Udalak Labrit pilotalekua Nafarroako Pilota Federazioak kudeatzeko kontratua luzatu du maiatzaren 31ra arte, eta aurtengo erabilera-tarifak eguneratu ditu

Udalak Labrit pilotalekua Nafarroako Pilota Federazioak kudeatzeko kontratua luzatu du maiatzaren 31ra arte, eta aurtengo erabilera-tarifak eguneratu ditu
Prezio berriek % 1,3 egin dute gora, Foru Erkidegoan erregistratutako urte arteko KPIaren igoerarekin bat
frontón Labrit


Labrit pilotalekua Nafarroako Pilota Federazioak kudeatuko du datozen bost hilabeteetan, kudeaketa-kontratu berria eman bitartean, Iruñeko Udalak horrela erabakita. Luzapena maiatzaren 31ra artekoa izango da, betiere kudeaketa berria aurrez esleitzen ez bada. Udalak 73.083 euro bideratuko ditu kontratuaren luzapenerako eta trukean Federazioa udal instalazioaren kargu eginen da. Horrez gain, Tokiko Gobernu Batzarrak gune hori erabiltzeko tarifak eguneratzea erabaki du gaur eginiko batzarrean; igoera Nafarroako urte arteko KPIaren igoeraren parekoa izanen da, hots, % 1,3koa.
 

Horrela, espazioak alokatzeko prezio berriak ezarri dira, erabiltzaileak kirol entitateak edo herritarrak oro har diren bereiziz, eta erreserba kirol ekitaldietarako egiten den ala ez aintzat hartuz.  Iruñeko Udalak lehentasuna izaten jarraituko du erabilera-eskubideari dagokionez, eta prezio eguneratua orduko 8,41 eurokoa izanen da.  Aurten, egun osorako tarifa 116,6 eurokoa izanen da. Egun erdirako, aldiz, 57,79 euro ordaindu beharko dira.
 

Kirol entitateak badira frontoia alokatzeko eskaera egiten dutenak, prezioa aldatu eginen da entitate motaren arabera eta jokalariak profesionalak izan ala ez. Hori horrela, pilota-eskolek eta Nafarroako Teknifikazio Zentroak 12,61 euro ordaindu beharko dute orduko.  Iruñeko kirol taldeentzat orduko 13,68 eurokoa izanen da prezioa. Pilota profesionaleko entrenamenduetarako alokatzen denean, txapelketaz kanpo orduko 26,29 euroan finkatu da tarifa berria.  Azkenik, Labrit pilotalekua jaialdi profesionaletarako alokatzeak 788,16 euroko kostua izanen du.
 

Iruñean erroldatuta daudenek ere erabili ahal izanen dute pilotalekua, eskolek eta kirol taldeek erabiltzen ez dutenean.  Kasu horretan orduko 33,53 euroan egin ahal izanen da gunearen erreserba.
 

Kirol erabilerak alde batera utzita, esparrua beste jarduera eta ikuskizun batzuetarako ere alokatu ahal izanen da, betiere jendea bertaratuko dela ziurtatuta eta sarrerarik kobratu gabe. Mota horretako ikuskizunetarako prezioa 1.050,78 eurokoa izanen da. Gainera, muntatze- eta desmuntatze-lanetan emandako egun bakoitzeko 683,07 euro ordaindu beharko ditu enpresa edo entitate antolatzaileak. Hala ere, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrak azpimarratu nahi du kirolez kanpoko erabilerak ohiz kanpokoak izanen direla frontoiaren erabilerari dagokionez.
 

Nafarroako Pilota Federazioak kudeatua 
 

Euskal Pilotaren Nafarroako Federazioak 2014 urtean hartu zuen bere gain Labrit pilotalekuaren kudeaketa eta ustiapena.  Kontratuak 2014ko martxotik 2015eko abenduaren 31ra artekoa epea hartzen zuen. Hala ere, 4 luzapen egin ahal izanen zirela aurreikusi zen, azkena 2019ko urtarriletik abendura bitartekoa.  Epe hori iraganik, eta zerbitzuaren lizitazio berriaren deialdia behar den epean eta moduan egitea ezinezkoa zela ikusirik, Udalak “salbuespen gisa” kontratua bost hilabete luzatzea erabaki du pilotalekuan abian diren jarduera eta zerbitzuei jarraipena emate aldera kudeaketa berriz esleitu bitartean. Udalak abiatu ditu dagoeneko lizitazio berrirako izapideak, baina, zenbait inguruabar direla-eta ezin izan dira bururaino eraman.
 

Modu horretan, ikasturterako aurreikusitako jardueren egutegiari eutsi ahal izanen zaio, horien barnean Kirol Eskolen urtean urteko jardueren  programazioari, gaur egun 50 parte-hartzaile dituena, eta baita aurreikusitako erremonte eta pala jaialdiei ere. Luzapen honek bestalde aukera ematen die Nafarroako selekzioei euren entrenamenduak bertan egiten jarraitzeko nahiz GRAVNIren moduko txapelketetan parte hartzeko, zeinetan 55 bat hautatuk parte hartuko duten.

¿Te ha sido útil esta página?