Udalak mugikortasuna hobetu du Sadar, NUP eta UHUNeko inguruetan bidegorri berri bati esker

Udalak mugikortasuna hobetu du Sadar, NUP eta UHUNeko inguruetan bidegorri berri bati esker
Noranzko biko bidegorri bereizia 1,7 kilometrokoa da, eta Milagrosa eta Lezkairuko zaldua ekipamendu garrantzitsuak dituen eremu batekin lotzen ditu
Irudia
Irudia
Irudia

Baliza- eta seinaleztapen-elementu batzuk jartzear dauden arren, amaituta dago jada Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) inguruko bidegorria. Noranzko biko bidegorri bereiziak 1,7 kilometro ditu, eta Taxoare eta Sadar kaleetatik eta Katalunia etorbidetik igarotzen da; Next Generation EU funtsekin finantzatu da, Espainiako Gobernuko Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Bidegorriak txirrindulariendako lotura hobetu du Lezkairuko zaldua eta Milagrosa-Arrosadia auzoen artean, baita unibertsitate publikoen eta hiriaren hegoaldean dauden ekipamendu garrantzitsuen inguruetan ere. Bidegorria zeuden bideen artean txertatzeak hiri-ingurunea berrantolatzea ekarri du.

Ildo horretan, zoladura-lanak egin eta espaloiak handitu dira, oinezkoendako eta txirrindulariendako pasabideak sortu dira, villavesendako geraleku aurreratuak eraiki dira –25 metro luzeko geraleku handi bat Katalunia etorbideko tartean–, eta tarte batzuetan ibilgailuen zirkulaziora bideratutako galtzaden zabalera murriztu da.

Bizikleta-bide berriak Milagrosa Lezkairuko zalduarekin lotzen du. Taxoare kalearen eta Katalunia etorbidearen arteko biribilgunean hasi eta Sario eraikineraino heltzen da; han, Lezkairuko zaldutik igarotzen den Sadar kaleko bidegorri-tartearekin elkartzen da, ondoren Arrosadiko campusa inguratzen duen Sadar kaleko tartera bideratzeko, eta berriz Katalunia etorbidea hartzeko Pablo Antoñana eta Fernando Remacha kaleak elkartzen diren biribilguneraino. Aurreikuspenen arabera, azpiegitura berri honek, trafikoa baretzeaz gain, erabilera garrantzitsua izanen du; izan ere, Sadarreko inguruetan jende-mugimendu handiko guneak daude: Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusaren ertz bat, urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren instalazioak, Nafarroa Arena pabiloia, NUPeko kiroldegia eta Osasunaren estadioa. Izan ere, gaur arratsaldean Sadar estadioan denboraldiko lehen partidara gerturatzen direnek bizikletan erraz eta seguru joateko aukera izanen dute. 

Esku-hartze horiek Go Green Iruña estrategiaren barruan daude, eta hiriak klima-aldaketaz eta energia-trantsizioaz bezainbatean egiten dituen jarduketak barne hartzen ditu. Mugikortasun-eredu jasangarriago batera aldatzea da Iruñeak klima-aldaketaren aurrean egiten ari den ahaleginaren parte.
 

next generation


 

¿Te ha sido útil esta página?