Udalak kultura ezberdinen arteko elkarbizitzari buruzko inkestan parte hartzera animatzen du, zeina dagoeneko 700 pertsonak baino gehiagok bete baitute

Udalak kultura ezberdinen arteko elkarbizitzari buruzko inkestan parte hartzera animatzen du, zeina dagoeneko 700 pertsonak baino gehiagok bete baitute
Inkesta urriaren 29ra bitarte bete daiteke eta Udalaren helburua da adin, jatorri eta auzo ezberdinetako lagin zabala izatea
Cartel

 

Urriaren 29an amaituko da epea Iruñean bizi direnek hiriko bizitzari eta kulturarteko bizikidetzari buruz duten iritzia ezagutzeko Udalak prestatu duen inkesta betetzeko, Iruñeko gizartea osatzen duten kultura ezberdinen arteko bizikidetza maila eta haren kalitatea ezagutzeko diagnostikoaren parte gisa.

Inkesta 10 minututan erantzuten da, eta online, telefonoz edo aurrez aurre egin daiteke. Iruñean bizi diren nazioko edo nazioarteko edozein jatorritako 18 urtetik gorako pertsonek bete dezakete. Gaztelaniaz, euskaraz, ingelesaz eta frantsesez erantzuteko aukera dago.

Nola bete

Inkesta erabaki.pamplona.es webguneko esteka batean eskuragarri dago. Herritarren partaidetza ahalik eta gehien errazteko xedez, Udaleko Dinamizazio Zerbitzuak inkestari erantzun nahi diotenei telefonoz edo aurrez aurre laguntzen die. Aurrez aurre egin ahal izateko Zentrora jo dezakete (Kondestable Civivoxa, 2. solairua), 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, edo honako Civivox hauetara: Iturrama (astearte eta ostegunetan), Juslarrocha (astelehen eta asteazkenetan) eta Mendillorri (astearte eta ostegunetan), 16:00etatik 20:00etara bitarte. Halaber, inkesta 948420464 edo 948420266 telefonoetara deituta betetzen ahalko da.

Une hauetan, 700 pertsona baino gehiagok parte hartu dute ikerketan, baina Udalaren helburua ahalik eta erantzun gehien jasotzea da, emaitzak ahalik eta adierazgarrienak izate aldera. Eta Iruñeko biztanleriaren banaketaren arabera, adin, sexu, jatorri eta auzo desberdinetako pertsonen ahalik eta lagin zabalena izatea, horrela hiriaren egungo errealitatearen adierazgarri izan dadin.

Iruñeko Kultur Aniztasunaren eta Herritartasun Inklusiboaren Diagnostikoaren atal bat

Inkesta “Iruñeko Kultur Aniztasunaren eta Herritartasun Inklusiboaren Diagnostikoaren” parte da eta “Kultur Aniztasunari eta Herritartasun Inklusiboari buruzko I. Plana” idatzi aurreko pausoetako bat, zeina 2022ko bigarren seihilekoaren inguruan egina egonen baita. Agiri horrek kultura aniztasunean aurrera egin eta hobetu ahal izateko ekintza eta proposamenak jasoko ditu. Hiriko kultur aniztasuna landu eta sustatzeko plan bat izanen da eta herritar guztiei zuzenduta egonen da.

Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorrak sustatutako ikerketa irailean abiatu zen hiriko hainbat kolektibo eta elkartetako lagunek osatutako partaidetza-lantegi sorta batekin. Lan hori genero-ikuspegiarekin eta ikuspegi intersekzionalarekin egiten ari da, erantzunak parte-hartzaileen sexuaren eta jatorriaren arabera aztertuz. Modu horretan bermatzen da Iruñeko kultur aniztasuna osatzen duten pertsonen, eragileen eta kolektiboen iritzien, kezken, premien, itxaropenen eta zalantzen aniztasunaren ikuspegi zabala jasotzea.

Inkesta anonimoa da eta informazioa konfidentzialtasunez erabiliko da

Inkesta erabat anonimoa da eta emandako informazioa konfidentzialtasunez erabiliko dute Alorrak eta Equala Iniciativas aholkularitza enpresak, zeina diagnostikoaren laguntza teknikoaz arduratuko baita. Lanaren ikuspegiak oinarri ditu Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Antropologiako katedraduna den Carlos Giménez irakaslearen esparru kontzeptuala eta bere taldeak Kulturarteko Esku-hartze Komunitarioaren Proiektuaren bidez (ICI proiektua) 2010az geroztik egindako azterlanak.

Iruñeko Udalaren Erroldako datuen arabera, aurtengo apirilean, herritarren % 20,4 atzerrian jaioa da, hau da, 42.442 pertsona. Datuak % 7,9ko igoera adierazten du, 2020. urtearekin alderatuta, orduan ehunekoa % 18,9 baitzen. Sexuen arabera, % 53 emakumeak dira, eta % 47, gizonak. Jatorria kontuan hartuta, ia erdia Latinoamerikakoak dira, laurden bat Europako beste herrialdetakoak eta % 10 eskas bat Afrikakoak.

¿Te ha sido útil esta página?