Biba Iruña bizirik! Lelo eta asmo horrekin, Iruñeko Udalak uda honetarako kultura eta asialdirako programa zabala antolatu du, 400 jarduera baino gehiagoz, eta horiei batuko zaizkie munduko xake txapelketa bat eta hipika sari nagusi bat. Sanferminak bigarren urtez jarraian bertan behera uzteak eta osasun egoerak, zeinak mugikortasun-murrizketa ugari eta pertsonen arteko segurtasun-tartea nahitaez mantentzea baitakar, Iruñeko Udala behartu dute hiriko kaleei bizitza emanen dien kultur programa berri bat martxan jartzera. Uda osoan zehar eginen da eta programazioaren gehiena ekainetik irailera bitarte bilduko du; osasun-gomendioek eragindako erabakia izan da, zeinak gune irekiak erabiltzearen eta aire zabaleko jardueren alde daude.
Ekimen berri horretarako aurrekontua 1,5 milioi euro ingurukoa da, Iruñeko Udalak udako programazio baterako bideratu duen kopururik handiena eta hirian ezagutu den edozein kultura-hedapen handienetako bat, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak azaldu dutenez. Xedea da udan egunero kultura-programazioa izatea kalean. Horrela, hiriarendako seguruak diren jarduerak bultzatu eta kale biziak lortu nahi dira, saltokiei eta ostalaritzako establezimendu eta hotelei laguntza eskainiz.
Une hauetan, programaren gehiena zehaztuta dago, baina astelehenean Sanferminak bertan behera uztearen iragarkiaren ondoren eta udako kultur jardueretarako aurrekontuak gora egin duela egiaztatuta, Kultura eta Berdintasuneko Alorra lanean ari da Iruñean arituko diren artisten eta taldeen zerrenda ixteko.
Indarguneak: Ziudadela eta harrera ona izan duten zikloak luzatzea
Xedea da udan egunero kultura-programazioa izatea kalean. Jardueren erdigunea Ziudadela eta harresien ingurunea izanen dira, baina proposamenak hiriko beste auzoetara zabalduko dira. Beste puntu garrantzitsu bat da iaz bultzatutako zikloak mantentzea; izan ere, horiek erantzun ona izan zuten ikusleen aldetik, eta Ezpeleta Jauregia, besteak beste, bete zuten. Harrera handia izan zuten programazioak berriz eginen dira eta baita zabaldu ere: iraupena luzatuko da eta toki gehiagotan eginen dira.
Ziudadelako lorategi zabal eta mugatuan agertoki nagusia egonen da, eta bertan garrantzi handiagoko kontzertuak eginen dira. Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean bertan zein nazioan ezagunak diren artisten eta taldeen kontzertuak eginen dira, estilo askotakoak, hala nola popa, jazza, folklorea eta indie musika. Ziklo gehienak Udalaren beraren programak izanen dira, eta hainbat entitaterekin lankidetzan egindako beste batzuk ere eginen dira.
Ziudadelan ere Harresien Jaialdiaren edizio berria eginen da. Jaialdi horretan, hainbat arte-diziplinaren ikuskizun handiez eta familiei zuzendutako beste ekitaldi batzuez gozatzen ahalko da. Ostiraletan gaueko ikuskizunak miresteko eguna izanen da, zeinetan argia, gorputz-adierazpena eta musika protagonistak izanen baitira.
Gune horretan, ziklo berriez gozatzeko aukera ere izanen dugu, besteak beste, banden musikari eskainitako bat, eta haurrei zuzendutako beste batzuk, gaztelaniaz eta euskaraz.
Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren eta La Pamplonesaren emanaldiak
Halaber, Udala beste ziklo bat antolatzen ari da, Erraldoi eta Buruhandian konpartsaren emanaldiekin. Ez dira kalejirak izanen; izan ere, barruti mugatuetan eginen dira, edukiera kontrolatuz eta ikusleak eserita. Horrela, Sanferminetako ekitaldirik jendetsuenaren protagonistez berriz gozatzeko aukera izanen da. 2019an, gutxi gora behera 190.000 pertsona joan ziren Konpartsaren ateraldiak ikustera. Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak behin bakarrik jardun ahal izan du azken urtean, eta aurrez aurreko ikuslerik gabe, osasun-krisiak eragindako murrizketen ondorioz. Emanaldiak antolatuko dira COVID-19a ez zabaltzeko une bakoitzean aurreikusitako neurriak kontuan hartuta.
Hiriko beste entitate garrantzitsuetako bat, La Pamplonesa Musika Banda, programazioan ere egonen da. Udala programa askotarikoa garatzen ari da, elkarlanean, horrek hainbat estilo eta kokagunerekin, herritar guztiengana heltzeko.
Sanferminak bertan behera utzi direnez, Udalak bultzatu nahi du, iaz bezala, normalean uztailaren 7tik 14ra egiten den folklore-programa, eta baita haurrendako hainbat ekitaldi ere, ahal den neurrian osasun-murrizketek ahalbidetzen badute.
Sanferminen inguruko ibilbide tematikoa Ziudadelako erakusketa-aretoetan
Arte eszenikoen kontzertu eta ikuskizunez gain, erakusketa-aretoak erreferente izanen dira berriz ere Ziudadelako kultur programazioan. Iaz bezala, uztaila osoan zabalik egonen dira. Normalean itxita egoten dira lehen hamabostaldian, handik su artifizialak jaurtitzen baitira.
Oraingoan, salbuespenez, areto guztietan zehar ibilbide tematiko bat proposatu da. Aretoek, bere berezitasunekin, elkarrekin egindako Sanferminen inguruko gogoeta erakutsiko dute, hainbat arte disziplinaren ikuspegitik. Aukera paregabea izanen da ikuspuntu artistiko ezberdinetatik ideia beraren inguruan hitz egiten duten dozenaka artistaren sormenaz gozatzeko.
Musika-aretoak kalean, Pim Pam Ville, Kantu eta Hitza...
Iaz harrera handia izan zuen ziklo berrietako bat “Musika-aretoak kalean” izan zen. Uda honetan proiektu hori berriz ere eginen da, egun gehiagoz, sektore horri laguntze aldera, zeinak ezin baitu bere jarduera aurrera eraman osasun-murrizketak direla-eta, baita tokiko artistei laguntzeko ere, programa horren protagonista nagusiak baitira.
Ezpeleta Jauregiko patioan, aurreko udan agertoki gisa lehenbizikoz erabilitakoan, kontzertuak, udako zinema, antzerkia, familiarendako jarduerak, eta abar eginen dira berriz ere. Eta berdin O-ko Andre Mariaren Plazan: ‘Iruña ilunabarrean’ zikloaren proposamenak berreskuratzeaz gain, 'Kantu eta Hitza' zikloaren agertoki ere izanen da, formatu txikiko euskarazko kontzertuen zikloa Erraldoien Txokotik atera eta kultura bertaratuen segurtasuna bermatuko duten espazio irekietara eraman nahi baita.
Iruñeko Udako kultur programazioan ere jarraituko dute ‘Pim Pam Ville’ jaialdiak eta ‘Dantza zoroan’ dantza garaikideko kultur zikloak.
Kultur jarduerak auzoetan
Auzoetan kultura indartuz, eta Gabonetan kaleko musika zikloak izan duen harrera ona ikusita, Civivox zentroen bidez hiriaren erdigunean ez dauden beste zonaldetan musika-emankizunak eginen dira, gune horiek dinamizatzeko eta animatzeko, talde artistikoen katalogoan dauden taldeekin elkarlanean; izan ere, Udalak urtero aintzat hartzen ditu artista horiek kultura herrikoia herritarrei gerturatzeko.
Civivox sarean azken urteetan landu diren programa finkoei batuko zaizkie, eta horrela auzoetan kultur proposamenak garatuko dira, atari zabalean, haurrendako eta familiendako, hala nola sormen-lantegiak, emankizun antzeztuak eta udako ohiko zinema, ‘Zinema-gauak'.
Iruña xakearen munduko hiriburua Sanferminetan, Magnus Carlsenekin
Ekainaren 26tik uztailaren 14ra, Iruña xakearen munduko hiriburu bihurtuko da, kirol hori gorantz doan unean, ‘Gambito de dama’ telesailari esker, besteak beste. ‘San Fermin Mundiala’ txapelketa SanFerfoodek garatutako ‘Festa adimentsua’ programaren barruan dago. Onlineko kultur jarduera izanen da, nazioartean oihartzuna izanen duena, Sanferminak ditu oinarri eta tradizio, gastronomia, kirola eta artea biltzen dituen programazio mistoa da.
Lehenengo partidak online jokatuko dira, eta Chess24 plataforma digitalaren bidez emanen dira. Sailkatutako lau pertsonek uztailaren 6tik 14ra jokatuko dute, bere herrialdeetatik datozen munduko eliteko 4 gonbidaturekin batera, Magnus Carlsen salbu, online ere eginen duela eta streaming bidez, Iruñetik. Txapelketa hainbat hizkuntzatan emanen da, eta oihartzun mediatiko eta sozial garrantzitsua aurreikusten da.
Iruñeko Harresiak Hipika Sari Nagusia, 1.500 parte-hartzailerekin
Ekitaldi berri gisa, uda honetan 2021eko Iruñeko Harresiak Hipika Sari Nagusia izanen da, eta Ziudadelako lubanarroen agertoki aproposean eginen da. Irailean izanen da eta Iruñeko Alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, “Ekitaldirik jendetsuena izanen da, Nafarroako hipikaren historian”. Proban 1.500 parte-hartzaile baino gehiago izanen dira, naziokoak zein nazioartekoak, 7 urtetik 65 urtera, hainbat kategoriatan eta modalitatetan. Teknikariak, zaleak, laguntzaileak eta babesleak batuz gero, bertaratuak 2.000 pertsona baino gehiago izanen dira.
Proba hau geratzeko etorri da, egutegian urteko hitzordu bilakatzeko asmoz. Udalarekin batera, parte hartu dute Zizurko Zaldi-zentroak, Nafarroako Hipika Federazioak, Nafarroako Gobernuak eta Arquiumas Arquitecturak.