Udalak urte amaiera baino lehen berrituko ditu Campamento Mendiaren eta Olatz Kontzejuaren kaleetako espaloiak

Udalak urte amaiera baino lehen berrituko ditu Campamento Mendiaren eta Olatz Kontzejuaren kaleetako espaloiak
Hilabete honetan obrak esleitu dira Mendillorriko espaloietan milioi erdi euro inguruan
Mendillorri

Iruñeko Udalak hein batean berrituko ditu Mendillorriko Campamento Mendiaren eta Olatz Kontzejuaren kaleetako etxadietako espaloiak. Tokiko Gobernu Batzarrak Construcciones y Excavaciones Erri Berri enpresari esleitu dizkio espaloietako 2.724 metrotan egitekoak diren eraiste-, zolaberritze-, lorezaintza- eta berritze-lanak, 250.680 euroan. Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eta aurreikuspenen arabera, aste bete barru hasiko dira.

Pasa den astean esleitu ziren auzo horretan bertan espaloiak berritzeko lehen loteko lanak, eta esku-hartze horiei esker, azkenean hobetuko dira zazpi kaletako eta plaza bateko espaloiak, besteak beste Campamento Mendia, Olatz Kontzejua, Egulbati Jaurerria, Elia Kontzejua, Amokain Jaurerria eta Altzuza Kontzejua kaleetan. Oro har, aurten Mendillorriko espaloietan egindako esku-hartzeek ia milioi erdi euro jotzen dute (499.744 euro).

Esleipen horiek esparru-akordio baten barruan egin ziren. Akordio horren bidez, entitateak hautatu ziren Iruñeko bide publikoetako espazioak birgaitzeko eta egokitze-lanak egiteko, eta Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek sinatutako aurrekontu-akordioari esker finantzatzen dira.

Gorabeherarik gabe oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan

Campamento Mendiaren eta Olatz Kontzejuaren kaleetako espaloiak berritzeko, aurreko esku-hartzeen jarraibide estetiko berari jarraituko zaio. Obrak hasteko, egungo azpiegiturak eraitsi eta desmuntatuko dira, baldosa eta, kasu askotan, zolata bera kenduta. Ondoren, 12 cm-ko lodiera duen zolata eginen da, 20x20 cm-ko baldosa hidraulikozko zoladuraz estalia. Beharrezkoa den tokietan zerbitzuen estalkiak handituko dira. Espaloien zintarria Calatoraoko kareharrizkoa izanen da, 17-19x28 cm-koa, kaltetutako dozena bat lorategitan izan ezik, horiek hormigoizko zintarri aurrefabrikatuz mugatuko baitira.

Jarduketak osatzeko, uraren, argien, elektrifikazioaren, saneamenduaren eta abarren kanalizazioak berrezarriko dira. Obrak egiten diren bitartean, ibilgailuen zirkulazioa albo batetik mantenduko da, eta oinezkoena ibilbide seguruetatik desbideratuko da, inguruko etxebizitzetarako sarbidea oztopatu gabe. Halaber, bide publikoan elementurik hondatu ez dadin, plastikozko babes-laminen bidez estaliko dira argi-zutoinak, seinaleak, etab. Jarduketek ez diote inolaz ere garraio publikoaren zirkulazioari eraginen.

¿Te ha sido útil esta página?