Udalak oinezkoen pasabideak Mugikortasunari buruzko Ordenantzara egokitzeko lanak amaituko ditu, horietako 526n jarduketak eginez, 900.000 euroko inbertsioarekin

Udalak oinezkoen pasabideak Mugikortasunari buruzko Ordenantzara egokitzeko lanak amaituko ditu, horietako 526n jarduketak eginez, 900.000 euroko inbertsioarekin
Helburua da aurreko 5 metroak libre ez dituzten oinezkoen pasabideen ikusgaitasuna hobetzea

 

Iruñeko Udalak aurten bukatuko ditu oinezkoen pasabideak Mugikortasun Ordenantzara egokitzeko lanak, segurtasun-arauak betetzen ez dituzten 526etan jarduketak eginez, 900.000 euroko inbertsioarekin. Ekimen hau, Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak eta Patxi Fernández Alorreko zuzendariak prentsaurrekoan azaldu duten bezala, Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren barruan kokatzen da. Udal aurrekontuan 975.000 euroko ildo bat dauka.

Iruñeko inbentarioan dauden 2.627 oinezkoen pasabideetatik 322tan jarduketak egin dira. Beste batzuk semaforodunak dira edo galtzadan aurreratuak, beraz, esku-hartzeak egiteke daude Ordenantza urratzen zutela hauteman den 526 pasabidetan. Helburu nagusia aurreko 5 metroak libre ez dituzten oinezkoen pasabideen ikusgaitasuna hobetzea da, araudian jasotzen den bezala.

Iruñeko Udala ustez arriskutsuenak ziren oinezkoen pasabideetan esku hartzen hasi zen, ikusgaitasun arazorik handienak zituztenei lehentasuna eman baitzitzaien. Horrela, Arrotxapean eta Sanduzelain 176 aurre-pasabidetan jardun izan da; Zabalgunean, 86n eta Iturrama-Azpilagañan, 60n.

Bizikletak eta motorrak aparkatzeko tokiak mugikortasun jasangarria sustatzeko

Lanek kontuan dute bide segurtasun araudia zehatz-mehatz betetzen dela, interpretazioan gaizki-ulerturik gabe, ez erabiltzailearen aldetik ezta hura zaintzeko arduradunen aldetik ere. Lanak batez ere galtzadaren fresatzea eta leuntzea izanen dira, eta gero guneak araudiarekin bat margotuko dira. Horrela, koloreak zuriaren inguruan bateratuko dira, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideekin bat. Oinezkoen pasabidea hasieratik amaierara mantenduko da, zoladura pododaktila zuzenean pasabidean amaituko da eta ikusmen urriko pertsonek errazago hautemanen dituzte.

Hutsik dagoen eremuan ordenantzak adierazten duen lekua okupatu gabe utziko da eta gainerakoa, kasu gehienetan, 2 motozikletetarako aparkalekuek beteko dute eta, bestetan, 6 bizikletetarako aparkalekuek. Horrela, garraiobide jasangarriagoen erabilera bultzatuko da. Seinale bertikalak ere jarriko dira, parkimetroak eta beste hiri-altzarien elementuak, zeinak normalean espaloian baitaude, oinezkoen espazio erabilgarria murrizten.

Horretaz gain, bereizgailuak eta hesiak jarriko dira perimetroa markatzeko eta ibilgailuek debekatuta dituzten guneak ez ditzaten okupatu. Hesiek segurtasuna irabazteko balio dute ere, oinezkoari galtzada zeharkatu behar duen punturaino babestuta aurrera egiteko aukera ematen baitiote.

6 eredu jarduketa guztiak argitu eta antolatzeko

Hori guztia 6 ereduren diseinuari jarraituz eginen da, eredu horietan banatu baitira pasabidearen aurreko eremuan, aurre-pasabidean, egin beharreko jarduketak. Horrela, osagaiak sinplifikatu eta bateratuko dira. Diseinua edozein pasabidetan baliozkoa da, kontuan hartu gabe kokapena, espaloien ezaugarriak edo dagoen aparkaleku-mota (baterian, zeharka edo lerroan).

6 ereduak honako aparkaleku hauek sortzea dute oinarri: motorrentzako zeharkako aparkalekuak, motorrentzako aparkalekuak baterian, motorrentzako aparkalekuak lerroan, zeharka bizikletak aparkatzeko euskarriekin, baterian bizikletak aparkatzeko euskarriekin eta lerroan bizikletak aparkatzeko euskarriekin. Kasu guztietan erraz gauzatu daitezkeen eta kostu murriztuko diseinuak hautatu dira, udal-kontratak gauzatzeko modukoak, hala erabakiz gero. Kostu handiena bizikletak aparkatzeko euskarrien edo antzeko elementuen aukerazko instalazioak dakar. Oinezkoen erorikoak ekiditeko, eskailera-koskak eta sestra aldaketak saihestuko dira. Arau orokor gisa, jarduketak erraz mantentzeko modukoak izatea bilatu da.

Jarduketa bakoitza erabakitzeko, pasabide bakoitzeko fitxa bat egin da. Fitxa horretan, kokapen-koordenatuak jaso dira, eta adierazi da autobus-geltokia lekuz aldatu behar den, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak edo zaborrontziak mugitu behar diren edo auto, motor edo bizikletentzako aparkalekuak kendu behar diren.

Pasabide bakoitzaren kostua, 739 eta 1249 euroren artekoa

Jarduketa bakoitzaren kostua aurre-pasabide ereduaren araberakoa da. Motorrentzako zeharkako aparkalekuen kostua, bataz beste, 1.103 euro da; motorrentzako bateriakoa, 1.033 euro; motorrentzako lerrokoa, 739 euro; zeharkakoak bizikletak aparkatzeko euskarriekin, 1.249 euro; baterian bizikletak aparkatzeko euskarriekin, 1.179 euro, eta lerroan bizikletak aparkatzeko euskarriekin, 942 euro. Pasabideen % 60 motorrentzako lerroko tipologiakoak dira (316 daude hiri osoan zehar banatuta), % 15 berriz motorrentzako zeharkakoak dira (79 gauzatzeke), %12 lerroan bizikletak aparkatzeko euskarriekin (61), % 4 motorrentzako bateriakoak (27), % 3 baterian bizikletak aparkatzeko euskarriekin (16) eta % 2 zeharkakoak bizikletak aparkatzeko euskarriekin (5). 22 aurre-pasabide ez datoz bat tipologia bakar batekin ere.

Oinezkoen pasabide gehien egokitzeke dituen auzoa Txantrea da, 116rekin (egin beharreko jarduketen % 22) Ondoren datoz Donibane, 68rekin (% 13); Ermitagaña-Mendebaldea, 59rekin (% 11); Etxabakoitz, 53rekin, eta Mendillorri, 51rekin (% 10 bakoitzak) eta Milagrosa, 39rekin (% 7). Zerrenda Sanduzelaik osatzen du 34rekin (% 7). Arrotxapea eta Zabalgunea 31rekin (% 6), Iturrama 18rekin eta Buztintxuri 17rekin (% 3) eta Azpilagaña 9rekin (% 2).

900.000 euroko aurrekontua honela banatzen da: 500.000 eurotik gora pasabideak gauzatzeko, eta gainerakoa espaloiak aurreratzeko, hesiak eta kuxin berlindarrak paratzeko eta margoaren prezioa ordaintzeko. Lanak errazago gauzatzeko pasabideak antzeko aurrekontua duten hiru sortatan banatu dira. Lehenengoan Azpilagañan, Zabalgunean, Iturraman, Milagrosan eta Mendillorrin kokatuta daudenak sartu dira. Bigarren sortan, Buztintxuri, Arrotxapea, Sanduzelai eta Txantreakoak. Eta azkenik, Ermitagaña-Mendebaldea, Etxabakoitz eta Donibanekoak.

¿Te ha sido útil esta página?