Enrique Maya Iruñeko alkateak eta hirian dauden hamaika entitateren ordezkariek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gorroto-egoerei aurre egiteko protokolo bat martxan jartzeko. Hitzarmena sinatu duten elkarte, kolektibo eta plataforma bakoitzak konpromisoa hartu du gorrotoa ekar dezaketen jarrera edo gertaera guztiak bildu eta aztertzeko, eta Udaltzaingoari jakinarazteko kaltetutakoek baimena ematen badute. Udalak, polizia beraren bitartez, kasua aztertuko du eta bertan gorroto-delitu bat existitzen dela sumatzen badu, dagozkion eginbideei hasiera emanen die.
Sinatutako lankidetza-hitzarmen horri esker, Iruñean jazotako eta gorabeheratzat eta balizko gorroto-delitutzat jo daitezkeen gertaera guztiak bildu eta aztertuko dira. Horretaz arduratuko dira hitzarmena sinatzen duten hamaika entitateak: Secretariado Gitano, Iruñeko Komunitate Islamikoa, Iruña-Tutera Elizbarrutiko Caritas, SEI Elkartea, Gurutze Gorria, Munduko Medikuak, Kattalingorri, Nafarroako SOS Arrazakeria, Islamofobiaren aurkako herri-plataforma, XILEMA Fundazioa eta La Majarí, Nafarroako ijitoen elkartea. Gorroto-gorabehera edo -delituren bat antzemanez gero, horietako bakoitzak kaltetutako pertsonari jakinaraziko dizkio haren egoera bereziari aplikatzen ahal zaizkion aukerak eta eskuragarri dauden baliabideak. Hark ez badu autoritateen aurrean salaketa jarri nahi, entitateek datuak bildu, eta horiek partekatuko dituzte Jarraipen Batzordean, helburu estatistikoetarako eta datu pertsonalik eman gabe.
Kaltetutako pertsonak salaketa jarri nahi badu, eta betiere baimena ematen badu, gertakariari edo gertakariei buruzko datuak bilduko dira formulario batean, zeina ondoren Udaltzaingoari igorriko baitzaio hura aztertu eta analisia egin dezan. Behin analisia eginda, gorroto-delitua edo ordenamendu juridiko/administratiboa urratzen duten esparru horretako jokabideen delitua izan daitekeelako zantzurik badago, entitateari eta kaltetutako pertsonari jakinaraziko zaie, salaketa formalizatzeko, Udaltzaingoak lehenengo eginbideak egin ditzan. Hitzarmenaren bitartez formulario horiek bidaltzeko posta zehatza sortu da, pamplonafrentealodio@pamplona.es, eta baita errepositorio bat sarean ere, hitzarmen honen kideendako interesgarria den informazioa jasotzen duena. Aipatu formularioak men egin beharko dio Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren bermeei, eta beraz, formularioan emandako informazioa sarbide mugatukoa izanen da, kaltetutako pertsonak berariaz kontrakorik adierazi ez badu.
Udaletik koordinatutako ekintza dagozkion jarduketak bermatzeko
Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du sinatutako akordioaren bitartez jarraipen batzorde bat eratzeko, zeina gutxienez urtean behin bilduko baita eta Udaltzaingoaren komunitate-poliziaren unitateak koordinatuko baitu. Batzordearen eginkizunak hitzarmenaren jarraipena egitea eta beharrezkoa denean hura hobetzea izanen dira, eta entitate sinatzaile bakoitzaren ordezkari gisa solaskide bat egonen da. Aipatu batzorde horrek gertakari mota horiek ikusarazteko ekintza egokienak proposatuko ditu. Batzorde horren erantzukizuna izanen da gorroto-gorabehera edo -delituekin lotutako informazio hura jakinaraztea eta partekatzea, horren bidez alde guztien onura bilatzeko.
Hitzarmen hau Europar Batasuneko Eskubideak, Berdintasuna eta Herritarrak programaren barruan finantzatutako Europako CLARA proiektuan hautemandako beharren emaitza da. Proiektuak xede zuen tokiko agintarien eta Komunitateen gaitasunak hobetzea, gertaera arrazista zein xenofoboei eta gorroto-diskurtso zein -delituei aurrea hartzeko, horiek identifikatzeko eta horien aurka borrokatzeko. Delitu horien biktimen jarraipena egiteko eta horiek laguntzeko eredu batek osatzen du proiektua. Proiektu horren ondorioz, hauteman zen Iruñean gerta litezkeen gorroto-gorabehera eta/edo -delituak ahalik eta zehatzen ezagutzeko baliabide egokiak izateko beharra. Halaber, identifikatu zen Administrazioak eta hainbat komunitatek modu koordinatuan lan egiteko beharra, hirian jokabide horiek desagerrarazteko.