
Iruñeko Udala Ingurabideko pasealekuaren eta San Domingo aldaparen artean dagoen zuhaitzez betetako ezpondaren garbiketa amaitzen ari da aste honetan, Descalzoseko igogailuaren eta eskorten arteko tartean. Sei lanegunetan, garbiketa-zerbitzuek 50 litroko edukierako 50 poltsa bildu dituzte, mota guztietako hondakinekin: poltsak, botilak eta kristalak, maletak, arropa edo zapatak, eta, ziur asko, goiko aldetik botatzen den zaborra. Ezponda horren garbiketa-lanek 6.750 euroko gastua eraginen dio Udalaren diru-kutxari, eta bost lagunez osatutako lantalde bat zazpi egunez lanean arituko da.
Ezponda hori Iruñeko birika berdeetako bat da; izan ere, lurraren arrasean dagoen landare-tapizaz gain, dagoeneko finkatuta dauden eta berez hazten diren zuhaitzak ditu, batez ere lizarrak eta astigarrak. Gainera, zuhaixkak ere badaude, hala nola intsusa eta igokari batzuk, huntza kasu. Gizakiak igarotzen diren bi kaleren artean dago, eta animaliendako babeslekua da, hala nola hainbat hegazti motarendako (amilotx urdinak, kaskabeltzak, txantxangorriak...), anfibio eta narrastiendako, eta katagorriendako, lursaguendako eta beste karraskari txikiendako, baita saguzarrendako ere. Halaber, bisoi europarra –ibaien ibilguen inguruan bizi den espezie bereziki babestua– berreskuratzeko laguntza-puntu bat izaten ahal da.
Hala, ezponda horrek zenbait balio biltzen ditu, hala nola landare- eta fauna-biodibertsitatea hobetzea, Iruñeko airearen kutsatzaileak kentzen laguntzea, "bero-uharte" gisa berotegi-efektuaren aurka lan egitea eta hiri-bilbearen ibilbidea edertzea, ibai-parkeko paisaiari jarraipena ematen dio eta. Ezponda hori, halaber, "hormetako landaredia" izenekoaren adierazle ona da. Iruñearen kasuan, kontzeptu hori monumentu nazional eta kultura-intereseko ondasun izendatutako ondare gotortuarekin lotuta dago, eta, gainera, urbanizatuta dagoen eremu batean (kaleen artean) dagoen eta ezaugarri horiek dituen hiriko ezponda bakarra da.
Udala, egun hauetan, hainbat ikuspegitatik esku-hartzen ari da eremuan. Alde batetik, behar ez bezala eta Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantzari aurka eginez, botatako elementuak garbitzean. Ordenantzak ondasun eta espazio publikoak eta hiriaren hirigintza- eta arkitektura-ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea du xede, jasate ahal dituen eraso, aldaketa eta erabilera ez-zilegiei aurre egiteko. 11.2 artikuluak debekatzen du "Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haien estetika eta gustu onari kalte egiten ahal dion beste edozein produktu botatzea", eta zehapenak ezartzen ditu.
Bestalde, Udala arrisku-kudeaketaren ikuspegitik ari da zuhaiztian lanean, eremua sasiz garbituz adarrak erortzea edo haustea saihesteko. Gainera, mantentze-lanetako zerbitzuak aleak (kimuak) kendu, zatitu eta ezpondaren gainazalaren gainean tontor txikietan pilatu ditu. 50 cm-tik metro batera bitarteko luzera duten material-metaketak dira, eta "babes-tontor" gisa pentsatuta daude, hainbat fauna-espezie hazten laguntzeko.