Udalak Rexcatering proiektu pilotuan parte hartzen du; egitasmo horri esker, eskola-jantoki bateko soberakinak gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan edo egoeran dauden familiek jasotzen dituzte

Udalak Rexcatering proiektu pilotuan parte hartzen du; egitasmo horri esker, eskola-jantoki bateko soberakinak gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan edo egoeran dauden familiek jasotzen dituzte
Jaten ez diren elikagaiak ontziratu, etiketatu eta saltzeko makinen bidez eskaintzen dira: erabilera publikokoak dira, anonimoak eta doakoak
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruleko Udalak elikagaiak ez xahutzeko proiektu pilotu bat jarri du martxan. Jesulagunen eskolako jantokian prestatutako jakien soberakinak, behar bezala tratatuta, Iruñean gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan edo egoeran dauden familiei eta pertsonei emanen zaizkie. Zerbitzu hori emateko, sistema antolatu bat behar da, elikagaien kalitate altua eta erabiltzaileen eskubideen errespetua bermatzeko. 

Ikasleek proiektuan parte hartzen dute Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektu baten bitartez. Gaur (osteguna) inauguratu da ekimena, eta bertan izan dira Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria eta Udalbatzako beste kide batzuk, Sagrario Vera Huarte Jesuitas Pamplona ikastetxeko zuzendariarekin eta Álvaro Saiz Ruiz Residuo Cero fundazioko zuzendariarekin batera. Aurkezpenean Rubén Unanua Ruiz Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendariak eta Edna Arteaga ikasleak ere parte hartu dute.  

Rexcatering proiektua prestatutako elikagaien soberakinak ez xahutzeko sistema berritzailea da, eskola-jantokietan elikagaiak alferrik galtzea prebenitu eta elikadura-jasangarritasunaren kultura sustatzeko, eta Iruñeko Udalaren ekonomia zirkularreko, gizarte-kohesiorako eta ingurumen-inpaktua murrizteko helburuekin bat dator.

Elikagaiak Udalak aukeratutako toki batean jarritako vending makinen –erabilera publikokoak, anonimoak eta doakoak– bidez eskuratzen dira. Horretarako, eskola-jantokian zerbitzatu eta banatu ez diren elikagaiak jatorrizko sukalde-jantokian erretiluetan ontziratzen dira beroa erabilita, eta tratamendu termikoa ematen zaie. Ondoren etiketatu eta hozkailuetan eramaten dira saltzeko makinetara.

Etiketan janariaren izena, ontziratze- eta iraungitze-data, alergenoei buruzko informazioa eta trazabilitate-kodea adierazten dira, bai eta kontserbatzeko eta kontsumitzeko argibideak ere. Informazioa gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko da. Fundación Residuo Cero enpresa adjudikaziodunak kontsumorako gaien stocka kontrolatu eta elikagaiak eskuragarri egotea ziurtatzen du. Proiektua hilabete honetan jarri da martxan, eta 2025eko abenduan diseinatu zen.

Elikagaien aprobetxamendua
Rexcatering proiektuak 9.088,66 euroko aurrekontua du, eta hainbat fasetan egin da. Hasteko, bilerak egin ziren udal-arduradunekin, sukaldeko taldearekin, ikastetxeko zuzendaritzarekin eta ikasleekin. Sukaldeko langileendako eta hezkuntza-lantaldearendako prestakuntza ezartzeaz gain, jantokirako material grafiko eta pedagogikoak elkarrekin diseinatu zituzten, eta engaiatutako eragileekin protokolo logistikoa eta elikadura-protokoloa adostu ziren.

Zerbitzatu ez diren eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten soberakinak anoa bakarreko eta beroz zigilatutako erretilu konpostagarrietan banatzen dira, eta eraisketa termikoko prozesu bat jasaten dute, 90 minutu baino gutxiagoan errefrigerazio-tenperatura seguruak lor ditzaten. Anoa bakoitza banaka etiketatu eta hozteko motxiletan eramaten dute makinetara. Makinak hoztuta daude ere eta elikagaiak doan eskuratzen ahal dira bertan.

Sistema digital baten bidez produktuen egoera eta trazabilitatea gainbegiratzen ahal da. Sistemak, halaber, ingurumen-inpaktuak ere kalkulatzen ditu: isuri ez diren CO2 kilogramoak, aurreztutako ur litroak, beste parametro batzuekiko baliokidetasuna (dutxa edo gasolina kopurua). Sistemak oinarri du makineria profesionalaren –mantentze-lanak barne hartzen dituen alokairuaren bidez–, material seguruen eta sistema digital propioaren erabilera bateratua.
Proiektuari dagokion langile-taldean arduradun bat, koordinatzaile pedagogiko bat, logistikako teknikari bat eta euskarri teknologiko digitala daude. Enpresa adjudikaziodunak proiektua gauzatzeko aseguru bat dauka.

Balio erantsi gisa, Rexcatering programak emisioak gutxitu eta ura aurrezten du, hezkuntza-komunitatea elikagaien balioaz sentsibilizatzen du, soberakinak murrizten ditu, sukaldaritza benetako kontsumora egokitzen du, eta eskuratutako jakintzaren transferentzia bat sortzen du, beste udalerri batzuetan ere kopiatu daitekeena.
 

¿Te ha sido útil esta página?