
Arantzadiko kirolgunean eginen dute Iruñeko Udalak Aste Santuko eskola-oporraldirako antolatutako ‘Natura bizi’ hiri-kanpamentua. 6 eta 12 urte bitarteko 120 haurrendako egonen da tokia, Iruñean erroldatuta badaude betiere, eta martxoaren 18an zabalduko da izena emateko epea, asteartearekin. Aurten, gaztelaniazko eta euskarazko taldeak eginen dituzte, adinaren arabera banatuta.
Interesa dutenek 010 – 948 420 100 telefonora deituta ematen ahal dute izena, baita aurrez aurre ere, martxoaren 18an bertan, Plazara! Zentro Komunitarioan, 08:30etik 12:30era. Lekuak izen-ematearen hurrenkerarekin bat esleituko dira, guztiak bete arte. Apirilaren 22tik 25era izanen da kanpamentua, goizez, 09:00etatik 15:00etara.
Parte-hartzaile bakoitzagatik 20 euro ordaindu behar da, hamaiketakoa barne. Deskontuak ere izanen dira: bi seme-alabak izena emanez gero, % 20koa, eta hiruk izena ematen badute, % 30ekoa. Txartelarekin ordainduko da izena ematen denean. Ez da itzuliko ordaindutakoa justifikatutako arrazoi medikorik ez bada.
Kanpamentu tematikoak dira, eta natura dute ardatz. Hasteko, haurrek ingurua ezagutu eta hor gozatzen ikastea lortu nahi dute, beren parte balitz bezala sentitzen eta maitatzen ikas dezaten. Hala, ingurunea zaintzen ikasiko dute, eta natura babesteko gaitasunak eta trebetasunak barneratuko dituzte. Hainbat jarduera eginen dituzte egunero, hala nola ginkanak, jolasak eta txangoak Arantzadi ingurura. Gainera, Zangozako merindadean dagoen animalien babesleku bat bisitatuko dute.
NATURA-BIZI HIRI KANPAMENTUA APIRILAK 22-25
Izen-emateak: martxoaren 18tik (asteartea) 21era (ostirala). Lekuak izena eman den hurrenkerarekin bat esleituko dira
6 eta 12 urte bitarteko haurrak, betiere Iruñean erroldaturik izanez gero.
Telefonoa: 010 / 948 420 100
Aurrez aurre, martxoaren 18an, Plazara! Zentro Komunitarioan.
Kanpamentua:
Apirilaren 22an, 23an, 24an eta 25ean, 09:00etatik 15:00etara, Arantzadiko kirolgunean.
Prezioa: 20 euro kanpaldi osoa, hamaiketakoa barne. Deskontuak: bi seme-alabak izena ematen badute, % 20koa, eta hiruk ematen badute, % 30ekoa.