Iruñeko Udaleko Eraikinak Mantentzeko Zerbitzuak aste honetan aztertu ditu Alde Zaharreko elizetako kanpaiak: Katedralekoak, San Nikolasekoak, San Saturinokoak, San Lorentzokoak eta San Agustinekoak. Guztira, lau mendetako –XVI.etik XXI. mendera bitarte– 38 kanpai dituzten zazpi dorre bisitatu dituzte.
Begiz ikuskatu dute haien ainguratze-sistemen, kanpai-mihiei eusteko gailuen eta dorreek kanpoalderantz dituzten baoen babesen egoera. Kanpai guztiak artisau bakoitzaren berezko formulekin egindako metal-aleazioez eginda daude, eta erosten zituenarendako gastu ekonomiko handia suposatzen zuten tona askoko elementuak ziren.
Hala, dorrez dorre, Katedraleko bi dorreetako 11 kanpaiak aztertu dituzte. Horien artean dago Europan egun erabiltzen den handiena, María kanpaia (1584); baina baita bi pisutan banatzen diren San Nikolaseko dorreko zazpiak ere (zaharrena 1629koa da, eta berrienak, 2010ekoak), eta San Lorentzo elizako dorreko bost kanpaiak (gehi egituraren goiko aldean dagoen txikiago bat). Ikuskapena amaitzeko bi dorretan banatutako egitura duen San Saturnino elizako (Udaletxeko parrokia) zazpi kanpaien azterketa eta egun apenas erabiltzen diren San Agustin elizako kanpandorreko zazpiena egin dute.
Kanpaiak, erlojuak bezala, historian zehar Europako gizarteetan denbora neurtzeko balio izan duten perkusio-instrumentuak dira, osagai sinboliko nabarmena izateaz gain. Kristautasunari lotutako kanpai handiek, alde batetik, denbora erlijiosoa neurtzen zuten. Protokolo horrek, eguzki-erritmoan oinarrituta, eguna otoi-unetan banatzen zuen: egunsentia, eguerdia, ilunabarra eta gaua. Bestalde, kanpaien soinuek bizitza kolektiboaren uneak markatzen zituzten; izan ere, kanpaien hotsek, dangadek eta iraulketek abisatzeko (suteak, erasoak eta abar), ospakizunetarako eta informatzeko sistema gisa balio zuten, esaterako, kanpai-hotsek heriotza baten berri ematen zutenean.
60ko hamarkadatik aurrera automatizazioa ezarri zen arren, oraindik kanpai batzuk eskuz jotzen dira, eta egun Espainian soinu-hizkuntza oso bat osatzen duten hogeita hamar modalitate baino gehiago daude. Kanpaiak eskuz jotzea UNESCOren Humanitatearen Ondare Kultural Immaterialtzat hartzen da 2022ko azarotik. Nafarroa izan zen UNESCOren Ondare Kultural Immaterialeko Batzordeari adierazpen hori egitea eskatu zioten bost autonomia erkidegoetako bat.