Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak aste honetan onetsi du Arga, Elorz eta Sadar ibaietako uraren kalitatea hobetzeko protokolo bat idazteko kontratuaren lizitazioa. Protokolo horrek herritarrei zuzendutako hezkuntza-programa bat ere izanen du. Kontratuak 129.040,21 euroko aurrekontua du, eta RUNA 2025 proiektuaren barruan dago. Proiektu horrek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren finantzaketa du, NextGenerationEU Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
2025eko irailera arte, ibai horien 16 puntutan (Arga ibaiko 8 puntutan, Sadar ibaiko 4 puntutan eta Elortz ibaiko 4 puntutan) indize biotikoak, fisiko-kimikoak, mikrobiologikoak eta faunari dagozkionak zehaztea izanen da egin beharreko lana. Lan horretan sartuko dira laginak hartzea, emariak neurtzea, arrainen laginketa egitea, laborategiko karakterizazioak eta/edo analisiak egitea, ibaien egoera biologikoari buruzko memoria egitea eta prebentzio-neurrien eta neurri zuzentzaileen protokolo bat idaztea.
Azterketa hori beharrezkoa da gainazaleko uraren kalitate-egoera ezagutzeko, zergatiak aztertzeko eta, kalitate-emaitzak onenak ez badira, kalitate-helburu horiek lortzeko jarduketak ezartzeko, bai eta hiri-bilbearen barruan etorkizunean esku hartzeak egiteko eta betearazteko neurriak hartzeko ere. Neurri horiek hiru ibai horien ibilguan dauden gainerako udalerrietara ere zabal daitezke.
Lizitazio horrek barne hartzen du hezkuntza-programa bat aurkeztea, herritarrak uraren erabileraz eta Arga, Sadar eta Elortz ibaietako uraren kalitatea hobetu beharraz kontzientziatzeko. Helburuak, jarduerak, xede-taldea eta herritarrei zuzendutako komunikazioa deskribatu beharko dira. Hezkuntza-programa horrek koherentea izan beharko du Iruñeko Udalaren curriculum akademikoekin eta hezkuntza-eskaintzarekin, eta jarduerak gaztelaniaz eta euskaraz eskaini beharko ditu. Adjudikazioa eskuratzen duenak jarduera sorta bat proposatu beharko du, horiek egiteko behar diren materialak barne, eta jardueraren ondorengo ebaluazioa eta amaierako memoria aurkeztu beharko ditu.