Udalak parte hartu du ‘non-touch’ gailuak 3Dn inprimatzeko ekimenean, erabilera komuneko elementuak, hala nola teklatuak, heldulekuak eta sakagailuak ukitzea saihesteko

Udalak parte hartu du ‘non-touch’ gailuak 3Dn inprimatzeko ekimenean, erabilera komuneko elementuak, hala nola teklatuak, heldulekuak eta sakagailuak ukitzea saihesteko
Ekimena Erizainen eta Ingeniarien elkargoek abiatu dute, eta Udalak elementu horiek jaso, desinfektatu eta gero banatzen lagunduko du
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udalak bat egin du Nafarroako Erizainen Elkargoak eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak abiatutako ekimenarekin, 3D inprimagailu bidez ‘non-touch (ukitu gabe)’ gailuak egiteko. Etxetik kanpo egiten diren eguneroko ekintzetan erabiltzeko tresna da, esaterako igogailua deitzeko, kutxazain automatikoan aritzeko edo datafonoko zenbakiak sakatzeko. Tresna honetaz baliatuta, eskuekin ukitu gabe egin daitezke horiek guztiak eta, horrela, kutsatzeko arriskua murrizten da. Kanpaina honetan, Iruñeko Udaltzaingoak, SAR Navarra GKEak eta Tuterako Babes Zibilak ere laguntzen dute.
 

Gailua forma anatomikoarekin bat diseinatu dute, eskuari egokitzeko moduan. Baditu, halaber, ateetako heldulekuak irekitzeko kako bat, hiru hortz borobildu botoiak edo teklak sakatzeko eta zirrikitu bat giltzak sartzeko. Nafarroako Erizainen eta Industri-Ingeniarien elkargo ofizialek dei egin diete hala makers-ei, hau da, 3D inprimaketako enpresei nola ekimenarekin bat egin nahi duen beste edozein enpresari, laguntza eman dezaten gailu hauek egiteko, jendearen artean gero banatu ahal izateko.
 

Oraingoz, Gazteriaren Etxeaz gain beste 15 enpresak  egin dute bat proiektuarekin, beren 3Dko inprimagailuen bidez;honako hauek, hain zuzen: 3DBide, Arkal Automotive, Biyok Ingenieros, Das-Nano, Dinabide Estampaciones Mayo, Gurpea, Innovaland, Joycar, Lamapor, Lizarte, Magotteaux, TRW, SAPREM eta Seinsa. Gailu hauek egiterakoan ere arriskuak saiheste aldera, higiene-neurri zorrotzak hartzea gomendatzen da (ahal dela maskak eta eskularruak erabiltzea lanean) eta tenperatura hartzea lanari ekin baino lehen. Inork sintomarik badu, dela etxean dela enpresan, hau da, eztula, sukarra edo  arnas hartzeko zailtasuna, ez du fabrikazio-prozesuan parte hartu behar. 
 

Gailuak egiten bukatu ondoren, horiek jaso eta desinfektatu egin behar dira. Iruñean Iruñeko Udaltzaingoa, Gurutze Gorria eta DYA arituko dira gailuak jasotzen, eta Tuteran hango udaltzainak. Desinfekzioa, bestalde, SAR GKEak prestatutako puntu batean, Iruñeko Udaltzaingoan eta Tuterako Babes Zibilean eginen da. Gailuak, gero, Iruñeko eta Tuterako udaletara igorriko dituzte, eta horiek ezinbesteko udal-zerbitzuetan ari diren langileen artean eta herritarren artean banatuko dituzte, supermerkatu, elikadura-denda, farmazia, osasun-zentro eta abarren bidez. Pieza hauek eskatzeko, posta elektronikoko helbide honetara jo: nontouch@enfermerianavarra.com.
 

Erabiltzeko eta desinfektatzeko aholkuak

Gailu hauek egoki erabiltzeko garrantzitsua da zenbait aholku kontuan hartzea: gailua etxetik kanpo erabili behar da, sakelan edo poltsan gorde behar da, erraz topatzeko moduan, hartzeko tokitik heldu behar zaio, eta etxera bueltatu eta berehala desinfektatu behar da, berriz ere erabiltzeko prest egon dadin. Gogora ekarri nahi dugu gailu hau erabiltzeak ez duela inola ere ordezten eskuak sakon eta maiz garbitzeko beharra.
 

Erabiltzen den lehenbiziko aldian, eta ondoren, erabiltzen den aldi bakoitzean desinfektatu behar da gailua, dela lainoztatuta, dela lixiba duten disoluzioetan (parte 1 lixiba, eta 50, ur) edo 96º-ko alkoholetan (7 parte alkohol, eta 3, ur) sartuta. Ekimen hau osasun-krisiaren hasieran, martxoaren erdialdean, abiatutako beste baten ildo beretik doa; izan ere, orduan segurtasun-babeseko materiala eta segurtasun-pantailak 3Dn inprimatu ziren, Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialak homologatutako diseinu batez.

¿Te ha sido útil esta página?