
Bihar, asteazkena, Liburuaren Nazioarteko Eguna da, eta efemeride hori aukera paregabea da sormen literarioaren eta irakurketaren garrantzia aldarrikatzeko. Egun hori ospatzeko xedez, Iruñeko Udalak ekimen hau sustatu du: hiriaren historiari eta udal-lehiaketei buruzko 16 lanen 1.763 ale jarriko dituzte herritarren eskura, Civivox Sarearen bidez. Udalaren ondare publikoa hedatzeko xedez, liburuak zentro komunitario hauetan jarriko dituzte eskuragarri: Kondestable, Iturrama, Mendillorri, Sanduzelai, Juslarrocha eta Milagrosa-Arrosadia eta Zabalguneko zentroetan. Bakoitzak gehienez liburu bat hartzen ahalko du, ale guztiak agortu arte.
Besteak beste, liburu hauek eskainiko dituzte: Artistas en homenaje a Sarasate (Artistak Sarasate omentzen) (2009), Pamplona, retratos de una ciudad (Iruña, hiri baten erretratuak) (2009), Guía de escultura urbana en Pamplona (Iruñeko hiri-eskulturen gida)(2010), Pamplona el valor universal de sus fortificaciones (Iruñeko gotorlekuen balio unibertsala) (2012), Plazaolako trenbidea. Tren bat ia legendazkoa, Iruñearen eta Donostiaren arteko lokarri (1914-1953) (2015), Érase una vez - Bazen behin - Il était une fois urban (2017), Fortín de San Bartolomé. Centro de interpretación de las fortificaciones (San Bartolome gotorlekua, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa) (2011); halaber, Iruñeko gotorlekuei buruzko beste argitalpen batzuk eskainiko dituzte, baita Udalak antolatutako lehiaketak irabazi dituzten beste argitalpen batzuk ere.
Gainera, asteazken honetan Liburuen Azoka tradizionala eginen dute Karlos III.aren oinezkoendako aldean; azoka Iruñeko Udalak antolatzen du, Diego de Haro Nafarroako Liburu-denden Elkartearekin elkarlanean. Hiriburuko hamazazpi liburu-dendak kalera aterako dituzte liburuak, eta % 10 merkeago izanen dituzte salgai; liburu-dendetan bertan ere salduko dituzte, 10:00etatik 21:00etara, etenik gabe.
Karlos III.aren etorbideko Azokan bertako 27 idazlek hartuko dute parte, eta nahi dutenei liburuak sinatuko dizkiete. Liburuak ez ezik, arrosak ere erosten ahalko dira: 1,50 euroan jarriko dituzte salgai, eta helburu solidarioetara bideratuko da dirua. Liburu bat erosten dutenek Carlos Albillo Torresen Comercios Centenarios de Pamplona (Iruñeko ehun urtetik gorako saltokiak) liburuaren 100 ale eskuratzeko zozketan parte hartuko dute; Iruñeko Udalak argitaratu zuen.
Civivox sareak hiru jarduera antolatu ditu
Liburuaren Eguna dela eta, Civivox sareak hiru jarduera hauek antolatu ditu apirilaren 23tik 28ra bitarte: idazle gazteen arteko topaketa bat, ahozko narrazio bat, eta liburuei, literaturari eta pertsonaia literarioei buruz sakondu eta hausnartzeko lantegi bat.
Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean, asteazkenerako Naia Carlos filologo eta kultur dibulgatzailearen eta Andrea Ganuza marrazkilariaren arteko topaketa bat antolatu dute: liburuen inguruan gogoeta eginen dute, adierazpen artistikoaren oinarrizko euskarriak baitira. Zergatik dira liburuak adierazpen-iturri? izenburupean, liburuak izanen dituzte hizpide; izan ere, liburuak hitzak eta irudiak baino gehiago dira, bide ezin hobeak eskaintzen baitituzte ideien, emozioen eta munduari buruzko ikuspegien berri emateko. Biek ala biek beren ikuspegiaren berri emanen dute, baita liburuaren rola aztertu ere; izan ere, liburua kultur-sorkuntza paregabea da, eta bide ematen du narrazio bisualak eta literarioak ontzeko. Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrera librea da, Kondestableko leku guztiak bete arte.
Elia Tralará narratzaileak helduendako ahozko kontakizunen saio bat eskainiko du igandean, 12:00etan: Kondestablen izanen da, Quién demonios es Blancaflor (Nor demontre da Blancaflor) izenburupean. Blancaflor pertsonaia ospetsu eta maltzur baten alaba da, baina, dirudienez, ez ditu haren geneak heredatu, eta aitari aurka egiten dio etengabe. Neska artetsu, azkar eta zintzoa da, eta superbotereak ditu, komikietako emakumezko superheroien antzera. Akzio-film bat balitz bezala, narrazioak magia, misterioa, amodioa, arriskuak eta pertsekuzioak uztartzen ditu. Blancaflor aspaldiko ipuin moderno bat da. Sarrera librea izanen da, toki guztiak bete arte.
Azken jarduera literatura-sormenaren bidez pertsonaiak sortzeko lantegi bat izanen da, Margarita Leoz idazlearen eskutik: lantegia apirilaren 28rako (astelehena) antolatu dute, 19:00etatik 21:00etara, Kondestable Civivoxean. Literatur testu garrantzitsuen bidez, lantegi motz honetan oinarri teoriko eta teknika nagusiak azalduko dituzte pertsonaia sinesgarriak eraikitzeko xedez. Gainera, parte-hartzaileek taldekako idazketa-jarduera bat eginen dute, eta hala, literatura-sormena landuko dute. Sarrera librea, aldez aurretik izena emanda 010ean, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean
Collage-lantegia, Gaztediaren Etxean
Gaztediaren Etxean ere Liburuaren Eguna ospatuko dute: collage-lantegi bat antolatu dute asteazkenerako, 19:00etan. Fragmentos de Frankestein (Frankesteinen zatiak) izenburupean, esperientzia artistiko bat garatuko dute, literatura eta artea uztartuta: Mary Shelley egilea aztertuko dute, Frankenstein pertsonaia sortu zuen idazle ameslaria. Jardueraren bidez, parte-hartzaileek eleberrian murgiltzeko aukera izateaz gain, beren hausnarketak islatuko dituzte ideiak, irudiak eta emozioak batuko dituen collage batean.
Lantegiari amaiera emateko, parte-hartzaile bakoitzak obran oinarritutako orri-markatzaile pertsonalizatu bat sortuko du; hala, parte-hartzaileek bizitako esperientziaren oroitzapen polit bat izanen dute, eta objektu hori estimulu ezin hobea izanen da irakurtzen eta sortzen jarraitzeko. Beatriz Molina Barandalla diseinatzaile grafiko, lantegigile eta collage-artista iruindarrak emanen du lantegia. Sarrera librea izanen da, toki guztiak bete arte.
UDALAK LIBURUAREN EGUNEAN HERRITARREN ESKURA JARRIKO DITUEN LIBURUAK
Udalak lan hauen 1.763 ale eskainiko ditu:
25. Zk.: Iruñeko Gazteentzako Literatur Lehiaketak (2006-2007)
Artistas en homenaje a Sarasate (Artistak Sarasate omentzen)
Pamplona, retratos de una ciudad (Iruña, hiri baten erretratuak)
Guía de escultura urbana en Pamplona (Iruñeko hiri-eskulturen gida)
Pamplona el valor universal de sus fortificaciones (Iruñeko gotorlekuen balio unibertsala)
Plazaolako trenbidea. Tren bat ia legendazkoa, Iruñearen eta Donostiaren arteko lokarri (1914-1953)
Plazaolako trenbidea. Tren bat ia legendazkoa, Iruñearen eta Donostiaren arteko lokarri (1914-1953)
Bazen behin... Érase una vez... Il était une fois urban
Fortín de San Bartolomé. Centro de interpretación de las fortificaciones (San Bartolome gotorlekua, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa)
Fortificaciones de Pamplona. La vida de ayer y hoy en la ciudad amurallada (Iruñeko gotorlekuak. Egungo eta iraganeko bizitza hiri harresituan)
Fortificaciones de Pamplona: pasado, presente y futuro (Iruñeko gotorlekuak: iragana, oraina eta etorkizuna)
Parque fluvial de Pamplona (Iruñeko ibai-parkea) (berrargitalpena)
‘Egile Berriendako Literatur Lehiaketa 2015’ ‘Iruñeko Artista gazteak 2014’ lehiaketan saritutako lanak
‘Egile Berriendako Literatur Lehiaketa 2016’. Saritutako lanak ‘Egile Berriendako Literatur Lehiaketa 2017’
‘Egile Berriendako Literatur Lehiaketa 2018’
KARLOS III.AREN ETORBIDEKO LIBURU AZOKA (ORREAGA ETORBIDEAREN ONDOAN)
10:00etatik 21:00etara, etenik gabe:
Parte hartuko duten liburu-dendak: Arcos, Muga, Nerea, Arista, Walden, Elkar Leire, Elkar Comedias, Chundarata, Katakrak, Troa, Karrikiri Elkartea, Iratxe, Kokea, Txalaparta, El Corte Ingléseko liburu-denda eta Casa del Libro.
Nafarroako Idazleen elkarteko eta Nafarroako Editore Independenteen Elkarteko (EDITARGI) 27 egile arituko dira sinatzen.
Bertako argitaletxeak: Alkibla, Eunate, Igela, Mintzoa, Pamiela, Txalaparta