Udalak kultur laguntzetarako deialdiak antolatu ditu irabazi asmorik gabeko entitateendako eta enpresendako, eta diru-zuzkidura %38 handitu du 2020ko urtarriletik

Udalak kultur laguntzetarako deialdiak antolatu ditu irabazi asmorik gabeko entitateendako eta enpresendako, eta diru-zuzkidura %38 handitu du 2020ko urtarriletik
Irabazi asmorik gabeko entitateendako deialdiak 390.000 euroko zuzkidura du eta enpresen deialdiak 100.000 eurokoa

Iruñeko Udalak proiektu eta jarduera kulturalak egiteko deialdiak berrantolatu ditu, bitan banatuz: bat, irabazi asmorik gabeko kultur entitateendako, 339.000 euroko zuzkidurarekin, eta bestea, enpresendako, 100.000 euroko aurrekontuarekin. Oinarriak onetsita eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko daude. Orduantxe aurkezten ahalko dira eskaerak, hilabete batez.

Kopuru horiei Nafarroako Gobernuaren menpeko entitateei zuzendutako 25.000 euro batu behar zaizkie, laguntza izendunak edukitzera igaro baitira; modu horretan, 2021eko ekitaldian, 515.000 euro zuzenduko dira kultur-ekimenetara, eta aurreko urtean, aldiz, 474.000 euro izan ziren, beraz, % 8ko gorakada izan da. Hazkundearen ehunekoa % 38ra arte iristen da, erreferentzia gisa hartuta 2020ko urtarrilean hasiera batean aurreikusitako 374.000 euroko zenbatekoa. Ekitaldi honen sustapen ekonomikoa Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren parte da.

Laguntza bultzada kultural eta artistikoari eta kulturaren-ekonomiari

Udalak baliotsutzat jotzen du hiriaren garapen kulturalari laguntzea, zuzenean garatu ezin dituen eta beste erakunde eta enpresa kultural batzuek egiten dituzten jarduerak diruz lagunduz. Horrela, kultura-ehunaren hazkuntza bultzatu nahi da interes orokorrekotzat jotzen diren eta Iruñeko herritarren bizi-kalitatean eragiten duten proiektuak lagunduz. Elkarte eta industria kulturalentzat oso garrantzitsua da administrazio publikoek diru-laguntzak ematea, proiektuak bermeaz egiteko behar diren diru-sarrerak osatu ahal izateko, espediente honen udal-txosten teknikoak jasotzen duen moduan.

Deialdien helburua da proiektu eta ekimen kultural eta artistikoan garapena erraztea, hartara suspertuta tokiko kulturaren sorkuntza, ekoizpena, hedapena, kontserbazioa eta kudeaketa, adierazpen askeaz eta aniztasunaz, eta herritarrei hurbiltzeaz gain. Baita kultura-langileen profesionalizazioa, artistak eta kultura-eragileak kudeatzeko eta proiektatzeko jardunbide egokiak, eta proiektu horiek sustatzen dituzten pertsonak eta entitateak kudeatzeko egiturak mantentzea, kulturaren ekonomia bultzatuz. 

36 elkartek eta enpresek laguntza jaso zuten iaz

Iaz deialdi bat onetsi zen, zeinean irabazi asmorik gabeko entitateak eta kultura jarduerak antolatzeko enpresak lehiatu baitziren. Aurrekontuaren 216.000 euroetatik, 165.000, irabazi asmorik gabeko entitateendako izan ziren, eta gainerako 70.000 euroak, enpresendako. 
Beste deialdian, urteko proiektuak zituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Nafarroako Gobernuaren menpeko entitateak lehiatu ziren. Kasu horretan, partida 258.000 eurokoa zen: lehenengoendako, 233.000 euro eta bigarrenendako, 25.000euro. Berrantolaketan kontuan hartu da NUPeko eta NICDOko proiektuak 2021eko aurrekontuan dirulaguntza izendunen barruan sartu direla. Zenbateko berriekin, enpresen laguntzen partida 30.000 euro handitu da.
Guztira, 36 elkartek eta enpresek jaso zuten Udalaren babes ekonomikoa, horrenbeste proiektuendako.

Deialdiak multzotan, proiektuen zenbatekoaren arabera

Deialdi bakoitza multzotan banatu da, proiektuen aurrekontuen eta jardueren arabera, kontuan hartuta aurreko lau urteetako datuen azterlan bat, tarteak eta emanen diren gehienezko kopuruak zehazteko. Horrela, udal- aurrekontuaren banaketa justuagoa eta bidezkoagoa lortzea da xedea. 
Irabazi asmorik gabeko entitateen deialdian, proiektuak modu honetan banatzen dira: 45.000 euroko dirulaguntza gehienez jaso dezaketen 90.000 euro baino gehiagoko proiektuak; 25.000 euroko gehienezko dirulaguntza duten 40.000 euro baino gehiagokoak, eta 8.000 euroko laguntza duten 40.000 euro baino gutxiagokoak.

Kultur industrien deialdian bi multzo ezarri dira. Bat, 60.000 euroko zuzkidurarekin, 40.000 euro baino gehiagoko aurrekontua duten proiektuendako, zeinek gehienez ere 18.000 euro jaso baitezakete. Bigarrena, 40.000 eurorekin, aurrekontu murriztuagoa dutenentzat, zeinek gehienez 6.000 euroko laguntza jaso dezaketen.

Diruz lagunduko diren jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Iruñeko ekintza kulturala eta artistikoa areagotzea, izaera kultural edo artistikoa izatea, irekiak izatea, herritarren parte-hartzea sustatzea, ahal delarik udalerrian gauzatzea eta Iruñeko Udalak finantzatzen dituen bestelako programetan sarturik ez egotea.

Aldaketak oinarrietan osasun egoerara moldatzeko

Antolamendu berriaz gain, iaz egin ziren hainbat aldaketa finkatu dira. Adibidez, gastuen justifikazioa aurkezteko epe bat gehitu da, urriaren amaieran, jarduketa bukatu duten entitateek ordainketaren bigarren partea lehenago kobratu ahal izateko. COVID-19ak sortutako egoera kontuan hartuta, zeinak kultura-jardueren garapenean eragin baitu, onartuko da, salbuespenez, zeharkako gastuak proiektuaren % 25 izatea eta justifikagarritzat onartuko dira alarma egoeraren ondorioz egin izan ezin diren jarduerei dagozkienak.

Berrikuntzen beste adibide bat balorazioa da, non puntuazioak doitu baitira sareen lanari eta publikoak erakartzeari balioa emateko eta Agenda 2030era eta Garapen Jasangarrirako Helburuetara (GJH) egokitzeko. Azkenik, 40.000 euro baino gehiagoko proiektuei ordainketaren % 100 aurreratu zaie (lehen 70.000 euro baino gehiagoko proiektuentzat besterik ez zen)


 

¿Te ha sido útil esta página?