Udalak parte hartzeko prozesu bat abiatu du Santa María la Real auzoa eraldatzeko: irisgarritasuna, azpiegiturak eta bizi-kalitatea hobetu nahi dituzte

Udalak parte hartzeko prozesu bat abiatu du Santa María la Real auzoa eraldatzeko: irisgarritasuna, azpiegiturak eta bizi-kalitatea hobetu nahi dituzte
Prozesuak hiru fase izanen ditu, maiatzetik abendura bitarte, eta 2026aren hasieran ekintza-planaren lanketa esleitzea espero dute

Iruñeko Udalak parte hartzeko prozesu bat abiatuko du hil honetan Santa María la Real auzoko espazio publikoa hobetzeko. Hiru fasetan eginen dute prozesua, 2025eko maiatzetik abendura bitarte. 2026aren hasieran ekintza-planaren lanketa esleitzea espero dute irisgarritasuna eta azpiegiturak hobetzea izan beharko du ardatz. Goitik behera eraldatu nahi dute auzoa, herritarrak komunitatearen parte senti daitezen eta haien bizi kalitatea hobetzeko.

Parte hartzeko prozesuaren helburua da Santa María la Realeko auzotarren bizi-kalitatea neurtu eta nola hobetu daitekeen aztertzea. Halaber, espazio publikoa beste eredu baten arabera antolatu nahi dute, auzotarren, merkatarien eta bisitarien beharrak oinarri hartuta, eta auzoan dauden zerbitzu publikoen konektibitatea hobetu nahi dute, herritarrendako eskuragarriagoak izan daitezen. Ekintza-planari esker, harremanak egiteko gune berriak sortuko dituzte auzoan.

Partaidete hartzeko prozesuak komunitateari bide emanen dio zer ideia dituzten adierazi eta ingurua eraldatzeko proposamenak egiteko, hiru fasetan. Lehen fasean diagnostiko bat eginen dute denen artean, auzoko egoera soziala, kultur aniztasuna eta elkarteen sarea aintzat hartuta, eta ideien lehiaketarako oinarriak adostuko dituzte: maiatz-ekainetan eginen dute lehen fase hori. Hori guztia egin ahal izateko, auzoarekin lotura dutenei informazioa eman eta sentsibilizatzeko saioak eginen dituzte, bai eta zer etorkizun nahi duten aztertzeko ekarpenak bildu ere. Erabaki Iruña plataformaren bidez bilduko dituzte ekarpenak.

Saioak aurrez aurre izanen dira, maiatzaren 13an, 20an eta 27an, eta ekainaren 10ean, asteartez beti, Santa María la Realeko Belaunaldiarteko zentroan (Mutiloa kalea 19), 18:30etik 20:30era. Prozesua herritarrei aurkeztu eta auzoaren historiaz hausnartuko dute. Halaber, egoeraren mapa orokorra osatuko dute denen artean lantegi batean, bide publikoa aztertuko dute ibilaldi batean, eta denen artean osatutako diagnostikoa eta lehiaketa aurkezteko saio bat eginen dute: ordura arte eginiko jardueretako emaitzak aurkeztu eta parte-hartzaileen artean elkarrizketa ireki bat eginen dute.

Bigarren fasea uztailetik irailera eginen dute, eta ideia-lehiaketa izanen da jarduera nagusia: lehen fasean bildutako ekarpenak erabiliz auzoa berrurbanizatzeko ideiak bilduko dituzte. Epaimahai profesional batek hautatuko du proposamenik onena, eta hurrengo fasean proposamen hori eztabaidatuko dute.

Hirugarren fasea urritik abendura bitarte izanen da, eta ideia-lehiaketa irabazi duen proposamena herritarrei azaldu, eta hura hobetzeko iradokizunak bilduko dituzte. Herritarren ekarpenak txosten tekniko batean jasoko dituzte, eta txosten hori aintzat hartuko dute kontratua negoziatzeko orduan. Saio horiek ere aurrez aurre izanen dira, baina Erabaki Iruña plataforma ere gaituko dute parte hartzea errazagoa izan dadin.

Iruñeko Udalak Santa María la Realeko komunitate osoari luzatu dio gonbita modu aktiboan parte hartu dezaten prozesu horretan; izan ere, bide emanen du auzoa irisgarriagoa eta bateratuagoa izan dadin eta auzoko espazio publikoak auzotarren beharrak eta nahiak islatu ditzan.
 

HERRITARREK PARTE HARTZEKO PROZESUA
Tokia: Santa María la Realeko Belaunaldiarteko Zentroa (Mutiloa k. 19, behea) Ordutegia: 18:30 – 20:30.

1. fasea. Diagnostiko Partekatua eta Ideien Lehiaketarako Oinarriak Adostea (2025eko maiatza – ekaina)
o    Maiatzak 13, asteartea. Parte hartzeko prozesua aurkezteko saioa.
o    Maiatzak 20, asteartea. Elkarrekin egoeraren mapa osatzeko saioa.
o    Maiatzak 27, asteartea. Espazio publikoa aztertzeko ibilaldia.
o    Ekainak 10, asteartea. Diagnostikoa itzultzeko eta ideia-lehiaketa aurkezteko saioa.

2. fasea. Ideia-lehiaketa (2025eko uztaila – iraila) 
3. fasea. Auzoa Eraldatzeko Neurriak Kontrastatzea eta Negoziatzea (2025eko urria – abendua) 



 

 

¿Te ha sido útil esta página?