Pio XII.aren etorbidean korridore jasangarri bat sortzeko obren lizitazio-aurrekontuak 1.993.795,75 euro jotzen du, eta obrak egiteko sei hilabeteko epea ezarri da, maiatzaren bigarren hamabostaldian hasi eta azarora arte, sanferminetan lanak eten behar dira-eta. Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du proiektu honen kontratuaren lizitazioa, halako proiektu bat ezen oinezkoak eta garraiobide jasangarriak lehenesten dituen mugikortasun-kontzeptu berri baten alde egiten baitu.
Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendari Cristina Arregik eta Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Zerbitzuko arduradun Alexia Cantok xehetasunak eman dituzte Pio XII.aren etorbidean -zehazki Irunlarrea eta Basotxo kaleen arteko tartean- gauzatuko den proiektuaren inguruan. Nafarroa etorbidearen eta Irunlarrea kalearen arteko tarte hori aurrerago landuko da; izan ere, Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendariak azaldu duenez, tarte horretan ikerketa xehatuago bat egin behar da, jada abian dena, baina zeinari aurrerago helduko baitzaio.
Korridore jasangarriaren proiektua obren lizitazioarekin abiatuko da, eta gero obrak gauzatuko dira, espazioa egokitzeko banaketa-eredu berriarekin bat, oinezkoendako, bizikletendako eta hiri-garraioarendako leku gehiago irabazteko. Jarduketa honen bitartez Iruñeko Udalak hiria moldatu nahi du bertako mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin, beste proiektu batzuen bide beretik, hala nola Zabalgunea eta hiriko erdialdea atsegin egitekoarena. Izan ere, zirkulazio bareagoa duen hiri seguruagoa eta irisgarriagoa lortu nahi da, betiere Iruñerriko Mankomunitatean prestatzen ari den Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planarekin (PMUS) modu koordinatuan eta bateragarrian.