Iruñeko Udalak Herritarren Partaidetzako Erregelamenduaren garapena sustatu behar du, bertan jasota dauden lurraldeko eta sektoreko partaidetza-organoak sortzen eta eratzen hasteko, hiriko Gizarte Kontseilua, organo aholku emaile gorena, barne harturik. Erregelamendua ezagutzera emateko eta haren hedapena eta ulermena errazteko, Partaidetzako Erregelamenduaren gida-laburpen bat argitaratu da, www.participa.pamplona.es webgunean eskuragarri dagoena.
Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta José Manuel Santana alor bereko zuzendariak azaldu dituzte erregelamendua garatzeko lanaren ildo nagusiak, non herritarrek udal-bizitzan eta -kudeaketan parte-hartzeko moduak, bitartekoak, prozedurak eta bideak arautzen baitira. Partaidetzako Erregelamenduak urtarrilaren 11n hartu zuen indarra, behin Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.
Aurreikusitako partaidetza-organoak eratzeko zenbait urrats eman behar dira; lehenengo eta behin, Herritar Aktiboen udal-errolda sortu eta Demokrazia partizipatiboaren tokiko behatokia eratu behar da; gero, lurraldeko eta sektoreko partaidetza-organoak sortu behar dira, eta azkenik, prozesuari buru emateko, Hiriko Gizarte Kontseilua eratu.
Demokrazia Partizipatiboaren tokiko behatokia (DPTB)
Organo hau, Iruñeko Demokrazia Partizipatiboaren Tokiko Behatokia –DPTB–, "udalerrian izaten diren partaidetzako esperientzien jarraipena eta analisi partekatua egiteko" espazioa da. Haren eginkizuna funtsezkoa da aurreikusitako gainerako partaidetza-organoak sortzeko; izan ere, aurrez, txosten bat egin behar du horien guztien egokitasunari buruz, Osoko Bilkurak horiek sortu aitzin, Erregelamenduaren 5. artikuluak jasotzen duenarekin bat. Horrek barne hartzen du Hiriko Gizarte Kontseilua ere.
Erregelamenduak Behatokiari (DPTB) ematen dion funtsezko eginkizun hori dela-bide, eta kontuan harturik Erregelamenduak ez duela aurreikusten ez haren osaera, ez funtzionamendu-erregelamendua, asmoa da horren osaera egitea ahalik eta adostasun handiena lortuta udal-talde guztien artean. Hori horrela, datozen asteetan proposamen zehatz bat aurkeztuko da Herritarren Aferen Batzordean. Behin Behatokia onetsi eta eraturik, hurrengo urratsa izanen da hirian jardunean ari diren partaidetza-organoak –hala nola, auzo-eztabaidaguneak, mahai eta kontseilu sektorialak– erregelamendu berrira egokitzea.
Behatokia sortzearekin batera, prozesu bat abiatu da Herritar Aktiboen eta Kolektiboen Udal Errolda sortzeko. Bertan Iruñeko edozein auzotarrek ematen ahal du izena, baldin eta interesa badu aktibatu behar diren organo eta prozesu ezberdinetan parte hartzeko. Errolda hori ere Erregelamenduan aurreikusita dago, eta bidea ematen du, batetik, parte hartzeko interesa duten pertsonei eta kolektiboei deia egiteko, eta, bestetik, behar izanez gero, zozketa bidez izendatzeko auzo-eztabaidagune eta sektoreko organo bakoitza Hiriko Gizarte Kontseiluan ordezkatuko duten bi pertsonak.
Halaber, Udalak inkesta bat egin behar die Herritarren entitateen udal-erroldako elkarteei eta entitateei, Iruñeko gizarte-ehunaren egoera aztertzeko asmoz, batez ere, COVID-19aren testuinguruan, Udalaren lankidetza publiko-sozial egokia ahalbidetzea xede harturik.
Sektoreko kontseiluak eta Auzo-eztabaidaguneak
Herritarrek udal-gaietan zuzenean parte hartzeko beste bi organo garrantzitsu hauek –Sektoreko kontseiluek eta Auzo-eztabaidaguneek– arau berrira egokitu beharra dute eta beren funtzionamendu-erregelamenduaz hornitu. Hartara, deitzekoak diren sektoreko hurrengo mahai eta kontseiluetan, eztabaidagaietako bat izanen da, hain zuzen, funtzionamendu-erregelamendurako hastapen-lanak eta Hiriko Gizarte Kontseiluan ordezkari arituko diren bi lagunen izendapena. Sektoreko partaidetza-organo horiek “herritarren partaidetzarako organo egonkor gisa eratuko dira, eta herritarren partaidetza bideratu, erraztu eta sustatuko dute sektore-mailako udalerriko gaien kudeaketan (zerbitzuak, planak, programak, proiektuak eta jarduketak)”.
Auzo-eztabaidagunea auzoak “parte hartzerako duen organo irekia da, eta bertan parte hartzen dute auzoko gizarte- eta ekonomia-ehuna osatzen duten kolektibo guztiek, herritar aktiboek eta herritarrek, oro har”. Ikasturte honetako auzo-eztabaidaguneen egutegi berria urrian hastekoa da eta auzotarrekin eginen diren bileretan helburua da, hain zuzen, auzo-eztabaidaguneak Erregelamendu berrian aurreikusitakoarekin bat eratzeko prozesua azaltzea eta abiatzea, eta Gizarte Kontseilurako ordezkariak izendatzea.
Hiriko Gizarte Kontseilua
Hiriko Gizarte Kontseilua, Partaidetzako Erregelamendu Organikoak definitzen duenaren arabera, “partaidetzarako organo aholku-emaile gorena da, eta informazio-, azterketa-, eztabaida- eta aholkularitza-funtzioak betetzen ditu gure hiriaren garapen estrategiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean eragina duten udal-politikako ildo handiak zehaztu eta erabakitzeko orduan”. Bere helburua denon artean gogoeta sustatzea eta bideratzea da, hiriaren jasangarritasunean, kohesio sozialean eta garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean –eta, batez ere, etorkizunerako estrategian eta proiektu handietan– eragina duten gai handien inguruan.
Era berean, “hirian han eta hemen dauden sektoreko eta lurraldeko partaidetza-organoak koordinatzeko gunea ere bada. Partaidetza-sarearen erdiko gunea da; ikuspegi eta interes desberdinak dituzten eragileak biltzen dira bertan, baina helburu erkide batekin: inplikatzea eta elkarrekin lan egitea Iruñeko bizi-kalitatea hobetzeko”. Bere funtzioa txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea da arlo hauetaz bezainbatean: garapen lokala, soziala, ingurumen arlokoa eta ekonomikoa; hiriaren plangintza estrategikoa eta hirigintza-proiektu handiak.Txostenak ez dira lotesleak izanen.
Iruñeko alkatea da Hiriko Gizarte Kontseiluaren burua, eta honako hauek osatzen dute: Udalean ordezkaritza duen udal-talde bakoitzeko pertsona bana, lurraldeko partaidetza-organo bakoitzaren bina ordezkari, sektoreko partaidetza-organo bakoitzaren bina ordezkari, enpresa-erakundeen, unibertsitateen eta sindikatuen ordezkariak –horietako bakoitzaren bat–, eta administrazio autonomikoaren ordezkari bat, berak proposatua.
Haren eraketa konplexua dela-bide, erregelamendu berriak diseinatutako partaidetza-piramidearen erpina baita, Udalak, Herritarren Partaidetzako Alorraren bidez, hura eratzerako berme guztiak eduki nahi ditu, Erregelamenduak ezarritako baldintza eta prozeduretara egokitzeko. Hori dela eta argitaratu da www.participa.pamplona.es webgunean Partaidetzako Erregelamenduaren gida-laburpena.