Iruñeko Udalak Sanferminetako Mahai Orokorra osatzen duten talde guztiei bidali die aurtengo txupinazoa nork jaurtiko duen aukeratzeko parte hartzeko prozesurako dokumentazioa. Asteazken arratsaldean mahaia osatzen duten 80 kolektibo baino gehiago bildu ziren Kondestablearen jauregian, eta bertan 2024ko sanferminei hasiera emateaz arduratuko den pertsona edo erakundea hautatzeko araudiaazaldu zitzaien.
Araudi horretan, lehen fase bat aurreikusten da, non Sanferminetako Mahai Orokorrean dauden elkarteek proposamenak eginen dituzten, bidali zaien dokumentuaren bidez. Bertan, merezimenduen memoria labur bat eta proposatzen den pertsonaren edo erakundearen berariazko baimena jaso beharko dira. Proposamenak maiatzaren 6tik 19ra bitartean aurkeztu beharko dira erregistroaren bidez. Mahai Orokorrak bost hautagai aukeratuko ditu maiatzaren 22an, eta herritarrek maiatzaren 27tik ekainaren 9ra emanen dute botoa bat aukeratzeko. Aukeratutako hautagaia ekainaren 11n ezagutaraziko da prentsaurreko bidez.
Datorren asteko asteazkenean, otsailak 28, Sanferminetako Mahaiaren beste saio bat eginen da Erraldoien Patioan, 18:30ean. Bertan, kolektiboen proposamenak jasoko dira, sanferminetan espazioak lagatzeko prozesuari hasiera emateko. Segurtasuneko eta Kulturako Alorrek deitutako bilera horretan, hiriko hainbat erakundek izanen dituzten gune autogestionatuen kokapen fisikoak aztertuko dira.
Bilera horien helburua herri-sanferminen eredua bultzatzea da, tradizioak sustatzeaz gain, herritarrek festan ikuspegi guztietatik parte har dezaten sustatuz eta eraso sexistarik gabeko jaien segurtasuna azpimarratuz.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Udalak Sanferminetako Mahaia osatzen duten talde guztiei bidali die txupinazoa nork jaurtiko duen aukeratzeko parte hartzeko prozesurako dokumentazioa