Iruñeko Udalak Milagrosako Manuel de Falla, Urrobi Erreka eta Irati Erreka kaleak berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu du. Oinezkoek, ziklistek eta bakarrik egoiliarren zirkulazioak edukiko dute protagonismoa proiektuan, eta auzoko beste eremu batzuetara doazen ibilgailuen zirkulazioa eta aparkatu nahian dabiltzanena ekidinen dira. Proposamenak egitura berriaz hornituko du auzoa eta oinez dabiltzanak eta autorik gabeko guneak protagonista izanen dira, azken horiek auzotarren gozaleku eta topaleku bilakatuta.
Diseinuan jasota dagoenaren arabera, lau plaza berri sortuko dituzte egonleku eta aisia-gunerik gabeko sektore batean, oinezkoen gunea handituko dute, zuhaitzak eta hiri-altzariak jarriko dituzte eta, oro har, hiriaren irudi atseginagoaren alde eginen da, berdegune berriak jarrita. Zirkulazioaren antolamenduak eta zirkulazio-noranzko berriek ekidinen dute ibilgailuek auzoko alde honetatik zeharkatzea, orain bidea “laburtzeko” egiten baitute hori. Zirkulazio gurutzatu hori desagertuko da eta zirkuitu itxiak sortuko dituzte, aldeen arteko komunikaziorik gabeak.
Bilera gaur arratsaldean, auzotarrei aurkezteko
Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Alejandro Astibia Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko zuzendariak aurkeztu dituzte xehetasun guztiak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Esan dutenez, proiektua gaur goizean aurkeztu dute Hirigintza Gerentziako Kontseiluan, eta arratsaldean auzotarrei azalduko diete, Hegoalde Ikastolan, 18:30ean, eginen den topaketa batean, non parte hartuko baitute, baita ere, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta proiektua erredaktatu duen taldeak.
Obren aurrekontuak 3,2 milioi euro jotzen du BEZa barne. Betetzeko epea 2020 eta 2022 artekoa izatea jotzen dute. 1. faseak barne hartuko ditu Irati errekaren kaleko, hegoalde-plazako eta auzotarren aparkalekua egiteko lanak. Bigarrenak Urrobi Errekaren kaleko, erdiko plazako eta Manuel de Falla kalearen zati bateko lanei helduko die. Amaitzeko, Manuel de Falla kalearen gainerakoa, ipar-plaza eta ipar-erdiko plaza eginen dituzte.
Aparkaleku berri bat, 236 tokiz hornituta
Hartara, kaleok ardatz bilakatuko dira, Milagrosa auzo berri baten egituratzaile, erdian oinezkoen gune handi bat dagoela. Helburua da igarotze-zirkulazioa aldaraztea jarduketa honen mugakide diren kaleetara, eta bizilagunendako aparkaleku bat sortzea, 236 tokiz, Blas de la Serna kaleak Fernando Remacha kalearekin bat egiten duen tokian; horrekin arinduko litzateke garapen berriak eragin behar duen aparkatze-tokien desagerpena.
Proiektuak proposatzen du osorik oinezkoendako izatea halako kale-tarteak non bertako erabilerek ez duten behar izaten autoen ohiko sarrerarik; gainerako kaleak oinezkoek nagusiki erabiltzeko diseinatu eta eginen dituzte, baina, ibilgailuen sarrera ere baimenduta, behar den tokian eta unean. Erabilera-lehentasun hori bizikletekin partekatuko dute oinezkoek; izan ere, modu antolatuan ibiltzeko moduko hiri-diseinu bat eginen dute, beste tarte batzuekin lotura edukiko duena, inguruetako hiri-ibilbideetaraino, esaterako, Abejeraserantz edo unibertsitateetarantz.
Ekidin egin da guztiz bereizitako bide ziklista baten trazatua, zeinak lehentasunezko sentsazio faltsua emanen liekeen ziklistei. Bizikletetarako guneak lurzoruan jarritako xaflen bidez seinaleztatuko dira oinezkoen guneetan, eta ibilgailuen zirkulazioa duten bi tarteetan, honela: Ipar-Hegoko noranzkoan, bizikletak ibilgailuei gordetako gunean ibiliko dira, eta Hego-Iparrekoan, bizikletetarako den 1,20 metroko zerrenda batean. Oinezko-izaera hori islatuko da, baita ere, kaleetan altuera berean egonen direlako espaloiak eta galtzadak.
Zuhaitzak, eserlekuak eta argiztapen berria, tokiak erakargarri izan daitezen auzotarrentzat
Proiektuak bi ardatz sortuko ditu bizitegi-kale gisara. Batak, Ipar-Hegoko noranzkoan, Felisa Munárriz plaza elkartuko du Arrosadiako garapen berriarekin Manuel de Falla eta Irati Errekaren kaleetan barna, eta bestea, Eki-Mendebaldekoan, Zaragozako etorbidetik Ilargi Enea parkeraino doa, Urrobi Errekaren eta Manuel de Falla kaleetan barna. Ardatzok ez dute berekin ekarriko ibilgailuak igaro ahal izatea haietan barna mutur batetik bestera; izan ere, hori ekiditen duten zirkulazioko noranzko-aldaketak egin beharko dituzte.
Garapen berrian, oro har, auzotarrentzat erakargarriago izan dadin, txorko gehiago jarriko dituzte, zuhaitzekin eta eserlekuekin, eta argiztapen berria ere instalatuko dute. Zuhaitzak nahiko erdi aldean landatuko dituzte, eta horrek tamaina handikoak izatea ahalbidetuko balu ere, tamaina erdiko hosto erorkorreko zuhaitzak landatuko dituzte, fatxadetan ez eragiteko eta neguan argi nahikoa egon dadin. Zuhaitzetan, inguratzeko hesiak jarriko dituzte, babesteko. Beharrezkoa den tokietan, bestalde, tantakako ureztapena jarriko da.
Zirkulazioa debekaturik egonen da honako hauetan: Manuel de Falla, Araxes Errekaren, Urrobi Errekaren eta Irati Errekaren elkargunean egonen den erdiko plazan, salbu eta inguruko tarteren bat kenduta, eta ipar-tarteko Irati Errekaren kalean zein hegoko plazan (Urederra Errekaren kalea). Ibilgailuen zirkulazioa baimenduta dagoen tokietan, aparkatze-tokiak egonen dira mugikortasun urriko erabiltzaileentzat, bai eta zamalanetarako eremuak ere. Guztira 2 toki egonen dira mugikortasun urriko pertsonentzat, 6 zamalanetarako eta 24 lerroan aparkatzeko, Manuel de Falla kalean. Egun, 109 toki daude baterian aparkatzeko (horietako bi mugikortasun urrikoentzat), 90 lerroan aparkatzeko (9, zamalanetarako) eta 9, motozikletentzat.
4 plaza, garapen berriaren zenbait eremutan
Jarduketa honek 4 plaza sortuko ditu. Erdiko plazak kokapen dauka Urrobi Errekaren kalearen, Urrobi Errekaren zeharkalearen, Araxes Errekaren eta Manuel de Falla kaleen elkargunean. Oinezkoendako izanen da, eta aukera emanen die ibilgailuei inguruko igarobideak erabiltzeko, Urrobi Errekaren kalearen eta zeharkalearen ertzean eta Manuel de Falla kalearen bi tarteak lotzen dituen puntuan. Irati Errekaren eta Manuel de Falla kaleetan aurreikusitako ziklisten gunea plazaren diseinuaren barruan txertatuko da. Zorua boli koloreko hormigoi-lauzez zolatuko da, beste tonuetako zerrendekin tartekaturik. Inguruan, 4 zuhaitz landatuko dituzte, tamaina handikoak eta udazken-kolorekoak, eta hiru parterre handi jarriko dituzte, hiruki formakoak eta zuhaixkez hornituak, eta jarduketa osatzeko, jardinera bat paratuko dute Urrobi Errekaren kalearen ondoan. Ipar-ekialdeko izkinan, eguzkitsu eta zirkulaziorik gabekoan, egonleku bat sortuko dute, zuhaitzez inguratutako eserlekuez eta mahaiez hornituta. Plazako beste zenbait tokitan ere jarriko dituzte eserlekuak.
Iparreko plaza San Fermin parrokiaren ondoan egonen da, eta eraiki horrek bereizgarri duen forma triangularra errepikatuko du, lurzoruan kolore ezberdinetako hormigoi-lauzez baliatuta. Desnibela orain dagoen eskaileraren parte batez berdinduko dute, eta mendebaldeko ertzean tapiz-landareez estalitako planoak erabiliko dituzte. Parrokiaren eta Zaragozako etorbidearen arteko loturan, egonleku batzuk sortuko dituzte eserleku eta badauden zuhaitzen bidez, eta horiek bat eginen dute eserlekuz ere horniturik dauden beste bi egonlekurekin. Aurreikusita dago bizikletak aparkatzeko euskarriak paratzea.
Guelbenzu kalearen eta Manuel de Falla kalearen elkargunetik hego-mendebaldera bada gune bat helduendako gimnastika-osagaiak eta eserlekuak dituena, eta orain berriz ere diseinatuko dute Manuel de Falla kalearen zabalkuntza gisara, Julián Gayarre kalearen iparreraino. Egungo zuhaitzei beste 4 gehituko dizkiete, txorkoetan, landare eta zuhaixkekin batera. Erdi-iparreko plaza honetan, egonleku-eremuak sortuko dituzte, eserlekuaz, mahaiez eta ping pong-eko mahaiaz horniturik. Hemen, zorua errauts kolorekoa izanen da, boli koloreko zerrendekin.
Azkenik, hegoko plaza Urederra Errekaren eta Irati Errekaren kaleen elkargunetik ipar-mendebaldean egonen da, egun baterian aparkatzeko tokiek betetzen duten gunean. Irati Errekaren kaleari osagai berriak gehituko dizkiote, hala nola zuhaitzez eta zuhaixkez hornitutako parterre bat eta erdiko egonleku bat, bereizitako zoladuraz eta eserleku-multzo batzuez. Plaza guztietan, argiztapen berria paratuko dute, 6 eta 8 metro altu diren zutabe bikoitzen gainean.
Egitura desordenatua orografia konplikatu batean
Hiriko alde honek hiri-egitura desantolatua dauka, 60ko urteetan orografia konplikatu batean egindako eraikitze-lanen ondorioz. Eraikinak, gehienak beheko solairu eta lau solairukoak, etxe-uharte irregularretan antolaturik daude, sotorik eta aparkaleku pribaturik gabe. Eraikinen beheko solairu gehienek ez dute erabilerarik, edo biltegi zein garaje moduan erabiltzen dira, eta ugari dira gazteen aisialdi-lokalak zein elkarte gastronomikoen egoitzak. Oraingo hiri-diseinua atsegin gutxiko bezala definitzen du proiektuak, eta horrek eragina dauka batez ere haurren eta zaharren kolektiboetan, haien bakardadea areagotzen baitu.
Oraingo bide-sistema 15 metro zabal inguru diren kaleek osatzen dute, espaloiak estuak dira eta galtzadatik goraturik daude bi aldeetan. Alboko eremuetan, aparkatze-tokiak daude, ilarakoak alde batean eta bateriakoak bestean, oro har. Ibilgailuen zirkulazio handia dago, oinezkoek toki gutxi dute eta ez dago ziklistendako azpiegiturarik. Horrek berekin dakar, kasu askotan, zarata-maila handia.
Gaur aurkeztutako proiektuak kontuan hartu du elaborazio-prozesuan den Hirian Jarduteko Milagrosako Plan Berezia. Proiektua honako hauek erredaktatu dute: CIMA Ingenieros SLU eta SUMA Urban Sustainability Consultants SLP. Aldi berean, Iruñerriko Mankomunitatea jorratzen ari da, CIMA Ingenieros SLUrekin batera, eremu honetako hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko proiektuaren erredakzioa.