
Aste Santua baino lehen bukatuko dituzte seinaleztapen horizontalean eta bertikalean egin beharreko aldaketak, eta Lezkairuko lanen lehen fasea amaituko dute horrela. Aldaketa horien helburua da oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna handitzea, trafikoa baretzea, eta sistema osoa eta zirkulazio-fluxua Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrera egokitzea. Sei kaletako bidegurutzeetan egiten ari dira lanak: Eguesibar kaleak, Áriz Doktorearen kaleak, Vicente Luis Garcera López Jaunaren kaleak, Mutiloagoitik, Moja Zurien kaleak eta Joan Paulo II.aren kaleak beste hauekin bat egiten duten guneetan alegia: Joaquín Imaz Martínez jaunaren kalea, José Manuel Baena Martín jaunaren kalea, Manuel López González jaunaren kalea eta Katalunia kalea.
Trafikoa Planifikatzeko Taldeak diseinatu ditu aldaketak, herritarren iradokizunak aintzat hartuta. Lanak, berriz, seinaleztapenerako udal-kontrataren esku daude, Babes Zibileko Zuzendaritzak gidatuta. Gune bakoitzeko beharren arabera, hainbat aldaketa egin dituzte seinaleztapenaren bidez. Batetik, zirkulazioaren noranzkoan egin dituzte aldaketak; izan ere, kale berean kontrako noranzkoak zeuden lehen, askotan garajeetarako sarbideak dauden tokietan, eta horrek talkak gertatzeko arrisku handia sortzen zuen, baita bizilagunen arteko liskarrak ere.
Bestetik, bizitegi-eremuetan egin dituzte lanak. Udalak s-28 seinaleak kendu ditu: bizitegi-eremuak adierazteko ziren seinale horiek, eta kale mota eta eremu mota bat ez zetozelako jarri zituzten. Oinezkoendako pasabideak margotu dituzte bidegurutzeetan, lehen ez zeuden-eta, bizitegi-eremuetan nahikoa baita berez zoladura desberdinak izatea. Gainera, seinale bertikalak jarri dituzte pasabide horietan.
Euria ari badu ezin dute margoketa-lanik egin, eta beraz, eguraldiak laguntzen badie eta astia badute, seinaleak margotuko dituzte autoak, motoak eta bizikletak aparkatzeko lekuetan, eta zamalanetarako eremuak ere margotuko dituzte, ostalaritzako eta merkataritzako salgaiak banatu ahal izateko. Halaber, zeharka aparkatzeko lekuak ere seinaleztatuko dituzte Katalunia kalean, aparkatze-sistema hobetze aldera. Desgaitasunen bat dutenendako gordetako 20 aparkaleku ere aldatuko dituzte, indarrean diren arauetara egokitzeko.
Aurreikusia dute, gainera, bidegurutzeetako bazterrak segurtatzeko lanak egitea, inork aparkatu ez dezan eta bidegurutzea osatzen duten bide guztiak ongi ikusten direla bermatzeko. Seinale horizontalak ere jarriko dituzte abiadura moteldu behar dela adierazteko, eta hala trafikoa baretzea lortu eta zenbait bizitegi-eremutan oinezkoendako segurtasuna handitzeko: marra hautsiak margotuko dituzte alboetan, oinezkoendako pasabide bat edo eremu arriskutsu bat dagoela adierazten baitute. Beste zenbait elementu ere jarri dituzte helburu hori betetzeko, hala nola abiadura-murriztaileak (kuxin berlindarrak).
Lan horiek alde batera utzita, Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuak Lezkairuko bizikletendako bideen sarean aldaketak egitea aztertuko du (bidegorrien antzekoak dira): bai seinaleztapena berritzea eta bai bizikletan ibiltzen direnendako babes-neurriak hartzea ere.