Gizarte-enpleguak Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldearen bidez hiru gizon eta emakume bat kontratatu ditu ekainaren 17ra arte, Europako Parlamenturako ekainaren 9ko hauteskundeetarako hauteskunde-kolegioetan jarriko den materiala prestatzeko ardura har dezaten, eta hauteskunde-operatiboa muntatzen eta desmuntatzen laguntzeko. Kontratazioan, Udalak lehentasuna eman dio enplegagarritasun txikiko eta 55 urtetik gorako profilari, kotizazio hilabete horiei esker denbora kotizatua osatu ahal izan dezaten.
Apirilaren 8an ekin zioten lanari Arrotxapeko udal-lokal batzuetan, eta 10 astez hainbat eginkizunez arduratuko dira. Besteak beste, 242 hautestontzi konpondu, garbitu eta prezintatzea, herritarrek botoa eman dezaten. Hauteslekuetan pribatutasuna erdiesteko erabiltzen diren 120-130 kabinen egiturak errepasatu eta, behar izanez gero, konpondu ere eginen dituzte, baita 250 mahai inguru ere. Mahai horiek hauteskunde-zentroetara eramanen dira bozketa-guneak antolatzeko. Era berean, Gizarte Enpleguko Soldadurako Lantaldea 500 bat argibide-panel metaliko berrikusten ari da, bozketa-zentroetan informazio-euskarri gisa erabiltzeko.
Lan osagarri gisa, ekainaren 7an, ostiralarekin, langile horiek garbitutako materiala Nafarroako Gobernuaren mendeko eraikin edo instalazioetan gaitutako hauteskunde-kolegioetara eraman eta muntatzeko taldea indartuko dute, eta hauteskunde-gauean elementu horiek ikastetxe horietan bertan jasotzen parte hartuko dute.
Hitzordu horretarako aldaketa batzuk
Datozen hauteskundeetan, herritarrek 242 hauteskunde-mahaitan erabiltzen ahalko dute botoa emateko eskubidea, 2019ko Europako aurreko hauteskundeetan baino 37 gutxiagotan, hauteskunde horietan ere hauteskunde autonomikoak eta tokikoak baitziren.
Halaber, hauteskunde hauetarako hainbat aldaketa aurreikusten dira hauteskunde-kolegioetan. Alde batetik, Beloso ingurukoek Mendillorriko Elorri Ikastetxe Publikoan emanen dute botoa, Hegoalde Ikastolan bozkatu beharrean. Bestetik, Lezkairuko boto-emaileek Paderborn-Lezkairu Ikastetxe Publiko berrian eginen dute. Azkenik, hauteskunde hauetarako ez da Paderborn-Víctor Pradera Ikastetxe Publikoa zena erabiliko: bertako boto-emaileak Hegoalde Ikastolara joan beharko dute.
605/1999 Errege Dekretuak, apirilaren 16koak, hauteskunde-prozesuen arautze osagarriari buruzkoak, ezartzen du Espainiako Gobernuak –bere ordezkaritzen eta ordezkariordetzen bitartez– hautetsontziak eman behar dizkiela eskualdeko hauteskunde batzordeei. Eta haiei dagokiela horiek muntatu eta zigilatzea. Udaletako idazkariak eskualdeko hauteskunde batzordeen ordezkariak direnez, lan hori udalek egiten dute. Horregatik udalerrien ardura da hauteskundeetan erabiltzen diren hautetsontziak zaintzea.