
Iruñeko Udala zenbait lan egiten ari da Milagrosan, bertako oinezkoen pasabide batzuk seguruago egin eta Jesús Guridi kaleko irisgarritasuna hobetzeko, espaloia zabalduz, besteak beste. Hori horrela, ia amaitutzat joko dira Milagrosako oinezkoen pasabideak Irisgarritasun-araudira egokitzeko lanak, zeinetarako aintzat hartu baitira auzoaren ezaugarri topografikoak eta dauden zailtasunak. Lanok duela hiru aste abiatu ziren, eta hamabost egunean bukatuko dira, gutxi gorabehera. Udal-lanen kontrataren bidez ari dira gauzatzen. Jarduketa horiekin oinezkoen pasabideak Irisgarritasun-araudi berrira egokitzen ari dira (VIV 561/2010 Aginduarekin bat) lau eremutan: Blas de Laserna kaleko 58an; Urederra kaleko 19 eta 22an eta Blas de Lasernan, Queiles Errekaren kaleko elkargunean.
Helburua da oinezkoen segurtasuna handitzea arriskugarrien diren oinezko pasabideetan, nola eta espaloiak aurreratuz, pasabideetan argi gehiago jarriz, asfaltoa berrituz, estolda-zuloak eginez eta zoladura podotaktila (testura desberdinez osatutako azalerak, ikusmen-desgaitasuna dutenei arrisku-gunera hurbiltzen ari direla ohartarazteko) zaharberrituz. Halaber, Araxes Errekaren kalean eremu arauturako dagoen kontrol-zutoina lekualdatuko da.
Oinezkoen joan-etorriak erraztea, eskailerak erabili beharra saihestuta
Modu osagarrian, Jesús Guridi kaleko oinezkoen pasabideak eraldatu eta bertako irisgarritasuna hobetuko da, portaleetako aldeko espaloia zabalduz, gutxienez 1,80 metrotara. Egun aparkatzeko dauden tokiak mantentze aldera, galtzadaren zabalera txikituko denez gero, Guelbenzu kaleranzko noranzkoan zirkulatzea galaraziko da. Pasabideei dagokienez, Jesús Guridi kaleko bitan eta Goroabe kalekoan (Guridi kaletik gertuenekoan) esku hartuko da.
Bestalde, egiten ari diren lanek Goroabe eta Guridi kaleen arteko komunikazioa ere hobetuko dute, oinezkoen ibilbideetan ez baitira eskailerak erabili beharko, eta horrek nabarmen erraztuko dizkie joan-etorriak. Jesús Guridi kaleko irisgarritasuna hobetzeko, sartzeko arrapala bat paratuko da, eta eskaileren diseinua egungo araudiarekin bat aldatuko da.