
Udalak milioi bat euro bideratuko du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduak beren gain hartzen ari diren gastuak –espazioak osasun-neurri berriekin bat seguru bihurtzeko– diruz laguntzera, eta 800.000 euro deskontu-bonuen kanpaina batera, haren bidez sektore horietan bertan erosketak suspertzeko.
Enpresa txikiei nahiz ertainei eta autonomoei zuzendutako ‘PamplonaUp. Gora Iruñeko negozioak!’ laguntza-planaren barruan sartzen diren bi ekimen berri horien xehetasunak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Iruñeko alkate Enrique Mayak eta Iruñeko Alde Zaharreko merkatarien elkarteko gerente Carlos Albillok, hark sektorearen izenean. Ekimena martxan jartzeko prozesua erraza, azkarra eta telematikoa izan dadin diseinatu da, bai establezimenduentzat bai bezeroentzat. Informazio guztia hemen aurki daiteke: www.pamplonup.es. Edukiaren berri emateko, webguneaz gain, Udalak diptiko bat egin du 4.382 saltokitan banatzeko, eta sare sozialen bidez hedatzeko materiala prestatu du.
1,8 milioi euroko gastu hau Iruñeko Udalak egindako COVID-19 neurrien planaren barruan dago, koronabirusak osasunaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan eragindako egoerari aurre egiteko. Planaren barruan 15 neurri zehatz daude, ardatz hartuta oinarrizko gizarte zerbitzuei laguntza ematea, ekonomia eta enplegua sustatzea eta etorkizuneko mugikortasunarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzea.
Establezimendu seguruendako eta osasun publikoa babesten dutenendako laguntzak
Establezimendu seguruentzako laguntza-ildoarekin, Udalak honako hau lortu nahi du: establezimenduek beharrezkoak diren neurriak hartzea bezeroak bertara joan daitezen irisgarri eta segurutzat hartzen dituztelako, eta paraleloki osasun publikoa babestea, kutsatze-arriskua murrizten baita. Horrek guztiak enpresariek gastu handiagoa egitea eskatzen du, noiz eta haien negozioendako zailtasun handikoa den une honetan, askok aste luzez itxita egon behar izan baitute eta irekitzeko orduan merkataritzako zein ostalaritzako kontsumoa geldotuta egon baita. Ondorioz, asko eta asko haien gaitasun finantziarioaren mugan daude.
Oinarriak gaur, asteleheneko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira, eta laguntzak aurkeztutako hurrenkerarekin bat emanen dira. Eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 11tik urriaren 31ra doa, eta horiekin batera fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Laguntzek otsailaren 1etik urriaren 15era bitarte egindako gastuak estaliko dituzte, eta justifikatutako gastuaren % 85era helduko dira. Gutxieneko gastua 200 eurokoa da (zergak kanpo) eta establezimendu bakoitzeko gehienez ere emanen den dirulaguntza, 1.000 eurokoa (zergak kanpo). Eskaerak telematikoki eginen dira ttp://sedeelectronica.pamplona.es/localesseguros-en, eta horretarako beharrezkoa izanen da identifikazio digitala.
Langileak eta bezeroak babesteko gastuak diruz laguntzea
Dirulaguntzen xede diren gastuen artean daude babes pertsonalerako material eta produktuak (maskarak, gel hidroalkoholikoak, xaboiak, banagailuak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak eta norberaren babeserako beste elementu batzuk, establezimenduetako langileei zein bezeroei emandakoak), testak egiten eta langileen osasun-prebentziorako beste neurrietan egindako gastuak (termometroak, esaterako) eta lokalean bezeroak babesteko jarritako babes-elementuak (manparak, erakusmahaiak, katenariak, pertsonen arteko distantzia gordetzeko seinaleztapenak, sarbideen aldaketa, tenperatura-kontrola, etab.). Halaber, diruz lagunduko dira ohiz kanpoko garbiketa-gastuak, kalitatea kontrolatzeko eta ekipamendu informatiko edo elektronikoan egindakoak, etxetresna elektriko txiki, altzari eta bestelako elementu ez kontsumigarrienak.
Laguntzak eskatzeko Iruñeko JEZean alta emana egon beharra dago, deialdian adierazitako epigraferen batean, eta autonomoa edo mikroenpresa, enpresa txiki edo ertaina izan.
133.000 PamplonUP bonu, bakoitza 14 euroan, 20 euroko gastua egin ahal izateko
Iruñeko Udalak deskontu-bonuen kanpainara bideratutako 800.000 euroei esker 133.333 bonu jarriko dira zirkulazioan, % 30ean diruz lagunduta, horrek negozioei inongo gasturik eragin gabe. Bonu bat erosten duenak 14 euro ordainduko ditu eta 20 euroko erosketa egin ahal izanen du. Iruñeko Udalak bonua trukatu den establezimenduari emanen dio 6 euroko alde hori dirulaguntza bidez. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduetan kontsumoa suspertzea da helburua, saltzaileen mozkina murriztu gabe.
Kanpaina honek bi fase izanen ditu. Lehenengoan, abuztuaren 11tik 31ra, parte hartzeko interesa izan eta oinarrietako betekizunak betetzen dituzten establezimenduek alta hartu ahal izanen dute Udalaren egoitza elektronikoan. Bigarren fasea bat egin duten establezimenduen zerrenda argitaratzearekin batera hasiko da. Une horretan, 18 urtetik gorakoek bonuak erosi ahal izanen dituzte plataforma digital berri baten bidez, irailaren amaierara arte. Bonuak trukatzeko epea honako hau izanen da: 2020ko irailaren 1etik urriaren 17ra.
NAN bakoitzeko gehienez ere 5 bonu erosten ahalko dira, 70 euroan, 100 euroko erosketa-balioarekin. Ez da itzuliko erosketa-prezioaren eta bonuaren arteko aldea, ezta erabili gabeko bonuen zenbatekoa ere. Itzulketarik izanez gero, establezimendu bereko beste produktu batekin trukatuko da. Erosketa http://sedeelectronica.pamplona.es/bonosdescuento-n eginen da eta berekin ekarriko du QRa deskargatzea gailu mugikorrean.
Bat egiten duten establezimenduak kanpainaren publizitate-elementuekin identifikatuko dira eta gehienez ere 150.000 euroko dirulaguntza jasoko du bakoitzak.
JEZeko alten % 59 sektore hauei dagokie
Modu honetan kontsumoak eta hiriko jarduera ekonomikoak behera egitea saihestu nahi da, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako sektoreei babesa emanez, hiriaren ekonomia suspertzeko estrategikotzat jotzen baitira. Tokiko enplegua sortu eta mantentzeko gaitasuna duten esparruak direla uste da, eta pisu garrantzitsua dute Iruñeko jarduera ekonomikoetan guztira izan diren altetan.
Txikizkako merkataritzan, ostalaritzan eta ostatuen sektorean 3.501 alta daude eta horrek JEZeko jardueren (6.664) % 50 baino gehiago suposatzen du. Horri zerbitzu pertsonalak batzen badizkiogu (ile-apaindegiak, estetika-zentroak eta antzekoak), 459 alta gehiago batzen dizkiogu eta portzentajea % 59ra heltzen da. Gainera, tokiko aberastasuna birbanatzeko gaitasuna duten esparruak dira; izan ere, batetik, haien ustiapen-gastuetako asko alokairu eta soldatetara bideratzen dituzte, eta bestetik, ohikoa da tokiko zein eskualdeko enpresa txiki eta ertainekin lan egitea.