Udalak Olentzerori eginen dio harrera, bihar, asteartean, 19:30a aldera

Udalak Olentzerori eginen dio harrera, bihar, asteartean, 19:30a aldera
La Pamplonesa musika bandak zapia jantziko dio Olentzerori Udaletxera iritsitakoan
olentzero

 

Olentzerori bihar, asteartean –abenduak 24–, eginen dio harrera Iruñeko Udalak, 19:30a aldera Ekitaldian Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kide batzuek parte hartuko dute. Udaletxera iritsitakoan La Pamplonesa musika bandak zapi koadrodun handia jantziko dio Olentzerori; zapian “Iruñeko Udala, Ayuntamiento de Pamplona, Olentzero 2019” esaldia brodatu da urre-koloreko hariaz, eta Iruñeko armarria du. Zehazki, Jesús Garisoain bandako zuzendariordea arduratuko da horretaz.
 

Horrela, Iruñeko Udalak La Pamplonesa musika bandari urteko azken omenaldia eskaini nahi izan dio, 2019an mendeurrena ospatu baitu. Hamabi hilabeteotan jaso dituen aintzatespenetako bat, adibidez, iruindarrek Txupinazoa jaurtitzeko hautatu zutela izan da, eta, halaber, Milagrosa auzoan dagoen hiriko plaza bati izena eman dio. 1919an sortu zenetik, Herritarren Aferen Batzordearen adierazpen batean jaso bezala, musika-talde hau “Iruñeko kultur ikurra bihurtu da”, eta “emanaldi- zein ikusle-kopuruaz bezainbatean, Iruñeko lehen musika-talde nagusia da, baita maitatuena ere”. Urtean zehar parte hartzen duen ekitaldi instituzionalen zerrendan Gayarre Antzokiko kontzertu-zikloa eta Iruñeko plazetan zein beste leku batzuetan eskainitako emanaldiak gehitzen dira. Halaber, kontzerturako 1.500 lan eta desfilerako 350 pieza jasotzen dituen musika-artxiboa dauka.
 

Olentzeroren kalejira 18:00etan hasiko da Iturralde y Suit kalean, eta ibilbidea hauxe izanen da: González Tablas, Paulino Caballero, Nafarroako Gorteak, Karlos III.a, Gazteluko plaza, Txapitela, Calceteros, Udaletxe plaza, Mercaderes, Estafeta, Amaia eta, hasierakoa berriro, Iturralde eta Suit.