Udalak Maravillas Lamberto plaza handituko du, Lezkairun garrantzi handiagoa izan dezan: plaza horretatik Alfredo Landa parkeraino doan bidea berrurbanizatuko dute horretarako

Udalak Maravillas Lamberto plaza handituko du, Lezkairun garrantzi handiagoa izan dezan: plaza horretatik Alfredo Landa parkeraino doan bidea berrurbanizatuko dute horretarako
Parte hartzeko prozesu bat eginen dute Civivoxarendako tokirik egokiena zein den erabakitzeko: plaza bera ala Joan Paulo II.aren etorbidearen beste aldeko lurzati bat
Irudia
Irudia

Iruñeko Udala Maravillas Lamberto plaza handitzea aztertzen ari da, Lezkairun garrantzi handiko gunea izan dadin, eta plaza horretatik Alfredo Landa parkeraino doan bidea berrurbanizatuko dute horretarako. Hala, Isabel Garbayo Aldaya kaleko tarte bat oinezkoendako bihurtuko dute, eta horri esker, plazaren azalera handitu eginen da: 12.730 metro karratu ditu orain, eta lan horiek eginda 16.280 metro karratu izanen ditu. Erreferentzia gisa, hona hemen beste plaza batzuen neurriak: Gazteluko plazak 16.430 metro karratu ditu; Yamaguchi plazak, 7.800, eta Leonor Trastamarakoaren plazak, berriz, 7.380 metro karratu.

Hirigintza Gerentziako Kontseiluak gaur jakin du proposamen horren nondik norakoen berri, bai eta inguru hori garatzeko beste bi planteamenduren berri ere. Bat Lezkairuko Civivoxak hartuko duen tokiari buruz da: Maravillas Lamberto plazan bertan jar daiteke, edo Joan Paulo II.aren etorbidearen beste aldeko udal-lurzati batean. Tokirik egokiena zein den erabakitzeko, parte hartzeko prozesu bat abiatuko dute. Beste planteamendua etxebizitza babestuei buruzkoa da: Udalak etxebizitza babestuak egin nahi ditu bereak dituen lurzati eraikigarrietan, eta beheko solairuak hirugarren sektorera bideratu.

Proposamen horiekin, Iruñeko Udalaren helburua da Lezkairuko plaza nagusia, Maravillas Lamberto plaza, osatu eta inguruko eremua garatzea. Helburu horrekin lotuta, parte hartzeko prozesu bat abiatu zuten Hiri Jarduketarako Plan Berezia (HJPB) sustatzeko, eraikinen erabilera arautzeko, eraikigarritasuna handituz gazteendako etxebizitza babestuak egin ahal izateko, Civivoxarendako tokirik egokiena zein den erabakitzeko, eta beste hainbat kontutarako: hala nola eraikinak homogeneoak direla bermatzeko, eta beheko solairuak hirugarren sektorera bideratuz merkataritzarako eta ostalaritzarako gune bat bermatzeko auzoan, inguru hori gune nagusia baita Lezkairun, eta funtsezkoa bizikidetzarako.

Nolanahi ere, azaroan eta abenduan egindako parte hartzeko saioetako ondorioak aztertuta, (iradokizunak egiteko 320 idazki aurkeztu zituzten) eta bizilagunen eskaerei men eginez, Udalak erabaki du HJPBa tramitatzeko prozesua bertan behera uztea eta gaur egun indarrean den Plan Partziala oinarri hartuta osatzea Lezkairuko eremu hori, plan horretan jasotako antolamendua, lurzatiak, altuerak eta eraikigarritasuna mantenduta.

Proposamena zehatz-mehatz
Hirigintza Gerentziak eginiko proposamenaren helburua da gaur egungo planteamendua oinarri hartuta osatzea Maravillas Lamberto plazaren eta inguruko eremuaren garapena. Horretarako, eremu publikoak hobetu nahi dituzte, plaza auzoarentzat garrantzitsua izan dadin beharrezkoa baita entitate izaera eta horrenbestez dagokion trataera ematea. Gainera, etxebizitzen tipologia aldatu eta gazteendako etxebizitza babestuak egin nahi dituzte, eta zentro zibikoarendako tokirik egokiena zein den zehaztu.

Maravillas Lamberto plazari garrantzi handiagoa emateko, plaza hori Alfredo Landa parkearekin elkartzea proposatu dute, Isabel Garbayo Aldaya kaleak bakarrik bereizten ditu eta. Berrurbanizatu egin nahi dute beraz kale hori, hala plazak 3.000 metro karratu gehiago izanen baititu, eta gainera, murriztu eginen dira bizilagunek parte hartzeko prozesuan kale horrekin lotuta aipatutako segurtasun faltaren arazoak. Halaber, eraikigarriak diren lurzatietan modua eginen dute beheko solairuak hirugarren sektorera bideratzeko, horri esker ostalaritzako eta merkataritzako jarduera sustatuko baita.

Lehen aipatu bezala, gazteendako etxebizitza babestuak ere egin nahi dituzte, eta horretarako, Udalak bereak dituen lurzatiak lizitatuko ditu. Fatxaden homogeneotasunari eta eraikinen lerrokatzeetan eginen dituzten aldaketa posibleei xehetasun-azterketa baten bidez heldu beharko zaie, indarrean den Plan Partzialak ezartzen duen moduan.

Eta azkenik, Hirigintza Gerentziak parte hartzeko prozesu bat egitea proposatu du Lezkairuko zentro zibiko edo Civivoxarendako tokirik egokiena zein den erabakitzeko. Bi toki jarri dituzte aukeran: lehen aukera Civivoxa plazan bertan jartzea da, herritarren joan-etorriei oztopo egin gabe. Eta bigarrena Joan Paulo II.aren etorbidearen beste aldean jartzea da, LP2erabilera anitzeko zuzkidura-lurzatian. Bigarren aukera hautatuko balitz, gune horri balioa ematea lortuko litzateke, dagoeneko urbanizatuta dagoen arren apenas erabiltzen baita etorbide nagusiaren hegoaldeko eremu hori. Gainera, zuhaitzez inguratutako gune horrek bat eginen luke Civivoxarendako proposatutako lurzatiarekin, eta 5.800 metro karratu inguruko beste plaza bat sortuko litzateke. 

¿Te ha sido útil esta página?