Udalak urtea amaitu baino lehen hasiko ditu Arrotxapean uholdeei aurre egiteko lanak: kolektoreak eta atzera ezineko balbulak jarriko dituzte

Udalak urtea amaitu baino lehen hasiko ditu Arrotxapean uholdeei aurre egiteko lanak: kolektoreak eta atzera ezineko balbulak jarriko dituzte
Hirigintza Gerentziak 201.008,56 euroan adjudikatu du obra-kontratua
inundaciones rochapea

 

Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Kontseiluak gaurko bilkuran obra-kontratua adjudikatzea erabaki du Arrotxapean kolektore eta atzera ezineko balbulak jartzeko uholdeei aurre egite aldera Udalak guztira 201.008,56 euro inbertituko ditu obra horietan, eta urtea amaitu baino lehen hasiko direla aurreikusten da.

Obra horien helburua da Arga ibaiaren uraldi handietan Arrotxapeko eta Sanduzelako kolektoreetan, sotoetan eta kaleetan sartzen den ura kontrolatzea. Horretarako, azken deskargari eusteko balbulak jarriko dira halakorik ez duten Arrotxapea auzoaren ekialdeko eta hegoaldeko kolektoreetan, eta Sanduzelai auzoaren hego-mendebaldekoetan. Era berean, erregistro-putzu bat eta gainezkabide bat aurkitu eta berreraikiko dira Arrotxapeko itsasargiaren eremuan, kolektore-zati berri bat eginen da beste gainezkabide bati ibaira irteera emateko, eta erregistro-putzu berriak zulatuko dira eta erregistro-estalki berriak jarriko dira. 

Neurri horiek Iruñerriko Mankomunitatearen oniritzia dute, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aldeko txostena. Neurri horietako batzuk 2023ko maiatzean Iruñeko Udalaren Osoko Bilkuran onetsitako ibai-plangintzako ereduan jaso ziren.

Obren xehetasunak
Arrotxapeko itsasargiaren eremuan kokatuko da Mankomunitatearen kalkuluen arabera oinezkoendako arrapalen ondoan dagoen hormaren azpian egon behar duen putzua. Han gainezkabidea berreraikiko da, hobetuta eta handituta, baita ura ibaira bideratzeko putzu horretan egon behar duen irteerako hodiaren lotura ere, eta ibaira arteko irteera-kolektorearen hondoa garbituko da. Putzu berriaz gain, ibai-ertzean, ibaian beherago, beste irteera-puntu bat eraikiko da, kolektore berria eta hormigoizko hegal berriekin, eta erregistro-estalkiak aldatuko dira.

Garbitzaileen inguruan, El Vergel zubitik gertu dagoen ibai-ingurunean, atzera ezineko balbula bat jarriko da kanalera husten den euri-uren kolektorean eraikiko den putzu berri baten irteera-hodian. Era berean, hormigoi armatuzko hegal txaranbeldu berriak eraikiko dira Garbitzaileen urak kanalera husten dituen irteera-puntu batean.

Sanduzelai aldean, atzera ezineko balbula bat jarriko da Sanduzelai kaleko oinezkoendako gunean dagoen putzuaren irteera-hodian, eta beste bat futbol-zelaiaren eta haur-eskolaren hegoaldean, kolektore nagusitik gainezkatutako urak ibaira irteten diren puntuan.
 

¿Te ha sido útil esta página?