Udalak Taconerako barruko bideko 2.300 m2 material drainatzailez zolatu ditu, eta zuhaitzak eta 1.000 landare loredun baino gehiago landatu ditu

Udalak Taconerako barruko bideko 2.300 m2 material drainatzailez zolatu ditu, eta zuhaitzak eta 1.000 landare loredun baino gehiago landatu ditu
Halaber, Gayarreren iturria garbitu dute, eta 269.385 euro inbertitu dira lan guztiak egiteko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak Vistabellako barneko bidea zolatu du dagoeneko, Taconeran, zoo txikiko hobietatik hasi, eta bideak San Roke kalearekin eta Portale Berriarekin bat egiten duen tokiraino. Gainera, Gipuzkoarren pasealekuko lorategiak handitu dituzte: ezpelen tankerako heskaiek mugatutako lau parterre berri jarri dituzte, eta hainbat zuhaitz eta 1.000 landare loredun baino gehiago landatu dituzte bertan. Azkenik, udal-zerbitzuek Julián Gayarre tenor erronkariarraren omenez eraikitako iturri handia goitik behera garbitu dute. Oraingoan, iturriaren ontzian eta ontzi horri azken ukitua ematen dion linternan egin dira garbiketa-lanak.

Gaur goizean lanen nondik norakoak azaldu dizkiete Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideei: batetik, istiltze-arazoak ekidin eta parke historikoko berdeguneak handitu nahi ziren, eta bestetik, oinezkoen esperientzia, atsedena eta gunetik igarotzen direnen sentimendu estetikoa hobetu. Guztira 269.385 euro inbertitu dituzte lanetan: 212.164 euro zoladura-lanetan, eta beste 57.221 euroak lorezaintzako lanetan. Horrez gain, iturria garbitzeko lanak udal-kontrataren mantentze-lanen barruan sartu dira, baina merkatuko kostua 3.400 eurokoa litzateke. 

Taconerako lorategiak, 1830ean diseinatuak, hiriko zaharrenak dira. ‘Eremu polemiko’ deitzen zaien guneetan eratu ziren, harresi modernoen inguruan, garai batean eraikitzea debekatuta zegoen eremuan alegia. Taconerako bastioia, Gonzagakoa bezala, XVII. mendean eraiki zen, Ziudadela eraiki ondoren trazatutako mendebaldeko frontearen errefortzu gisa. Taconera heskaiez, parkez eta zuhaitz ugariz betetako parkea ez ezik, aire zabaleko museo bat ere bada: hortxe daude Julián Gayarreren monumentua, Hilarión Eslava konpositore burlatarraren monumentua eta Ongintzaren monumentua, Mari Blanca izenez ezagunagoa.

Ibiltzeko moduko bideak euria egin arren
Ibilbide horietatik igarotzen zirenentzat oso deserosoak ziren putzuekin amaitzea bilatzen zuten lanek, eta lurraren gainean hormigoi porotsua jartzeari esker, arazo horiek konpondu nahi zituzten; izan ere, lanen aurretik, hartxintxarrezko lurra zegoen, eta ez zuen ura drainatzen. Jarduketaren ondorioz, Vistabellako barneko bidea duela hamar bat urte baino gehiago Taconerako erdigunean egin zen zoladurarekin lotu dute: guztira 375 metro lineal zolatu dira, 3,5 metro inguruko zabalera hartuta gutxi gorabehera; hortaz, 2.300 m2 zolatu dira orotara.

Ibilbide hori zoo txikitik hasi eta ibaiertzeko auzoen gaineko terrazaraino doa, eta, perimetro osoa hartuz, Victor Eusaren Portale Berriraino iristen da. Lanak joan den martxoan bukatu zituzten, eta haiei esker, modu erosoagoan lotuko dira Donibane Auzoa eta Alde Zaharra, eta ibilbidea O-ko Andre Mariaren plazan eta Ingurabideko pasealekuan amaituko da.

Topagune berdeagoak
Zoladura aldatu aurretik, Berdeguneen Zerbitzuak parterre berriak sortu zituen. Hala, dagoeneko parke historikoan zeuden parterreen antzeko diseinua duten lau parterre sortu dira, eta guztiek ureztatze-sistema dute. Honako hauek dira esku-hartzearekin lotutako datuak: 750 Euonimus Greenspire landatu dituzte parterreak heskaiez inguratzeko (hosto iraunkorrak ditu, berde ilunak, ezpelaren hostoen antzekoak); parterreetan hainbat espezietako zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, lore zuri, more eta arrosadunak: bi Taxus baccata Fastigiata Aurea (hagin arrunta); Cornus kousa ‘Dogwood’ bat (lore zuridun zuhandor japoniarra); Camelia sasanqua ‘Cleopatra’ landarearen bost ale; lore moreak dituzten 17 errododendro (Rododendron ponticum), eta Azalea japoniarraren 85 ale, lore arrosadunak, eta, azkenik, sasoiko loreak: udazkeneko hainbat lore espezieren 1.000 ale, eta loraldian dauden idi-bihotzen erraboilak ere landatu dituzte.

Udaleko Berdeguneetako Zerbitzuko funtzionarioak arduratzen dira zuzenean Taconera parke historikoa zaindu eta mantentzeaz.

Marmol txuria eta harria tenore baten omenez
Azkenik, Hiri Kontserbazioko Alorrak parkeko iturri ezagunenetako batean garbiketa-lanak egin ditu: Julián Gayarre tenor erronkariarraren omenez eraikitako iturrian. Marmol txuriz eta harriz eraikita dago, ontzian 1,2 metroko zabalera du, eta metro bat baino gehiagokoa goiko linternan.

Bi asteko epean, harrizko zatia presio baxuko eta tenperatura altuko uraz garbitu, eta ontzia iragazgaitu dute. Iturriak zilindro formako idulki bat du, eta haren pean iturriaren ontzia dago, eta biak Nafarroako eta Erronkariko ezkutuek bereizten dituzte. Ontzia erliebean zizelkatutako hamalau irudiek apaintzen dute: tenore erronkariarraren ibilbidearen loriatzea eta haren heriotzak ekarri zuen atsekabea sinbolizatzen dituzte. 

Idulkiaren goialdean Julián Gayarreren estatua dago, une jakin bat irudikatzen: Georges Bizet konpositore frantziarraren Les pecheurs de perles opera kantatzen, Madrilgo Errege Antzokian, 1889ko abenduaren 8ko gauean. Bideak eta iturriak bat egiten duten tokian ontziaren inguruko diametroa zolatu dute, 50 zentimetroko zabalerarekin.

¿Te ha sido útil esta página?