarrituko dira inguruko pasabideetan. Joan Paulo II.aren etorbideko eta Monjardín kaleko biribilgunean are antzeko jarduketak egingo dira. Oinezkoen pasabideen inguruko oinezkoen eremuak handituko dira eta biribilguneko irteeretan errei bakarra izango da, noranzko guztietan, eta errei bakarra izango da, ere bai, biribilgunean sartzeko, inguruko ikastetxeetatik gertuen dagoen tartetik.
Azkenik, Media Luna kaleko hiru oinezkoen pasabideetan esku hartuko da, Sagrado Corazón ikastetxetik gertu. Oinezkoen plataforma zabalduko da, oinezkoen pasabidearen distantzia % 50 baino gehiagoz murrizteko.