Ostiralean, azaroak 1, Iruñeko Udalak ohiko errespontsua eginen du Pablo Sarasateren mausoleoaren aurrean, San José hilerrian. Santu Guztien Egunaren kariaz, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kide batzuek parte hartuko dute, 12:00etan, omenaldi batean, gogora ekartzeko konpositore eta biolin-jotzailea zein hilerriko gainontzeko hildako guztiak.
Musika-pieza bat joz emanen diote hasiera ekitaldiari Nafarroako Orkestra Sinfonikoko hainbat kidek: Anna Siwek eta Daniel Menéndez (biolinak), Jerzy Wojtysiak (biola) eta Tomasz Przylecki (biolontxeloa). Pablo Sarasateren Romanza Andaluza 22 op. 1. zk. lana joko dute, Jerzy Wojtysiak hari-laukoterako moldatua. Euria egiten badu, omenaldiaren zati hau bertan behera geldituko da. José Antonio Goñi San Zernin elizako erretoreak errespontsua egin eta gero, Iruñeko alkateak lore-koroa jarriko du Sarasateren mausoleoan, udalbatza osoaren izenean.
Jarraian, 13:00etan, San Nikolas elizan errespontsu-meza emanen dute Pablo Sarasateren oroimenez, Santa Cecilia Kontzertuen Elkarteak antolatuta. Juan Luis Lorda apaizak eginen du elizkizuna.
Pablo Sarasate Iruñean jaio zen 1844an, eta Biarritzen hil, 1908an. 1902an Iruñearen seme kutuna izendatu zuten, eta urte baten buruan, mundu osoan ezagunak ziren ospea eta lan-ibilbidea zirela-eta, hiriak bere pasealekurik garrantzitsuenetako bat eskaini zion. San José udal-hilerrian panteoia dauka 1879tik, Pablo Sarasate orkestra (egun Nafarroako Orkestra Sinfonikoa dena) sortu zuen urte beretik. Sarasatek bere partitura, koadro, diploma, garaikur eta musika-tresnak utzi zizkion Iruñeari, eta Kondestablearen Jauregiko (Kale Nagusia, 2) lehen solairuan dagoen Museoan ikus daitezke.