Udalak sormen artistikorako dirulaguntzak bultzatu ditu, aurten hasiera-fasean dauden proiektuei bakarrik zuzenduta

Udalak sormen artistikorako dirulaguntzak bultzatu ditu, aurten hasiera-fasean dauden proiektuei bakarrik zuzenduta
Proiektuak deialdiaren oinarriak NAOn argitaratu ondoren aurkezten ahalko dira

ayudas a la creación artística

Iruñeko Udalak sormen artistikoko proiektuen lehiaketarako deia egin du aurten ere, eta zenbait aldaketa txertatu ditu, adibidez hasiera-fasean dauden proiektuak soilik aurkezten ahalko direla, horrela ideia artistikoen garapena bultzatzeko. Hala, burutu gabeko proposamen berriak eta jatorrizkoak lehiatuko dira. Oinarrien xehetasunak datozen asteotan emanen dira argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta proiektuak ordutik aurrera aurkezten ahalko dira. Badira beste berritasun batzuk: balorazio-irizpideek gehiago erreparatuko diete proiektu artistikoari berari eta haren ezaugarri berritzaile eta originalei, eta sariaren kopurua epe bakarrean ordainduko da, osorik, saria onartzen den unean.

Laguntza hauek sormena sustatzera bideraturik daude, hori aurrez egin beharreko ezinbesteko pausoa baita kultur proiektuak gauzatzeko, eta hori horrela, honako ikerlan-proposamen hauek izan daitezke dirulaguntzen xedea: hasierako ideia, hipotesi edo kontzeptutik abiatuta proiektu baten interesa, originaltasuna edo egokiera aztertzera bideraturik daudenak, edo gero produktu edo prozesu artistikoa bihurtzeko proiektuek duten bideragarritasuna neurtzera bideratutakoak.

Lehiaketak 30.000 euro ditu, 3.000 euroko hamar saritan banatzeko. Lehiaketaren xedea Iruñeko sormen-jarduera sustatzea da, eta horretarako laguntza ematen zaie honako esparru hauetan garatutako sormen-proiektuei: arte eszenikoak, plastikoak, musikalak, literarioak, ikus-entzunezkoak eta kulturako bestelako adierazpen artistikoak. Deialdian parte hartzen ahalko dute Iruñean erroldatutako pertsona fisikoek, banakako proiektu batekin edo talde-proiektu baten partaide gisa.

Parte-hartzaile bakoitzak sormen-proiektu bakarra aurkezten ahalko du, edo proiektu bakarrean parte-hartu. Baloratuko dira proposamenaren kalitate artistikoa eta originaltasuna, proiektuaren ezaugarri berritzaileak, eta proposamenak Iruñean izan dezakeen eragina. Ezin izanen dira aurkeztu Udalaren beste deialdiren batean diruz lagundutako proiektuak.